euskaraespañol

Lehendakariak BCmaterials bikaintasuneko ikerketa zentroaren instalazio berriak bisitatu ditu Leioan

Leioako UPV/EHUren Zientzia Parkean kokatua, egoitza berriko instalazioetan hamar laborategi ezarri dira; 2 milioi euroko inbertsioa egin da bertan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/19

Irudia
BCMaterials ikerketa zentroak material berrien inguruan burutzen du bere ikerketa-lana. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Iñigo Urkullu lehendakariak, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorearekin eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin batera, BCMaterials - Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures bikaintasuneko ikerketa zentroa bisitatu du gaur goizean, Leioako UPV/EHUren Zientzia Parkean. Senentxu Lanceros-Mendez ikerguneko zuzendari zientifikoarekin batera, Lehendakariak, sailburuak eta errektoreak BERC ikergune honek (Basque Excellence Research Center) Euskadiko ikerketa eta unibertsitate-komunitateei eskaintzen dizkion baliabideak eta instalazioak ezagutu dituzte bertatik bertara, baita gaur egun eskuartean dituen ikerketa-proiektu nagusiak ere.

Ekitaldian parte-hartzaile izan dira, halaber, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Morais, BCMaterials-eko Patronatuko lehendakari gisa, eta Ikerbasque-ko zuzendari zientifiko Fernando Cossio ere, beste hainbat agintarirekin batera.

BCMaterials ikergunearen instalazio berriek 1.275 m²-ko azalera okupatzen dute parke horretako Martina Casiano eraikinaren hirugarren solairuan, Bizkaiko Campusaren Leioa-Erandio gunearen ondoan. Ikerketa zentroa Zientzia Parkean ezartzeko 2 milioi euroko inbertsioa egin da. Aurki zentro honen bigarren zabalkuntza-fasea amaituko da, eta aipatutako eraikinaren hirugarren solairu osoa hartuko du BCMaterials-ek.

Euskal unibertsitate-ekosistema

Leioako instalazio berri hauetan, BCMaterials ikerketa zentroak ekipamendu aurreratuenaz hornitutako hamar laborategi berri ditu. Guztien artean honako hauek azpimarratu behar dira:

  • Energiarako Materialen laborategiak. Bertan, baterientzako teknologia eta material berriak eta eguzki-zelulak garatzen dira.
  • Elektronikako eta Fabrikazio Gehigarriko laborategiak. Bertan, sentsoreak eta eragingailuak, elektronika malguko eta funtzio anitzeko osagaien inprimatze bidimentsional eta tridimentsionalerako materialak prestatzen dira.
  • Zeramikako eta Metalurgiako edo Sintesi Kimikoko laborategiak. Bertan, beste hainbat materien artean honako hauek prestatzen eta aztertzen dira: imanen fabrikazio iraunkorrerako aleazio berriak, metalen fabrikazio gehigarrirako material-hautsak, sentsoreentzako eta eragingailuentzako monokristalak, funtzio anitzeko material iraunkorrak, eta ingurumen-erremediaziorako edo nanomedikuntzarako nanopartikulak.

Datozen hilabeteetan, hedapenaren bigarren fasea amaitu ondoren, biomedikuntzarako materialak eta ingurunerako materialak lantzeko laborategiak ere izango ditu ikerguneak.

Instalazio berri hauetara mugitu arte, BCMaterials ikerguneko pertsonalak Zamudion eta Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean banatuta egiten zuen lan. Langile guztiak Zientzia Parkeko egoitzan lan egitera igaro direnean, ikergunearen operatibitatea handitu egin da. Gainera, euskal unibertsitate-ekosistemaren parte diren eta euren jarduera parke honetan bertan burutzen duten beste ikerketa-talde batzuekin harreman handiagoa dute. Era horretan, guztiekin sinergiak ezartzeko aukera dute; eta bereziki, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko UPV/EHUko taldeekin, eta Zientzia Parkean kokatuta dauden gainerako BERC zentroekin: Achucarro, Bioifisika Bizkaia eta BC3. Horiekin guztiekin sinergia handiagoak sortu ahal izango dituzte.

BCMaterials bikaintasuneko ikerguneak, gaur egun, 70 ikertzaile baino gehiago ditu. Horietatik 29 UPV/EHUko ikertzaile elkartuak dira; beste bederatzi, berriz, Ikerbasque-ko ikerketa-talentua erakarri eta atxikitzera bideratutako programen bidez kontratatutako ikertzaileak dira (5 Ikerbasque Research Professors eta 4 Ikerbasque Research Fellows).

“Material berriak bizitza hobe baterako”

Gaur egun, BCMaterials 25 ikerketa-proiektu baino gehiagotan ari da lanean —sei proiektu europar sartuta daude—, honako arlo hauetan: eguzki-energia bihurtzeko materialak, biomedikuntzarako elektrodoen garapena, fabrikazio gehigarrirako material aurreratuak eta funtzio anitzekoak, material kritikorik gabeko iman iraunkorrak, edo ingurumen-erremediaziorako materialak, besteak beste.

BCMaterials ikerguneak, bere egunerokotasunean, “Material berriak bizitza hobe baterako” eredua jarraitzen du, leman aipatzen den hitz bakoitza kontuan hartuz bere lanean: bai “material berriengatik” bai guztiontzako “bizitza hobe baten alde”, bikaintasun zientifikoaren eta teknologiaren bitartez.

2012an sortu zen, Eusko Jaurlaritzak, Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak eta UPV/EHUk sustatuta, Materialen, Aplikazioen eta Nanoegituren ikergune gisa. BCMaterials Hezkuntza Sailaren mende dauden 9 BERC (Basque Excellence Research Centers) zentrok osatutako sarean sartuta dago. Materialen sorkuntza berriari buruzko ezagutza sortzeko eginkizuna dauka, ezagutza hori gizartearen onurarako funtzio anitzeko gailu eta soluzio bihurtuz.

BCMaterials ikergunearen ikerketa-eginkizuna Euskadiko RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren lehentasunezko eremuetako batera zuzentzen da, etorkizuneko garapen teknologikoak konfiguratzea aurreikusten den esparrutarako material berrien inguruan:

  • Industria 4.0 eta Gauzen Interneterako kritikoak diren sentsoretarako eta eragingailutarako materialak.
  • Halaber, aplikazio biologiko eta biomediko aurreratutarako materialen inguruan ikertzen du.
  • Energiarako materialak, bai haiek sortzeko bai metatzeko.
  • Ingurumen-erremediaziorako materialak eta, ingurumen-ikuspegitik, funtzio anitzeko material iraunkor berriak sortzeko.

BCMaterials ikerguneak gizartearekiko erakusten duen konpromisoaren artean daude, ez bakarrik ikerketa, garapena eta teknologia transferitzea, baita oso talentu espezializatua sortzea ere, Euskadirentzako zientzialarien belaunaldi berriari formakuntza emanez. Horregatik, BERC ikergune honek material berritan goi-mailako graduondoko trebakuntza ere gauzatzen du, eta zentro eta enpresa nagusiekin diziplinarteko lankidetza sustatzen du, aurrerapen zientifiko eta teknologiko nagusiak bultzatzeko asmoz.