euskaraespañol

Sendoa Ballesteros Peña

Zaintza ikusezinak: erizainak, COVID-19aren atzean

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle elkartua

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/28

Irudia
Sendoa Ballesteros. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Aurten, erizaintza modernoaren aitzindari Florence Nightingaleren jaiotzaren 200. urteurrena bete da. Efemeride horrekin bat, Osasunaren Mundu Erakundeak Erizainen eta Emaginen Nazioarteko Urtea izendatu du 2020a.

Ildo berean, osasun agentzia askok Nursing Now kanpainarekin bat egin dute; erizaintza diziplinaren ikusgaitasuna eta balioa sustatzeko eta haren lidergoa eta erabakietan parte hartzea indartzeko ekimen orokorrarekin.

Hala ere, horretarako programatutako ekintza eta jarduerak laster zapuztu dira, COVID-19aren pandemiaren bat-bateko agerpenak erizainak berriz ere borrokaren lehen lerrora eraman dituenean.

Erizainek gizartearekin duten konpromisoa eta haien gaikuntza teknikoa modu naturalean nabarmendu dira gaixotasunaren eraginak pairatu dituztenen artean. Baina komunikabideen fokuetatik eta mikrofonoetatik kanpo jarraitu dute.

Haien laneko konpetentzia esparrua edozein izanda ere, erizainek pertsonen eta komunitateen osasuna hobetzeko egiten duten ekarpena askotan aitortua izan da, baina gutxitan erakutsia.

Egunkari, eztabaida eta batzordeetan duten presentzia urriak hainbat alderdi garrantzitsu ikusezin egin ditzake, adibidez, zaintza. Izan ere, zaintzak, ukiezina izan arren, pertsonen ongizatean eta hobekuntzan laguntzen du, eremu fisikora zuzendutako ekintza tekniko hutsek bezainbeste edo gehiago.

Erizainak, NBE baten atzean

Osasungintzako profesionalen artean, erizaintzako taldeak hartzen du bere gain pazienteekiko karga eta harreman asistentzial handiena. Baina, 2020an, erizainen irudi soziala buzo zuri bat daraman figura bat izatera mugatu da. Norbera babesteko ekipamendua (NBE) ezinbesteko elementuetako bat izan da (urria, batzuetan) pazienteei asistentzia klinikoa emateko. Hala ere, baliabide gabezia ez da oztopoa izan sendatzeko konpromisoa, ahal izan denean, edo zaintzekoa, beti, bere egin zezaten.

Beharbada balentria horiek bultzatu dute osasungintzako langileak superheroiekin alderatzea; hurbilketa ez oso zuzena, ahaztu egiten duelako NBEaren atzean dagoen pertsonak edozein herritarrek bezalako beldurrak dituela.

Beraiek kutsatzeko edo maite dituzten pertsonak kutsatzeko beldurra. Beren komunitatearen beharren aurrean maila ez emateko beldurra. Haiengandik gehien espero denean akituta egon eta beren eginkizuna betetzeko gai ez izateko beldurra. NBEek erizainak birusetik urruntzen dituzte, baina baita gizartea erizainen malkoetatik ere (eta pazienteak haien irribarreetatik).

Erizainen Nazioarteko Batzordearen kalkuluen arabera, mundu osoan 1.500 erizain baino gehiago hil dira COVID-19aren ondorioz. Pandemiak Lehen Mundu Gerrak baino erizain gehiago eraman ditu.

Erizainak, telefonoaren atzean

Pandemiaren alderdi positiboetako bat lan eginkizun berriak garatzea izan da. Erizain komunitarioak arduratzen dira COVID-19aren kasuak kudeatzeaz («aztarnariak» deitzen zaie), orain arte paziente kronikoen kudeaketaren arloan zuten arduraren hedapen gisa.

Pandemiaren bilakaeran erabakigarria izaten ari da figura horren lana. Erizain anonimoak dira, eta telefono baten bitartez, erlojuaren kontra, pertsona kutsatuak eta haiekin harremanetan egondako jendea proaktiboki identifikatu eta haien jarraipena egiten dute. Prozesu horren diziplina anitzeko koordinazioaren efizientziak komunitatean agerraldiak kontrolatzea ekar dezake.

Erizainak, kontsultaren atzean

Osasun zentroek ere eraldaketa sakona izan dute pandemia garaian. Ohiko jarduerarekin jarraitzeaz gain, erizain komunitarioak pertsona kutsatuen jarraipena eta kontrola egiteaz (telefonoz edo aurrez aurre) arduratzen dira. Zeregin isila da, baina funtsezkoa pazienteen osasun zaintzan, aholkularitzan eta laguntzan. Haien rolak pertsona kalteberenengan (konfinatuak edo bakarrik bizi direnak) eragin zuzena du, baita komunitatean kutsadura geldiaraztean ere.

Baina, lehen mailako arretako erizainek oraindik erronka garrantzitsuena daukate aurrean: COVID-19aren aurkako etorkizuneko txertaketa kanpaina kudeatzea. Espainiako historian, herritarren % 100 urtebete baino gutxiagoan immunizatzea planteatu den lehenengo aldia da.

Erizainak, bulegoko mahai baten atzean

Baliabideak kudeatu, irakatsi eta ikertzeko eginkizuna alderdi asistentziala bezain garrantzitsua da COVID-19aren garaian, nahiz eta guztien artean ezezagunena den.

Bulego bateko mahaian, erizain kudeatzaileek, urgentziaz, profesionalak hautatu eta gaitutako espazio berriak materialez hornitu behar dituzte, berehalako beharrei aurre egiteko.

Aldi berean, erizain irakasle eta ikertzaileek elkarrekin lan egiten dute, kritikoen unitateak indartu edo estali ahal izango dituzten beste arlo batzuetako profesionalak gaitzeko prestakuntza plan espezifikoak garatzeko. Izan ere, zainketa intentsiboetako ohe batek edo arnasgailu batek ez dute askotarako balio horietaz arduratuko den erizainik ez badago.

Asistentzia, kudeaketa, irakaskuntza edo ikerketa: horiek dira XXI. mendeko erizainen konpetentziak. Pandemia honen konponketaren atzeko ezinbesteko pieza bat badira, zergatik ez komunikabideetako mikrofonoen atzean ere?

The Conversation