euskaraespañol

Ekain Payán Ellacuria

SARS-CoV-2aren aurkako nahitaezko txertaketa: juridikoki posiblea, baina etikoki onargarria?

Zuzenbide Penaleko irakasle laguntzailea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/14

Ekain Payán Ellacuria
Ekain Payán Ellacuria. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Azken asteetan, entsegu klinikoen hirugarren fasean dauden COVID-19aren aurkako zenbait txertoren eraginkortasunari buruzko hainbat albiste pozgarri kaleratu dira bata bestearen atzetik. Horrek, Europako Batzordeari jarraituz, beren egoera klinikoa edo profesionala dela-eta Espainiara iritsiko diren lehenengo dosi baimenduak lehentasunez eskuratzeko aukera izango duten populazio taldeen inguruko txertaketa estrategia nazional bat diseinatzeko beharra bizkortu du.

CISen 2020ko azaroko barometroak erakusten duenez, espainiarren zati handi batek (% 47) mesfidantzaz hartzen du «txertoa prest dagoenean berehala txertatzea»; % 36,8k, berriz, egingo luke. Bestelakoa da haurren txertaketaren inguruko jarrera Espainian, % 95etik gora alde baitaude. Horrek emaitza txertoen aurkako mugimenduarekin ez lotzera bultzatzen du, nahiz eta helduen txertaketak babes txikiagoa izan.

Seguruenik, txertoak oso azkar garatu izana da horren atzean dagoen arrazoia. Espainiako Txertologia Elkartearen arabera, orain arte txerto berriak sortzeko epe laburrena lau urtekoa zen, baina oraingo epea pandemiak eragin duen ezohiko egoera eta aurretik egindako lan eskerga kontuan hartuta haztatu behar da. Herritarren erantzuna negatiboa izateak, nolanahi ere, behar den gutxieneko immunitate komunitarioa ez lortzea eragin dezake; adituen arabera, herritarren % 60 eta % 70 artean immunizatu beharko lirateke hori lortzeko, zehazki.

Badaezpada ere, ahots batzuek dagoeneko txertaketa nahitaezkoa izatea eskatu dute. Hain zuzen ere, laster, Galiziako Osasun Legean nahitaezkotasuna ezartzeko lege proposamen bat erregistratuko da. Proposamenean, larritasunaren arabera, sei ehun mila euro arteko isunak aurreikusiko dira. Baina ez du planteatzen txertoa beren borondatearen aurka jaso eta ondorio kaltegarriak dituztenei kalte-ordainik ematea, eta hori proportzionaltasun printzipioaren aurkakoa izan daiteke.

Legez behartu daiteke?

Nahitaezkotasuna ezartzea beharrezkoa da? Osasun Nazionalaren Oinarriei buruzko Legeak (1944ko azaroaren 25eko Legea), laugarren oinarrian, baztangaren eta difteriaren aurkako txertaketak “nahitaezkoak” zirela jasotzen zuen, eta “nahitaezkotasuna” infekzio tifikoen eta paratifikoen aurkako prebentziozko txertaketetara hedatzen zuen. Gainerako infekzioen kasuan, gomendagarriak zirela jasotzen zen eta, kasuan-kasuan, “osasun agintaritzek inposatuak”.

Indarrean dagoen apirilaren 24ko 22/1980 Legeak (Osasun Nazionalaren Oinarriei buruzko Legearen, 1944ko azaroaren 25ekoaren, IV. oinarria aldatzekoak), idazketa samurtu zuen. Artikulu bakarrean ziurtatzen duenez, Gobernuak baztangaren, difteriaren eta infekzio tifikoen eta paratifikoen aurkako txertaketak nahitaezkotzat jo “ahal izango ditu”. Era berean, gainerako infekzioen kasuan, 1944ko Legeko babesak bere horretan jarraitu du. Gaixotasun horiek kutsagarriak izateak nahitaez ezartzea babestu dezake antzeko kasuetan edo, gauza bera dena, analogikoki aplikatzea (Kode Zibileko 4.1 art.) birus oso kutsagarri bati aurre egiteko.

Era berean, Osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzko Legeak (apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoa) 3. artikuluan jasotzen duenez, “(…) osasun agintaritzak (…) beharrezkotzat jotzen direnak (…) onartu ahal izango ditu, arrisku transmitigarriaren kasuan”. Klausula horri jarraituz justifikatutzat jo daitezkeen ekintza eta neurrien zabaltasunak Osasuneko ministroari txertaketa dekretatzeko ahalmena eman liezaioke, onarpenik behar izan gabe, osasun publikoa arriskuan dagoela argudiatuz (azaroaren 14ko 41/2002 Legea, informazio eta dokumentazio klinikoaren arloan pazientearen autonomia eta eskubideak eta betebeharrak arautzen dituena, oinarrizkoa, 9.2.a) art.).

Hala ere, nahiz eta De la Matak azaldu duen bezala nahitaez aplikatzeko modua ere badagoen, 3/1986 Lege Organikoan onartutako eginbehar bat betetzeko, kontuan hartu behar da bai osotasun fisikoa, bai askatasuna Konstituzioan babestutako eskubideak direla (15. artikuluan eta 17.1 artikuluan, hurrenez hurren).

Txertatzera behartzea etikoa da?

Testuinguru horretan, honako galdera sortzen da: nahitaezkotasuna ezartzea etikoa da? Estatu sozial, demokratiko eta zuzenbidezko batean, ez dirudi, noski, aukera onena denik. Egia da beste alternatiba batzuk daudela, esaterako, txertaketa baldintzatua, zeinaren bidez eremu seguruak sortuko bailirateke eta beren borondatez txertatu direnei bakarrik utziko litzaiekeen horietara sartzea. Horrek txertatutakoei babestuta egotea bermatuko lieke, eta txertatu ez direnak txertatzera bultzatuko lituzke.

Baina txertaketa masiboa izatea bermatzeko formula arrakastatsuena herritarren konfiantza bereganatzea da, adibidez: gripearen aurkako txertoaren kasuan, 2020ko urrian kanpaina hasi zenetik eskaera handitu egin da. Populazio handiko hirietan agortu egin da txertoa, besteak beste, Leónen, Vigon, Zaragozan eta Madril hirian.

Konfiantza hori lortzeko, fase aurreratuan dauden txertoen aurretiko emaitzak ezagutu behar ditugu, aldizkari zientifikoetako argitalpenen bidez; Oxfordeko Unibertsitateak eta AstraZenecak, esaterako, berriki argitaratu dituzte, The Lanceten. Horri esker, arlo horretako aditu independenteek berrikusi ahal izango dituzte. Beste datu batzuen artean, boluntarioen profila zein izan den eta txertoa adineko pertsonen eta desgaitasuna duten pertsonen kasuan (mendekotasun handikoak edo ez) probatu den (eta, kasu horretan, zenbaterainoko arrakasta izan duen); alegia, lehenengo txertatuko diren lau taldeetako birenean.

Prozesu horiek Sendagaien Europako Agentziak egiaztatu behar ditu eta, egokia bada, balioztatu.

Administrazio eskudunei dagokie osasun hezkuntza zuzentzea (Espainiako Konstituzioaren 43.3 artikulua eta Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 6.2 artikulua) kontzientziatzeko kanpainak eginez, txertoen segurtasunari buruzkoak, lehenengo, eta horien eraginkortasunari buruzkoak, ondoren. Hori guztia, une bakoitzean dagoen ebidentzia zientifikoan oinarrituta, baita gardentasunean ere.

The Conversation