euskaraespañol

Silvia Arribas García eta Joana Jaureguizar Alboniga-Mayor

Pertsonak superheroien atzean: COVID-19 eta errukiagatiko nekea

UPV/EHUren Psikodidaktika Programaren doktoregaia eta Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia Saileko irakaslea, hurrenez hurren

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/13

Irudia
Joana Jaureguizar Alboniga-Mayor eta Silvia Arribas García.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

«Bazter batean uzkurtu nintzen, negarrez, leher eginda, ezinean. Han geratu nintzen, lankide batek eztiki ukitu eta hau esan zidan arte: "Altxa. Zure beharra dugu". Eta berriro hasi nintzen. Malkoak lehortu nituen eta pentsatu nuen ni behintzat arratsalde hartan nire seme-alabekin itzuliko nintzela. Nire seme-alabengatik jarraitu behar nuen, guztiengatik».

 

1948. urtean, Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi zuen osasuna «erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialeko egoera» dela, «eta ez soilik gaixotasunik eza». Ikuspegi horretatik, pertsonei euren gaitasunak eta aukerak indartzea eta bizitza indibidual, sozial eta ekonomikoki produktiboa izatea ahalbidetzen dien baliabidetzat hartu izan da osasuna.

Gure asistentzia sistema, hain zuzen ere, ondasun hori mantentzeko edo berreskuratzeko jomugaz antolatuta dago eta, zoritxarrez, hondatzen edo galtzen denean baloratzera jo ohi dugu batez ere. Hori dela eta, gizarte eta asistentzia arloko profesionalak ezinbesteko bihurtu dira giza espeziearen biziraupenerako. Izan ere, kolapso garaietan superheroi bihurtutako profesionalak dira, arrisku global larriek –adibidez, gaur egungo pandemiak– erortzen, ahultzen edo abandonatzen uzten ez dien uneetan, hain zuzen.

 

Derrigorrezko erresistentzia

Zalantzarik gabe, COVID-19a asistentzia sistema baino askoz ere gehiago ari da probatzen. Gizarte gisa ditugun baliabideak, gure politikak eta balioak, gure elkartasuna eta gure indar kolektiboa ari da probatzen. Baina, beste ezer baino gehiago, gure energia indibiduala ari da neurtzen, irauteko dugun gaitasuna, azken asteotan terrazetan eta balkoietan gehien entzun den abestiak dioen bezala.

Noraino iristen dira babes jantziak daramatzaten superheroi horien indarrak? Zaintzea ez da beti erraza, eta are gutxiago ziurgabetasun garaietan, etengabeko aldaketen garaietan; halako egoerak bultzatuta, behin eta berriz berrasmatu behar dugu geure burua, baliabide gutxi ditugulako. Gogorra da gaixoei begiratzea, haien larritasuna sentitzea, beldurra haztatzea, konfinamenduak eta isolamenduak ezarritako absentziekin bizitzea, egin nahi izatea eta ez beti ahal izatea.

Halako egoera batean, zimendurik sendoenak ere kolokan daude. Beraz, aurreikustekoa da profesionalen artean errukiagatiko nekearen sintomak agertzen hastea. Termino hori Carla Joinsonek sortu zuen 1992an, burnoutari (langile errearen sindromeari) buruzko ikerketa interesgarri baten testuinguruan.

1995ean, Charles Figleyk akidura fisiko eta emozionaleko egoera gisa definitu zuen, luzaroan erruki estresaren eraginpean egotearen ondorio zuzena, hau da, beste pertsona batzuen sufrimendua arindu behar pertsonalak eragindako ondorioa. Horrela, errukiak eragindako nekeak eta errukiak eragindako asebetetzeak, biek batera, Bizitza Profesionalaren Kalitate ereduaren oinarria osatzen dute. Eredu hori laguntza harreman bat ezartzeko eginkizuna biltzen duten lanbideak dituzten pertsonei soilik aplika dakieke.

Kontzeptuak lotura zuzena du enpatizatzeko, besteen emozioak identifikatzeko, emozio horietara hurbiltzeko eta emozio horiekin konektatzeko trebetasunarekin. Hala ere, ezbeharrei aurre egiteko gaitasun pertsonala murriztu egingo da asistentzia arrisku saihetsezin gisa bizitzen hasten bada (eta ez dugu ahaztu behar pertsona askok jarraitzea erabakitzen dutela, pilatutako nekea gorabehera, lanbidea bokaziozkoa delako eta betebehar morala dutela sentitzen dutelako). Gauzak okertu egingo dira distantzia emozionalaren babesa hausten bada, eta hori dela eta, profesionalek artatutako pertsonen, haien istorioen eta bizipenen «zatitxo» gehiegi eramango dituzte etxera.

Arazo horri denbora faktorea gaineratzen badiogu, alegia, profesionalak luzaroan eta sakonki izatea harreman sakona, profesionalak lanean jarritako energia handiagoa izan daiteke bere onera etortzeko eta lehengoratzeko gaitasuna baino; horrela, autobabeserako eta aurre egiteko mekanismoak ahuldu egingo dira.

Orduan, portaera zeinuak eta sintomak ager litezke (hiperjagoletzaz erantzutea, gizarte herabetasunez jokatzea, elikadura jokabidearen asaldurak), baita emozionalak eta kognitiboak (hutsune sentsazioa, erruduntasuna, antsietatea, etsipena eta amorru eztanda gehiago izatea) eta fisikoak ere (tentsio muskularra, loaren asaldurak eta/edo urdail hesteetako asaldurak, etab.); halako arazoek garrantzizko zerbait ohartaraziko lukete: energia pertsonalaren gordailuak mugara iristen ari direla, hain zuzen.

 

Pertsonen boterea

Gaixoei zuzeneko arreta ematen diharduten profesionalek zerbait egin al dezakete COVID-19ak ezarri digun erronka handi hau jasateko eta, gainera, hartatik indartuta irteteko? Erantzuna irmoa da. Bai horixe!

Profesional jakin baten esperientziak neurri handi batean baldintzatzen du profesional hark nola egiten dien aurren egoera txarrei. Pentsamendu negatiboak konpentsatuko dituzten pentsamendu positiboak sortzeko gai izatea, muturreko egoerei zentzua aurkitu ahal izatea, eta zaintza egoerak nork bere burua ezagutzeko erronka edo aukera gisa hautematea, zer baliabide dituzten eta zeintzuk indartu behar dituzten jakiteko aukera diren aldetik; hori guztia denboraz eta ahaleginez lortzen da.

Noizean behin gelditu eta nork bere buruarekin konektatzea, nork bere buruari modu atseginean, errukiorrean, maitasunez begiratzea; edozein unetan egin daiteke hori. Geure burua onartu behar dugu. Geure buruari lortu ez duguna barkatzea eta lortu dugunagatik txalotzea, asko baitira lorpenak, batzuetan oharkabean igarotzen badira ere.

Komeni da gelditzea eta egoera berriz bideratzea. Irribarre egitea, arazoak gorabehera. Garrantzitsua da ohartzea egoera zailetatik ez garela besterik gabe «lehengoratzen». Egoera zailek aldatu egiten gaituzte, eta horregatik dugu, hain zuzen, geure burua hobetzeko gaitasuna. Horixe da superheroien boterea. Horixe da pertsonen boterea.

The Conversation