euskaraespañol

Lurraren Bidean, Euskal Herriko geologiara hurbiltzen gaituen dokumentala aurkeztuko du Aranzadik eta UPV/EHUk

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/01/24

Juantxo Aguirre, Mari Carmen Urbieta eta Arantza Aramburu
Juantxo Aguirre, Mari Carmen Urbieta eta Arantza Aramburu (Tere Ormazabal. UPV/EHU)

Lurraren bidean Aranzadi Zientzia Elkartearen eta UPV/EHUren gidaritzapean ekoiztu den dokumental dibulgatiboa da, Bizkaiko Foru Aldundia, Leioako Udala, Otxoa de Barandika Fundazioa eta EITBren kolaborazioarekin.

Urratsez-urrats, Euskal Herriko geologiak gordetzen dituen iraganeko pasarteak irakurriz, gure paisaia ulertzera lagunduko digun dokumental dibulgatiboa da Lurraren Bidean. Milioi urtetan zehar bidaiatuz, itsaso tropikaletik glaziarretara pasaz, itsas sakoneko eremuetatik laku ertzetara irristatuz, bizi gareneko lurrari argia emango dion ikus-entzunezkoa ekoiztu du ikertzaile eta kultur eragile anitzek osaturiko lantaldeak.

Azpiegitura zientifiko bihurtu den Kortesenabarri baserrian bildu dira gaur Mari Carmen Urbieta Leioako alkatea, Arantxa Aranburu EHUko geologia irakaslea eta Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusia dokumentalaren aurkezpen ekitaldia iragartzeko. Baserri horren baitan hainbat ikerketa-ildo bultzatzen dituzte Aranzadik eta EHUk elkarlanean: Kostaldeko geologia, Karstaren geologia eta Ornodunen paleontologia, besteak beste, eta toki paregabea da publiko euskaldun zabal bati gonbitea luzatzeko.

Ikus-entzunezkoa Kultur Leioan estreinatuko da otsailaren 1ean, 19:00etan, eta sarrera doakoa izango da. Hori gutxi balitz, bertaratzen diren guztiei dokumentalaren ale bat emango zaie, proiektuaren xedea ahalik eta jende gehienak ikustea eta ikastea baita; izan ere, proiektua Euskal Herriko ikastetxeen artean zabaltzen ari da, material didaktiko gisa erabili bailiteke.