euskaraespañol

Joana Jaureguizar Alboniga-Mayor eta Iratxe Redondo Rodríguez

Sare sozialak eta WhatsApp dira bikote nerabeen arteko abusu bide nagusiak

Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologia Saileko irakasleak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/08/18

Irudia
Joana Jaureguizar Alboniga-Mayor eta Iratxe Redondo Rodríguez. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Bikote barruko indarkeriaren fenomenoa arras ezaguna bada ere, hazkunde kezkagarria ikusi da gaur egun gero eta adin goiztiarragotan, eta nerabe bikoteen artean ere gertatzen da.

Era askotako erasoak daude (fisikoak, psikologikoak, sexualak...); ageriago edo esplizituagoak izan daitezke batzuk, eta gordeagoak dira beste batzuk, pairatzen dituztenentzat ere oharkabean igarotzeko modukoak.

Hala ere, Interneten eta teknologia berrien aurrerapen eta orokortzearekin batera, oraindik gutxi hitz egiten den indarkeria mota berri bat agertu zen indar handiz: bikote barruko ziberabusua.

Era horretako abusua denboran errepikatzen diren zenbait jokabide dira, sare sozialen eta mugikorraren bitartez bikotekidea kontrolatzea, haren izen ona lohitzea edo hari kalte egitea helburu dutenak.

Horren barruan askotariko jokabideak sartzen dira, hala nola sare sozialetan bikotekidea kontrolatu eta zelatatzea (adibidez, haren profila maiz bisitatuz, haren argazkiak edo egoera-eguneratzeak berrikusiz eta lagunek egiten dituzten iruzkinak irakurriz, bai eta jendaurrean edo modu pribatuan mehatxu edo irainak eginez, eta hari buruzko informazio negatiboa zabalduz, kalte egin nahian).

Gaur egun, tresna ugari erabil daitezke horrelako jokabideak izateko, hala nola telefono mugikorrak, mezularitza elektronikoa, web-kamerak eta GPS ekipamenduak, besteak beste, eta guztion eskura daude horrelakoak.

Mugarik gabe eta hautematen zaila

Gainera, oso zaila da era horretako indarkeria geldiaraztea. Teknologia berriek, dituzten ezaugarriak direla kausa, aukera ematen dute edonoiz eta edonon mezu bat idazteko, gailu batera konektatzeko edo, han edo hemen, klik bat egiteko, baita harremana amaitu ondoren ere.

Horri gehitu behar diogu mezu digitalak edo argazkiak betiko gelditzen direla hor, eta aise eta azkar zabaldu ahal direla. Ez da harritzekoa, horregatik, zenbait autorek muga espazio-tenporalik ez egotea aipatzea azaltzeko bikote barruko ziberabusuak zergatik eragiten dion biktimari depresio eta antsietate handiagoa beste offline indarkeria mota batzuek baino.

Bikote gazteen artean ziberabusua hautemateko zailtasunetako bat da haiek ere ez direla ohartzen era horretako indarkeriaren biktima direla.

Adibide gisa, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle batzuei labur-labur azaldu genienean zein diren era horretako indarkeriaren ezaugarri nagusiak, ikasle batek honako hau galdetu zuen: “Baina nire bikotekideak mugikorraren bidez ni kontrolatzea indarkeriatzat hartu ahal da?”.

Offline indarkeriarekin gertatzen den bezala, gerta liteke jokabide horiek pairatzen dituenak horrelakoak “maitasunaren adierazgarri” gisa justifikatzea.

Adibide gisa honako hauek aipa genitzake: dei ugari jasotzea bikotekidea non dagoen jakiteko, norberaren pasahitza ematea bikotekideak mezu pertsonaletarako eta profiletarako sarbidea izan dezan, eta bikotekidea mugikorraz geolokalizatzeko baimena ematea.

Uste dugun baino ohikoagoa

Ez da erraza ezagutzea era horretako indarkeriak gazteen artean zer-nolako eragina duen. Zientzia literaturan oso bestelako emaitzak aurkitzen ditugu datuak bildu eta aztertzeko moduagatik, erabilitako laginagatik, bai eta ziberabusua ulertzeko modu ezberdinen ondorioz ere.

Ikerketek diotenez, gazteen % 6 eta % 91 artean izaten da ziberabusu motaren bat. Nolanahi ere, garrantzitsua da jakitea zer ziberabusu mota gertatzen diren. EAEko unibertsitate ikasleekin egin genituen azterlan batean parte hartzaileen % 30k onartu zuten beren bikotekideak sareen eta mugikorraren bitartez kontrolatzen zituela eta haiek ere hura kontrolatzen zutela.

Horixe bera, kontrolatua izatea eta kontrolatzea. Azterlanetan ezaugarri hori maiz agertzen da: indarkeria norabide bikoa da. Horrek are zailago egiten du hautematea, nekez gaitzetsiko baitugu norberak ere bikotekidearen kontra darabilen jokabide hori.

Eragiten al die gehiago mutilei edo neskei?

Era horretako indarkerian ez dirudi genero ezberdintasunik dagoenik egileen eta biktimen artean. Hau da, mutilek zein neskek ziberabusua neurri berean egiten eta pairatzen dute. Nolanahi ere, batzuek zein besteek ez dutela berdin hartzen dirudi.

AEBko Bigarren Hezkuntzako ikasleekin eginiko azterlan batek jakinarazitakoaren arabera, neskek estres emozional handiagoa agertzen dute ziberabusu motaren bat sufritzen dutenean. Hala, neskek estres handiagoa sufritzen dute beren bikotekideak argazki konprometituren bat baimenik gabe argitaratzen duenean, edo sare sozialen bitartez mehatxu egiten dienean eta haiei buruzko zurrumurru faltsuak zabaltzen dituenean.

Mutilek, ordea, era horretako jokabideen aurrean, jarrera ezaxolatiagoa izaten dute edo bikotekideari erdeinua agertuz erantzuten dute.

Genero ezberdintasunak gorabehera, egia da gazteek asko sufritzen dutela ziberabusuaren ondorioz (antsietatea, depresioa, estresa, autoestimu txikia, substantzien kontsumoa...). Gainera, etorkizuneko indarkeriazko offline jokabideen aitzindari izan daitekeela egiaztatu da.

Hortaz, era horretako kontuei adin goiztiarretatik heltzen dieten prebentzio interbentzioak abian jartzea funtsezkoa izan daiteke etorkizuneko arazoak eragozteko. Eta horretan ari gara, izan ere, esaera zaharrak esaten duen bezala, honetan, beste gai batzuetan bezala, “hobe prebenitzea, damutzea baino”.

The Conversation