euskaraespañol

LanLab, Euskadi Lan Txostenaren bertsio berriaren aurkezpena

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/16

Irudia

Susperraldia eta gero, lehen aldiz, parekatu egin da Euskadin epe luze eta laburreko langabetu kopurua

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta ISEAK fundazioak prentsaurrekoan aurkeztu dute eguneratutako Euskadi Lan Txostena, hemendik aurrera LanLab bezala ezagutuko dena.  Plataforma dinamiko bat da, non zehaztasun handiarekin ikus daitezkeen enpleguari/langabeziari dagozkion datuak (generoa, adina, kontratu mota…).

UPV/EHUko katedradun eta ISEAK-eko zuzendari Sara de la Ricak tresna berria aurkeztuko du prentsaurrekoan. “Lan arloko egoera zehaztasun handiagoarekin, dinamikoago eta interesgarriago  erakutsiko du LanLab plataformak. Nire ustez Euskadi Lan Txostenaren aldean aurrerapauso handia dakar tresna berriak”, aurreratu du Sara de la Rica.

“Susperraldia eta gero lehen aldiz, epe luze eta laburreko langabetu kopurua parekatu egin da Euskadin. Horrek elementu oso positibo bat adierazten du, erlazio negatibo oso handia dagoelako langabeziaren iraupena eta lan bat aurkitzeko posibilitatearen artean”, azaldu du Sara de la Ricak, UPV/EHUko katedradun eta ISEAK-eko zuzendariak.

LanLab plataformako datuak:

2019ko apirilean Euskadik 963.092 afiliazio ditu Gizarte Segurantzan, azken lau urteotan 77.819 afiliazio igo dira. Igoera honetatik, %45 Bizkaian izan da, %35 Gipuzkoan eta %20 Araban.

Euskadin Gizarte Segurantzara afiliatuta dauden pertsonen erradiografia zehatz bat aurkezten du LanLab-ek, bai Euskadi osoan baita lurralde historiko bakoitzean ere. Gehienbat langileak afiliatuta daude erregimen orokorrera, sektore pribatuan lan egiten dute eta kontratu mugagabea dute. Demografikoki, gizon gehiago daude afiliatuta (batez ere Gipuzkoan) eta talde ohikoena 45 urte baino gehiagoko lagunena da (Araban gutxien).

Euskadin lanpostu gehien duten jarduera sektoreak administrazioa, manufaktura eta merkataritza dira

Euskadin lanpostu gehien duten jarduera sektoreak administrazioa, manufaktura eta merkataritza dira, enplegu guztiaren %47. Lurraldeka, Araban eta Gipuzkoan manufakturak pisu gehiago dauka Bizkaian baino (eta administrazioaren pisu antzekoa), baina lurralde arteko joera bateratzen doa. Aitzitik, Bizkaian merkataritzak Araban eta Gipuzkoan baina pisu handiagoa du.

LanLab plataformaren beste berrikuntza bat hainbat kolektiboentzako afiliazioen urte arteko bariazioen lurralde arteko konparaketa egiten duela da. Hala, enplegua hiru lurraldeetan hazten ari den arren, Araban aldaketak askoz handiagoak dira Bizkaian eta Gipuzkoan baino, batez ere gizonengan. Gainera, kontratu mugagabeak hazten ari dira hiru lurraldeetan, baina batez ere Gipuzkoan (%5 urtetik urterako ), gero Araban (%4) eta azkenik Bizkaia(%3).

Langabetuen ezaugarriei dagokienez, prestaziorik jasotzen ez dutenak dira nagusi, hezkuntza maila oinarrizkoa dutenak, 45 urtez gorakoak eta emakumeak gizonen aurretik.

Bestalde, LanLab-ek Lanbiden erregistratuta dauden langabetuen erradiografia egiten du, 2019ko apirilean 115.643ra heldu direlarik. Honek %10,7ko langabezia adierazlea ematen du. Lurraldeka, adierazle hau Gipuzkoan da txikiena (%8,6) eta handiena Bizkaian (12,1%, Arabako adierazleak Euskadiko bataz bestekoarekin bat dator (10,8%). Langabetuen ezaugarriei dagokienez, prestaziorik jasotzen ez dutenak dira nagusi, hezkuntza maila oinarrizkoa dutenak, 45 urtez gorakoak eta emakumeak gizonen aurretik.

Langabeziaren bilakaerari dagokionez, susperraldiaren hasieratik beherakada nabari bat agertzen da. Jaitsiera hau nabariagoa da gizonengan emakumeengan baino; honek genero arrakalaren areagotzea dakar langabetuengan, batez ere Araban. Adinaren arabera, langabetu kopurua jaisten doa batez ere 30-45 urte bitartekoengan; honen azalpena segmentu hau adin segmentu handiena delako izan daiteke. Patroi hau hiru lurraldetan errepikatzen da. Azkenik, eta lehen aldiz susperraldia eta gero, Euskadin epe luze eta motzeko langabetu kopurua parekatu egiten da. Gipuzkoa nabaritzen da, aldiz, lurralde honetan epe motzeko langabetuen taldea kronifikatutako taldearen gainetik dagoelako.