euskaraespañol

Uda Ikastaroak gizartearen erronkei erantzuteko eztabaidak jasoko dituen topagune izango dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/16

Irudia
Itziar Alkorta, Roberto Iñiguez de Onsoño, Cristina Uriarte eta Agustín Erkizia. Argazkia: UPV/EHU

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, Roberto Iñiguez de Onsoño IRIZAReko Pertsonaleko zuzendariak eta Itziar Alkorta UPV/EHUko Uda Ikastaroen zuzendariak XXXVIII. edizioa aurkeztu dute, maiatzaren 30ean hasi eta azarora arte iraungo duena.

Europako hauteskundeetarako hamar egun gelditzen direnean –Europar Batasunaren etorkizunari eta batasun hori amaitu nahi duten indarrek lortuko duten pisuari buruzko zalantzez beterikoak–, UPV/EHUko Uda Ikastaroek funtsezko gai hau planteatzen dute hainbat ikuspegitatik. Gaian adituak diren bi pertsona ezagun, Joseph. H.H. Weiler New York Universityko irakaslea eta Armin Von Bogdandy Heidelbergeko Max Planck Institute for Comparative Public Law and International Law-eko zuzendaria, solasean arituko dira “Europar Batasunaren etorkizuna. Erronkak” izeneko Uda Ikastaroan. Eleanor Sharpstonek, Erresuma Batuak Batasunaren Justizia Auzitegian abokatu nagusi izendatu duen lehenengo emakumeak, Brexit-aren ondorioei buruzko bere ikuspegia azalduko digu. Brexit-ak herritarrengan eta ekonomian izango dituen ondorioak xeheki aztertuko dira ere bigarren Ikastaro batean, irailean egingo dena, Erresuma Batuko hautagaiek beren eserlekuak hartuko dituzten edo ez jakingo dugunean. Populismo berriak sortu ondorengo Europako parlamentu berriaren osaera eta indar korrelazioa hirugarren Ikastaro baten ardatzak izango dira, Francisco Aldecoak zuzenduko duena, Europar Batasunaren eraikuntza aztertu duen adituetako bat eta Eurocampus Kultura Elkarteko kidea, zeinaren ustez Brexit-ak indartu egin baitu estatu kideen arteko kohesioa. Europako Kontseiluak, Batasunaren aurrekari eta giza eskubideen politiken bultzatzaileak, bere Ikastaroa izango du bere 70. urteurrenean.

Hauteskundeekin jarraituz, Eusko Legebiltzarrak babestutako ikastaroaren ardatza izango dira XXI. mendeko hauteskunde sistemak, eta gaiaz gehien dakien nazioarteko aditu handienetako bat etorriko da: Dieter Nohien Alemaniako Heidelbergeko Unibertsitateko irakasle eta Max Planck ikerketa sariduna.

Giza duintasuna eta arreta medikoa uztartu egiten dira bioetikaren ardatzean, “Bizitzaren amaieran dauden pertsonen eskubideak” ditugunean hizpide. Arartekoaren gidaritzapean, medikuntza aringarrian, psikologian, zuzenbidean eta bioetikan aditua den talde batek pertsonek bizitzaren amaieran dituzten eskubideak, autonomia eta duintasuna aztertuko dituzte, ondoan dituzten pertsonen errealitatea ahaztu gabe. Jakina denez, Angel Hernández María José Carrasco emaztea hiltzeaz akusatuta dago. Emakumeak esklerosi anitza pairatu zuen hiru hamarkadaz, eta fase terminalean zegoen. Gaia hizpide izan zen Espainiako azken hauteskunde orokorren kanpainako hiru egunetan, nahiz eta eguneroko errealitatea den profesional askorentzat.

Gure bizimodua hainbeste aldatu duen Big-Datak aukera berri ugari eskaintzen ditu osasunaren munduan. Dena dela, modu desegokian ere erabil daitezke. 4.0 industriari eta osasunari buruzko Ikastaro guztiz interesgarri batean, aukera horiek aztertuko dira, 3D inprimaketak eta terapia birsortzaileetan erabilitako zelulen eta ehunen bioinprimaketak zabaldu duten errealitatearekin batera.

191 aurrez aurreko jarduera

Ingurumenaren degradazioak, klima aldaketak eta jasangarritasunak sortzen duten kezka aztergai dugu duela urte batzuetatik hona UPV/EHUko Uda Ikastaroetan. Duela hamar egun, NBEk bultzatutako IPBES txostenak (Biodibertsitateari eta Zerbitzu Ekosistemikoei buruzko Gobernu arteko Plataforma) alerta piztu du mundu osoan. Milioi bat animalia eta landare espezie galtzeko zorian egongo dira datozen hamarkadetan. Hain zuzen, nazioarteko plataforma horren helburuetako bat da klima aldaketak sortzen dituen arazoez ohartaraztea mundu osoko herritarrak. Arlo honek hainbat Ikastaro izango ditu. Hain justu, horietako baten gaia izango da nola azaldu jendeari planetak dituen erronka handiak. IHOBE da ikastaroaren antolatzailea eta komunikazio errealista eta arduratsua bultzatzen saiatzen da, katastrofismoa bazter utzita. UPV/EHUko Udak Ikastaroak bat datoz konpromiso horrekin, eta argi ikus daiteke hori arazoa landuko duten 18 ikastaroetan.

Bestetik, Uda Ikastaroen edizio honek gure ingurune naturalari eta paisaiari erreparatuko die. Atzo bertan lehen prestakuntza Ikastaro bat amaitu zen, Urdaibaiko erreserbaren ondarearen gidari interpreteentzat. Azaroan, biosfera erreserben jasangarritasunerako ikerketa batzar bat egingo da, Urdaibaiko Ekoetxean, 2030 Jasangarritasun Agendari eginiko ekarpen gisa. Getxoko Punta Begoñako Galerien eta gure itsasaldi arteko arkeologiaren balioaz jabetuko gara.  Ohiko formatuarekin hautsiko duen Ikastaro batean, ikasleek Donibane Lohizune eta Donostia arteko ibilbideaz gozatuko dute, oinez, eta gogoeta egingo dute zahartzeak pertsonari dakarkion aukerari buruz.

UPV/EHUko Uda Ikastaroek gure geografian barrena bidaiatzen dute. “Uda Ikastaro Ibiltariak” edo “uik Ibiltariak” programa hogei bat hiri eta herritara helduko da. Adibidez, Bergaran –“Zientziaren Leku Historikoa”–, Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren nazioarteko urtea ospatuko dugu. Hain zuzen ere, herri horretan aurkitu zuten wolframioa Elhuyar anaiek, 1883an.

Uda Ikastaroek herritarrentzako jarduera irekiak antolatzen jarraitzen dute. Oraindik guztiz itxita ez badaude ere, aurrera dezakegu Ramon Saizarbitoria izango dela horietako batean protagonista, “Egunero hasten delako” nobelak 50 urte betetzen dituen honetan, eta Harkaitz Canok perfomance bat zuzenduko du, non tatuatzaile batek parte hartuko duen. Hezkuntza mundutik, Cesar Bona etorriko zaigu, munduko 50 irakasle onenen artean dagoena Global Teacher Prize-ren arabera. Neurogarapenaren nahasteez arituko da.

Inaugurazioa, ekainaren 19an

Uda Ikastaroen inaugurazio ofiziala ekainaren 19an izango da, Miramar Jauregian, Javier Aizpurua Iriazabal Materialen Fisikako Zentroko (CSIC - UPV/EHU) zuzendari eta ikertzaile ospetsuaren hitzaldiarekin. Hitzaldiaren izena oso iradokitzailea da: “Argia txiki bihurtzen denean”. Aizpuruaren aztergaia hauxe da: erantzun optikoa propietate teknologiko bereziki interesgarriak –hala nola termoterapiaren erabilera zelula kantzerigenoetan– dituzten nanopartikuletan.