euskaraespañol

Lau hamarkada eta segi

Uda Ikastaroen 40. urteurrenaren ospakizunak akademiaren eta erakundeen ordezkaritza zabala bildu zuen Miramar Jauregian

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/10/07

Irudia
Uda Ikastaroen 40. urteurrena. Argazkia: Justy Garcia. Uda Ikastaroak

Miramar Jauregian atzo arratsaldean egindako ekitaldi batean, eta lehendakaria eta hainbat kargu instituzional eta akademiko bertan zirela, Euskal Herriko Unibertsitateak Uda Ikastaroen berrogei urteko jarduera ospatu zuen.

“UPV/EHUko Uda Ikastaroak ez dira gure erakundearen nortasun-ezaugarri sendoenetako bat bakarrik, baita gauza handiak ahalegin txiki askoren bidez nola egiten diren erakusten duen adibide emankor bat ere”, adierazi zuen Eva Ferreira errektoreak bere hitzaldian. Eta nola lagundu izan duten gizartearen aurrerabidean. “Kultura zientifiko zabala duen euskal gizartea eta ezagutzan oinarritutako hausnarketa sakona lortu nahi ditugu. Unibertsitateak eta gizarteak, ezagutzak eta kulturak elkarrekin egin behar dute aurrera, tandem banaezina eta ondo koipeztatua izan behar dute”, azpimarratu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak.

Itziar Alkortak, Uda ikastaroen egungo zuzendari akademikoak, hauxe esan zuen: “Lau hamarkada hauetan lagun izan ditugun balioek indarrean jarraitzen dute: irekiera-espiritua; hurbiltasuna, Udako Ikastaroak ikasiz gozatzeko eta gozatuz ikasteko, pandemian zehar ere mantendu den elkarbizitza-giroan; eta euskal kulturarekiko maitasuna, gure aurrekoak inspiratu zituena.

Ekitaldian, halaber, Uda Ikastaroen zuzendariak (Ricardo Echepare, José Luis de la Cuesta eta Carmen Agoués) omendu zituzten, denboran zehar jarduera hori kudeatu duten giza taldeen ordezkari gisa.

Goizean, Eva Ferreira errektorea, Itziar Alkorta ikastaroen egungo zuzendari akademikoa eta Arte Ederren Fakultateko irakasle Leire Fernandez bertan zirela, 40 urte hauetan uda ikastaroek izandako emaitzak; eta aldi berean, ‘Entre símbolos y palabras/Sinboloen eta hitzen artean’ liburua aurkeztu zen. Lanaren lau hamarkada horietako ibilbide luzea jasotzen duen liburua Leire Fernández eta Eduardo Herrerak egin dute. Herrera ere Diseinuko irakaslea da Arte Ederretako Fakultatean.

Lau hamarkada horiek UPV/EHUren Uda Ikastaroak parte-hartzaile kopuruari dagokionez Estatuko lehenak bezala kokatzeko balio izan dute. 3.627 jarduera antolatu dituzte UPV/EHUren Uda Ikastaroek 40 urte hauetan. 1982ko bederatzi ikasturteetatik azken edizioetako 200 ikasturteetara. 287.975 pertsonak parte hartu dute ikastaroetan: 255.777 ikaslek, 27.396 irakaslek eta jardueretako 4.802 zuzendarik.