Gaixotasun erreumatikoak, Izotz Aro Txikian bizirautearen kostua

Europako populazioan profil genetiko batek duen nagusitasunari buruz argibideak eman ditu UPV/EHUko Giza Biologia Ebolutiboa taldearen ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/26

Giza Biologia Ebolutiboko taldea. Arboretumean iaz egindako argazkia. Lehen ilaran, erdian Imanol Martín eta, bere esk, Concepción de la Rúa. Hirugarren ilaran, ezk, Montserrat Hervella. Argazkia: UPV/EHU

XIV. eta XIX. mendeen artean ezegonkortasun klimatikoko aldi bat izan zen, Izotz Aro Txikia izenekoa, eta Ipar hemisferioari eragin zion batik bat. Aldi horretan, ekaitz-jarduera handitu egin zen, eta tenperatura jaitsi. Tenperatura jaitsiera hori ez zen oso larria izan, 1 °C eta 2 °C artekoa, baina ondorio suntsitzaileak izan zituen. Aurreko mendeetako klima onbera, populazioaren hazkunde nabarmena eragin zuena, beste klima gogorrago batean bilakatu zen, uztak suntsitzea eta animalien heriotza eta, azken batean, gosea eragin zituena. Goseteekin populazioen osasuna ahuldu eta gaixotasunak zabaldu egin ziren. Nahikoa da XIV. mendean Europa suntsitu zuen izurri beltzaren pandemia gogoratzea, biztanleriaren heren bat inguru akabatu  zuena.

Eraginik izan al zuten klima-aldaketak eta horrek eragindako gaixotasunek giza genetikan? Gaur egungo Europako biztanlerian mitokondrioko DNAren leinua, hau da, ama-bidez transmititzen den material genetikoa, H da ohikoena. Zergatik?

Ereñozarreko San Migel Erdi Aroko aztarnategian, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Giza Biologia Ebolutiboko taldeak hura argitzeko balio dezaketen elementuak aurkitu ditu. Bizkaiko Busturialdea-Urdaibai eskualdeko nekropoli horretan, XIII. mendetik XVI. mendera bitartean, 163 gizabanako daude lurperatuta, eta horietatik % 73 H haplotaldekoak dira, gaur egun Europan dagoena baino kopuru handiagoa.

“Bibliografian jadanik adierazi zen mitokondrioko leinu batzuek lotura izan zezaketela zenbait gaixotasun-motarekin, eta, gainera, portaera bereizgarria izan zezaketela gaixotasun horien garapenari (edo beraien garapenari) dagokionez”, azaldu du Imanol Martinek, ikerketaren egileak; ikerketa hau doktore-tesiaren barruan egiten ari da. Hala, J eta T haplotaldeek osteoartritisaren aurrean babestuko lukete, eta H haplotaldeak, berriz, gaixotasun erreumatikoak garatzeko arriskua handituko luke.

Beraz, UPV/EHUko ikertzaileek adierazpen erreumatikoak bilatu zituzten Ereñozarren lurperatutako 163 gizabanakoen eskeletoetan, eta 47 eskeletotan aurkitu zituzten. Gaixotasun erreumatikoek hezur-zeinuak utz ditzaten denbora igaro behar denez, nekropoliko 45 urtetik gorako beste 43 pertsona helduen aztarnak ere aukeratu ziren kontrol-talde gisa, non mitokondrioko leinuen azterketa ere egin baitzen. “H haplotaldea ohikoagoa izan zen erreuma-adierazpenak zituzten pertsonen artean kontrol-taldean baino, eta, aldi berean, mitokondrioko haplotalde hori izan zen ohikoena espondiloartritisak (artikulazioetako gaixotasun erreumatikoen eta hanturazkoen taldea) eragindako gizabanakoen artean”, gehitu du Martinek.

Azken finean, ikerketak berretsi egiten du gaixotasun erreumatikoen eta H haplotaldearen arteko erlazioa, eta Europako populazioan haplotalde horren maiztasun handiari buruzko arrastoak ere ematen ditu: “Elikagai eskasia zegoen garai hartan, H haplotaldeko indibiduoek abantaila selektiboa zuten beste haplotalde batzuekin alderatuta. Izan ere, H eraginkorragoa da dietatik energia lortzeko orduan”. Hala ere, eraginkortasun handiko metabolismo horrek oxigeno-espezie erreaktiboak ere sortzen ditu (erradikal askeak, oxigeno-ioiak...), eta disfuntzioa eta zelula-apoptosia eragiten ditu; horrek, epe luzera, kartilagoaren degradazioa eta gaixotasun erreumatikoak eragiten ditu. Biziraupenak beti du kostu bat.

Giza Biologia Ebolutiboa taldea

Imanol Martín (Bilbo, 1988ko irailak 2) Biologian graduatua da eta doktore-tesia aurkeztear da Concepción de la Rúa irakasleak zuzentzen duen Giza Biologia Ebolutiboa ikerketa-taldean. Gaur egungo giza populazioen dibertsitate biologikoaren kausen eta jatorriaren analisian oinarritzen den talde honek bi ikerketa-ildo garatzen ditu: batetik, paleogenomika, zeinak gizakiaren eboluzio-historia berreraikitzen baitu DNA zaharraren (DNAa) analisiaren bidez; eta, bestetik, eboluzio-interesa eta interes biomedikoa duten giza ezaugarri fenotipikoen azterketa eta horrek hautespen natural positiboan izan dezakeen eragina. Imanol Martinen tesia eta ikerketa lan hau bigarren ildo horretan kokatzen dira.

Erreferentzia bibliografikoa