euskaraespañol

UPV/EHUKO BERDINTASUNEKO ZUZENDARIA

Leire Imaz: «Ordua da irakasgaietan generoa txertatzeko»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/04

Irudia
Leire Imaz. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Bihar ospatuko da UPV/EHUn hamaikagarren aldiz Emakumeen Nazioarteko Eguna. Ospakizunaren bezperan, Leire Imaz, Berdintasuneko zuzendaria, zuzendaritza sortu zenetik laugarren arduraduna, arlo horretan egon diren aurrerapenez eta aurrera begirako erronkez mintzatu zaigu.

Zer urrats eman dira unibertsitatean azkenengo urteotan berdintasunean aurrera egiteko?

Agintaldi honetan, ardatz ezberdinak jorratu ditugu:

Batetik, maila estrategikoa azpimarratuko nuke. Genero eta berdintasun politikak duela hamar urtetik ari gara modu sistematikoan bultzatzen UPV/EHUn; horretan unibertsitate aitzindaria izan gara. Ildo horretan, jarduera guztien oinarri den III Berdintasun Plana sortu eta onartu dugu, Unibertsitateko Plan Estrategikoa eta EHUagenda 2030 Iraunkortasunari ekin izenekoen aterkipean. Unibertsitateko kolektibo guztien ekarpenak jaso ditugu Plana egiteko, talde lana izan da. Genero politika ez da gurean inprobisatzen, egitasmo zabal baten katebegia da.

Berebiziko garrantzia eman diogu formakuntzari. 2018an ekin genion generoarekin zerikusia duten online ikastaroak egiteari. Ordura arte aurrez aurreko ikastaro eta mintegi ezberdinak antolatzen ziren, baina oso jende gutxik parte hartzen zuen. Formatua aldatu ondoren arrakasta erabatekoa izan da. Egunera arte 6.900 pertsonek, ikasleak nagusiki, parte hartu dute, baina irakasleak, ikertzaileak eta AZPkoak ere engaiatu dira. Jorratu diren gaiak Berdintasuna, Maskulinitate berriak, Hezkidetza, Hizkuntza Inklusiboa eta Sexu Dibertsitatea izan dira: elebitan eta dohainik eskaini dira. Aukera hau aprobetxatu nahi dut hau guztia aurrera eramateko Emakunderekin burutu dugun elkarlana azpimarratu eta eskertzeko.

Gure ustez, Unibertsitatea osatzen dugunon formakuntzak berebiziko garrantzia dauka. Batez ere, gure ikasleena. Aurrerapauso handia izan da online ikastaroak eskaintzea, ikasleek berdintasunari eta dibertsitateari buruz sakon hausnartu dezaten, errealitatea iraultzea, batez ere, euren esku egongo delako. Jakintza arlo guztietako ikasleak daude formakuntza hau jasotzen eta euren berdintasunarekiko jarrera birkokatzen. Apustu estrategikoa da, dudarik gabe. Hezkuntza eta gizarte konpromisoa uztartzekoa.

«Genero ikastaroak online bihurtu direnetik, 6.900 pertsonek parte hartu dute»

Genero indarkerien kontrako politika izan da, dudarik gabe, formakuntzarekin batera, gure ardatz nagusia. Jakina denez, prozesu parte hartzaile bat martxan jarri genuen 2017an eta, guztira, kolektibo ezberdinetako 300 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten behetik gorako protokoloaren eraikuntzan. Emaitza Genero indarkerien kontrako protokoloa izan da. Protokoloa aplikatuta, 45 kasutik gora eraman ditugu Zuzendaritzan, zerbitzu ezberdinekin elkarlanean (Segurtasun Zerbitzua, Arreta Psikologikorako Zerbitzua eta Prebentzio Zerbitzua). Horietatik erdia edo izan dira erasoa Unibertsitatean bertan jaso dutenena, beste erdiak erasoa Unibertsitatetik kanpo jasan du, UPV/EHUko kide ez den pertsona baten eskutik.

Protokoloa, kasuak ematen direnean azkar eta ziurtasunez esku hartzeko lanabesa da, pertsonaren zaintza zentroa duena; baina harekin batera sentsibilizazio lan mardula ekartzen du atzetik. Urtero egiten ditugu aurkezpenak campus eta zentroetan. Aurten, oraintxe bukatu berri ditugu eta 170 pertsona inguru hurbildu dira aurkezpen tailerretara. Zentroentzat, zehazki, tailer bat eskaintzen hasi gara eta zentro batzuek jada interesa erakutsi dute. AZPkoentzat ere, campusetan aurkezpen espezifikoak egingo ditugu. Protokoloaren kartel lehiaketaren bi edizio egin ditugu jada, parte hartze handiarekin, ikasleen aldetik.

Ahalduntzea helburu duen lan lerroarekin ere jarraitzen dugu. Akademe programaren bost edizio egin ditugu, guztira 175 emakume akademikok parte hartu dutelarik. Balorazioa oso positiboa izan da. Ez dakigu noraino eragiten diogun lidergoari eraginkortasunez, hau da, zaila da neurtzea programaren eraginez emakume akademikoak prestuago daudela ardura postuak betetzeko baina argi daukaguna da halako esku-hartzeek beti ematen dutela fruitua, modu batean edo bestean. Emeki emeki emakumeak hurbiltzen dira eta, amaitzean, liderrak izan daitezkeela argiago dute. Hori, berez, lorpena da, estereotipoak urratzen direlako.

Indartu programa ere bigarren edizioan dago orain. Indartu-n gure ikasle emakume gazteekin genero indarkerien prebentzioa eta lanketa jorratzen dugu. Osasun arloko ikasleekin ari gara bereziki lanean, arlo horretan generoarekin zerikusia duten arazoak oso gordinak direla detektatu dugulako.

Dibertsitatea ere bada gure Zuzendaritzatik bultzatu nahi dugun eremua. Sexu-genero sistemaren bitartasuna gainditu nahian gure barne-dokumentazioan hirugarren markadorea martxan jarri dugu, baita komun mistoak espazio komun guztietan jartzeko erronka ere. Online ikastaroa estreinatu berri dugu, otsailean. Arrakasta handia izan dugu izen emateetan.

Kontziliazioari dagokionez, urtero ateratzen dugun “Berdintasuna Zifretan” txostenak argi plazaratzen du oraindik ere, emakume akademikoek tesia irakurtzen dutenean askoz ere geldoago egiten dutela aurrera euren karrera akademikoan eta ardurazko postuetan, kontziliazioa dela eta. Zaintzak, oraindik ere, femeninoak dira. Eremu horretan bagabiltza lanean, zutabe berriak eraikitzen, sindikatuekin batera, Batzorde Intersektorialean. Laster UPV/EHUko lehenengo kontziliazio gida aurkeztuko dugu, kontziliazioa ahalbidetzen duten neurri berriak ere jasoko dituena.

Gure ustez, lan lerro bakar batekin ez da berdintasun falta, diskriminazioa edota emakumeen aurkako indarkeria bezalako arazoa konponduko baina aipatutakoen nahasketa inteligentea funtsezkoa da aurrera egiteko.

«Lan lerro bakar batekin ez da berdintasun falta konponduko»

Zeintzuk dira alderik handienak oraingo eta orain 20 urteko egoeraren artean Unibertsitatean?

Emakume askoz gutxiago heltzen ziren Unibertsitatera duela 20 urte. Emakume askoz gutxiago heltzen ziren doktore izatera eta ardura postuak edukitzera, duela bi hamarkada. Indarkeria kasuak ez ziren azaleratzen, isilpean geratzen ziren ia beti. Sexu-genero sistema bitarrak eraikitako rolak askoz ere bortitzago azaleratzen ziren, orduan. Konszientzia eta kontzientzia kolektiboa lausoagoa zen, mugimendu feministatik at: eskubide aldarrikapena ez zen hain ozena eta ez zegoen hain hedatua. Mugak argiago daude orain, baina lan handia dago egiteko. Bukaezina dela ematen du: lorpen bakoitzeko, oraindik ere makina bat etsipen. Nekagarria da oinarrizko eskubide honen etengabeko aldarrikapena; eta, mingarria, urrapena, milaka egoeratan.

Eta gaur egungo erronka nagusiak Unibertsitatean?

Aipatutakoez gain, nik generoaren ikuspegia titulazioetan eta irakasgaietan txertatzea dela esango nuke. Esan dudan bezala, generoarekin lotutako gaietan unibertsitate komunitateak oinarrizko ezagupen eta jarrerak bereganatzea funtsezkoa da, eta hortik etorri dira arestian aipatu dudan online eskaintzaren apustua. Jendearen erantzuna oso positiboa izan da eta horrek gaia garrantzizkoa eta interesekoa dela erakusten du. Hala bada, galdera honako hau da: nola txertatuko ditugu gai hauek ikasle guztiek ikasten dituzten irakasgaietan? Hor dago erronka: gai hauen ikaskuntza “normaldua” lortu behar dugu, ez ikastaro paraleloen bidezkoa soilik.

Norabide horretan I3 lab berrikuntza proiektuen deialdia zabaldu dugu, hain justu, generoarekin eta oro har iraunkortasunarekin lotutako gaiak irakasgaietan txertatzeko. Sentsibilizazio fasea gainditu behar dugula uste dut: bada garaia eraikuntza fase batean murgiltzeko. Ondo dago online ikastaro masiboak sortzea baina gure erronka nagusia berdintasuna eta dibertsitatea ikasgaietan sartzea da; graduetan, ikasleen egunerokoan, formakuntza horri derrigortasuna esleituz. Berdintasuna eta dibertsitatea ez dira, ez, norbanakoen iritzi kontu bat, giza eskubideak dira: bai ala bai errespetatu eta aldarrikatu beharrekoak. Sormen lan indartsua behar da, berez, olatu erraldoi hori eragiteko.

Lau urteko agintaldi hau bukatu aurretik zer helburu bete nahiko zenuke?

Orain arte aipatutako lan lerroak kontsolidatzeaz gain, agintaldia bukatzeko bi ekimen gehiago erein nahiko nituzke. Formakuntzaren eremuan, Genero indarkeriei buruzko online ikastaroa martxan jarri nahiko nuke, Emakunderekin elkarlanean, beste ikastaro guztiekin batera eta gure protokoloa osatuz, gure komunitatean derrigorrez landu behar den gaia dela baiteritzot.

Bestalde, Akademe programan parte hartu duten emakume akademikoak, etorkizunean parte hartuko dutenak eta, oro har, UPV/EHUko emakume akademikoak saretu ditzakeen blog bat sortu nahiko nuke, elkargune bat, sororidade gune bat.

Noiztik egiten da unibertsitatean martxoaren 8ko ekitaldi instituzionala?

Guk dauzkagun datuen arabera, Berdintasunerako Zuzendaritzak antolatutako ekitaldi instituzionala 2010etik egiten da, Zuzendaritza bera 2009ko uztailan sortu baitzen, zehazki. Aurten, beraz, 11. edizioa ospatuko da.

Zeintzuk izango dira aurtengo ekitaldiaren lerroak?

Ekitaldi hau urtero campus batean ospatzen da eta txandakatzen goaz egoitza. Iaz Bizkaian egin genuen, Zientzia Fakultatean. Aurten, Gipuzkoako Campusaren txanda da eta Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean egingo dugu, martxoaren 6an, ostirala, goizeko 11etan hasiz. Ekitaldia zentroko Berdintasun Batzordearekin batera antolatzen da.

Iazko ekitaldia gidalerro hartuta, aurten ere UPV/EHUko bost emakume omendu nahi izan ditugu. Bostak dira Gipuzkoako campusekoak. Bere karrera akademikoa edo ibilbide profesionala bukatu berri duten edo kontsolidatua duten emakumeak dira. Lau irakasle eta AZPko bat, hain zuzen. Euren kalitatea izan dugu oinarri, akademikoa, profesionala eta humanoa. Pertsona estimatuak dira euren zentroetan eta campusean. Jakintza arlo ezberdinetakoak. Erreferenteak, eurak guztiak, Unibertsitateko irakasle eta langile gazteentzat.

Ekitaldia Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren Arloko errektoreordearen eta errektore andrearen hitzekin hasiko da. Ondoren, mahai inguru bat egingo dugu emakume omenduekin. Bukatutakoan, emakume omenduek gure ikasle eta irakasle saridunei saria emango diete (Francisca Aculodi, Maria Goyri, Micaela Portilla, Genero Indarkerien kontrako Protokoaren kartel lehiaketa eta Martxoak 8ko kartel lehiaketari dagozkionak). Azkenik, antzerki bat egongo da.

Ikastegiko sarreran 'Ahalduntzerako Ibilbidea' erakusketa izango dugu ikusgai, emakumea eta desgaitasuna gaiaren ingurukoa. Erakusketa hau Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak antolatu du, FEKOORek (Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzailea) utzita eta ONCEk eta Bizkaiko Foru Aldundiak lagunduta.