euskaraespañol

Farmazialariak medikazio-akatsen eta preskripzio-desadostasunen zaindari

UPV/EHUko ikerketa batek dio medikazio-akatsak identifikatuz gero handitu egiten dela pazienteen segurtasuna, eta kostuak murriztu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/22

Irudia
Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko ikerlaria, Ainhoa Oñatibia

Pazienteen preskripzioetan izan daitezkeen akatsak eta desadostasunak detektatzeko zerbitzu batek zer eragin izan dezakeen ebaluatu dute UPV/EHUko ikerketa batean. Zerbitzuan, komunitateko farmazialariak eta lehen mailako arretako zerbitzuak aritu dira lankidetzan, eta, haren bidez, batez beste, medikamentu bat kendu zaie preskripziotik ikerketan parte hartu duten pazienteei. Horrek ondorio nabarmenak ditu pazientearen osasunean, osasun-sistemaren kostuetan eta ospitaleratzeen gutxitzean.

Askotan, pazienteek tratamendu aktiboaren orrian preskribatuta dauzkaten sendagaiak eta benetan hartzen dituzten sendagaiak ez datoz bat. Izan ere, “asko dira tratamendu aktiboaren orrian agertzen diren medikamentuak hartzen ez dituzten pazienteak, tratamendu aktiboaren orrian agertzen ez diren medikamentuak hartzen dituztenak, agindutako dosifikazio-pauta jarraitzen ez dutenak, agindutako posologia jarraitzen ez dutenak eta tratamendu bikoiztua dutenak”, dio Farmazia eta Elikagaien Zientziak Sailean egindako ikerketaren egileak, Ainhoa Oñatibiak. Horiei medikazio-akats edo -desadostasun esaten zaie.

Mundu mailan, medikazio-akatsak dira hamar heriotza-kausa nagusietako bat. Akats horiek arriskutsuak izan daitezke pazientearentzat, eta ospitaleratze-tasa, gaixotze-tasa eta heriotza-tasa handiekin lotuta daude. Osasun-gastu osoaren % 1 baino gehiago eragiten dute: kalkulatzen da Europako urteko kostua 4,5 mila milioi eurotik 21,8 mila milioi eurora bitartekoa dela. Medikazio-akatsek osasunean eta ekonomian eragiten duten inpaktua dela eta, Osasunaren Mundu Erakundeak berak medikazio-akatsak murriztea sartu du Pazientearen Segurtasunaren Erronka Globalean. Estatistikek erakusten dutenez, akats, istripu edo komunikazio-arazoen ondorioz sendagaiekin lotuta aurreikus daitezkeen kalteen maiztasuna eta inpaktua murriztuz, 95.000 heriotza gutxiago izango lirateke urtean Europan.

Farmazialariak saltzaile huts baino gehiago

Bidasoko ESIarekin eta inguruko komunitate-farmaziekin lankidetzan, ikerketa bat jarri zuen martxan Ainhoa Oñatibia ikertzaileak: farmazietan hautematen zituzten medikazio-desadostasunak lehen arretako profesionalei jakinarazten zizkieten, haiek azter zitzaten. Zerbitzu horren bidez lortu zen ikerketan parte hartu zuten pazienteei batez beste medikamentu bat kentzea. “Polimedikatuta dauden pertsonei medikamentu bat kentzea oso garrantzitsua izan daiteke, frogatuta baitago tratamenduarekiko atxikidura hobetzen dela, eta, gainera, osasun-sistemaren kostua ere gutxitzen da”, dio Oñatibiak. Bestalde, “pazienteek botikak era egoki batean hartzen badituzte, zentzuzkoa da pentsatzea ospitaleratzeak eta larrialdietako artatzeak gutxitu egingo direla”, erantsi du. Emaitzak zenbatekoetara ekarriz, frogatu dute paziente bakoitzaren kostua 445 € inguru jaitsi dela.

Ikertzaileak adierazi du ikerketa zabaldu beharra dagoela. Izan ere, “Bidasoko eskualdea txikia da, eta paziente-kopurua ere ez da handia izan; beharrezkoa da toki handiagoetan probatzea”, adierazi du Oñatibiak. Gaur egun, zerbitzuaren protokoloa prestatzen ari dira, funtsezkoa baita hori ikerketa zabaldu ahal izateko. Nolanahi ere, “agerian geratu da komunitate-farmazialariak baliagarriak izan daitezkeela medikazio-akatsak detektatu eta ekiditeko. Komunitate-farmazialariak zerbitzuetara bideratzea da helburuetako bat. Hau da, ez bakarrik pazienteari medikamentuak helaraztea edo saltzea, baizik eta komunitate-farmazialariaren figurak nabarmendu egin behar du pixka bat rol horretatik”, iritzi dio ikertzaileak.

Informazio osagarria

Ikerketa hau Ainhoa Oñatibia Astibiaren doktoretza-tesiaren ataletako bat da. Begoña Calvo Hernáez UPV/EHUko Farmazia eta Farmazia Teknologiako katedradunaren eta Estibaliz Goyenechea Soto Gipuzkoako Sendagaigileen Elkargoko zuzendari teknikoaren zuzendaritzapean egin du tesia. Ikerketa hau Osakidetzako lehen mailako arretako farmazialariekin lankidetzan egin du. Gaur egun, Oñatibia Gipuzkoako Sendagaigileen Elkargoan ari da lanean.