euskaraespañol

María Puy Portillo Baquedano eta Saioa Gómez Zorita

Kolesterolerako pilulen albo ondorioak irudipen hutsa izan litezke

Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Nutrizioa eta Obesitatea taldeko ikertzaileak eta CIBEROBNeko kideak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2021/02/01

María Puy Portillo Baquedano y Saioa Gómez Zorita
María Puy Portillo Baquedano eta Saioa Gómez Zorita. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Estatinak odoleko kolesterol kontzentrazioa murrizteko erabiltzen den sendagaien multzoa dira. Izan ere, gibelean kolesterolaren sintesi endogenoa eragiten duen entzima nagusia inhibitzen dute (HMG-CoA erreduktasa).

Baiki, estatinak sendagai eraginkorrak dira gaixotasun kardiobaskularren eta zerebrobaskularren intzidentzia gutxiagotzeko, eta, oro har, tolerantzia ona dute. Nolanahi ere, batzuetan, beste sendagai batzuekin gertatzen den eran, nahi ez diren kontrako ondorioak agertzen dira. Tartean, idorreria, indigestioa (dispepsia) eta goragalea.

Hala ere, estatina bidezko tratamenduari loturiko konplikaziorik larriena muskuluetako sintomak dira, besteak beste, miopatia eta errabdomiolisia, paziente tratatuen % 5ean agertu ohi direnak. Kontrako ondorio horiek eragozpen handia izan daitezke pazienteek tratamendua betetzeko.

2014. urtean argitaratutako metaanalisi baten arabera, estatinen ondorio positiboak egiaztatuta zeuden plazeboa hartu zuen kontrol talde batekin egindako saiakuntzetan. Alabaina, txostenak zioenez, kontrako ondorioen gaineko informazio iturri gehienetan ezin zitekeen zehaztu aipatu ondorioa sendagaiari berari egotzi ahal zitzaion, edo kausa naturalei.

Lan horrek ondorioztatu zuen kontrako erreakzio gutxi batzuk besterik ez zirela gertatu estatinen eragin zuzenagatik (plazeboa hartzen zuen taldea kontuan hartuta egindako ikerlanetako emaitzak). Halaber, muskuluetako oinazearen gainean ñabardura bat egin zuen; ez zen sendagai dosi handirik behar oinazeok agertzeko, transaminasekin gertatzen denaz bestela (horiek ugaritzea ere eragiten du estatina bidezko tratamenduak).

Kontrako ondorioak sugestioagatik

Itxuraz, estatinei egozten zaizkien muskuluetako kontrako erreakzioetako batzuen iturria, neurri batean, nozebo efektua izan daiteke. Alegia, plazebo efektuaren kontrakoa.

Hau da, plazebo efektua tratamendurik jaso ez baina efektu positiboa sentitzean datza; aldiz, nozebo efektuan, tratamendurik jaso ez baina efektu negatiboa sentitzen da.

Plazebo efektuan, pazienteak tratamendua eraginkorra izango dela sinesteak pairatzen dituen sintomek onera egitea dakarte, nahiz eta aipatu tratamendua jaso ez. Kontrara, nozebo efektuan, pazienteak albo ondorioak nozituko ditu, tratamenduak horiexek eragingo dizkion ustea duelako, tratamendua egiatan hartzen ari dela sinetsita badago. Nahiz eta egiatan ez izan hala.

The Lancet aldizkarian argitaratu zen artikulu batean, ikertzaileak ohartu ziren medikuek eta pazienteek ez zekitenean pazienteak estatinak hartzen ari zirela edo hartzen ari ez zirela, ez zegoela alderik muskuluetako sintomatologian sendagai horiek hartzen zituzten edo hartzen ez zituzten pazienteen artean.

Ondoren, oraintsuko ikerlan batean ikusi da estatina bidezko tratamendua albo ondorioengatik eten duten pazienteen sintomen % 90 plazeboak eraginda zirela.

Ondorioz, egiaztatzen bada kontrako erreakzio muskularren kausa nozebo efektua dela, eta ez estatinak, oso azpimarratzekoa da osasungintzako langileek horren berri izateak pazienteak tratamenduari indar gehiagoz atxikitzea eta tratamenduak kalitate hobe izatea ekar dezakeela.

The Conversation