euskaraespañol

Lydia Vázquez Europako Akademian sartu da

Frantses Filologiako irakaslea da erakunde horretan egongo den UPV/EHUko lehen emakumea

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/26

Irudia
Lydia Vázquez katedraduna Europako Akademian sartu da. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Frantses Filologiako katedradun Lidia Vázquez Jiménez Europako Akademian sartu den Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko lehen emakumea da. XVIII. mendeko literatura frantsesean (beste arte batzuekin alderatuta) eta literaturaren itzulpenean espezializatu zen, eta UPV/EHUn egin zuen doktoregoa, XVIII. mendeko literatura frantsesari buruzko tesi batekin. Gai hauei buruzko ikerketak egin ditu: literatura erotikoa, literatura eta generoa, literatura frankofono eta espainiarren harrera, eta literatura eta animaliak. UPV/EHUko Frantses Ikasketen Generoa ikertaldeko (gaztelaniazko siglengatik, GIGEF) ikertzaile nagusia da.

Literatura eta Antzerki Ikasketak (Literary and theatrical studies) ataleko kide izango da. Bertan parte hartzen dute mundu osoko literaturaren eta antzerkiaren teoriaren, historiaren eta praktiken arloko ikertzaileek; horietako batzuek ikerketa konparatiboa egiten dute, eta beste batzuek arreta ematen diete kultura eta hizkuntza berezitasunei dagozkien eskualde mailako, nazio mailako eta tokian tokiko ezaugarriei. Atal hori zabalik dago, halaber, testuinguru zabalagoen barruko gaietan espezializatuta dauden ikertzaileentzat. Testuinguru horietan, literatura ikasketak, testuak eta performanceak dira nagusi eta, aldi berean, beste diziplina batzuen bidez definituak izan daitezke; esate baterako, historia, bitartekoen azterketak, filosofia, filologia, artearen historia, musikologia eta soziologia.

Europako Akademia

Europako Akademiak Londresen du egoitza, eta bere xedea da bikaintasuna lortzea eta zabaltzea ezagutza eta aurrerapen zientifikoaren arloan, hala giza zientzien adarrean nola gizarte zientzien, osasunaren, zientzia esperimentalen edo teknologiaren esparruetan. Akademiaren helburu zehatzak dira Europan ikerketa sustatzea, nazioarteko erakundeei eta gobernuei zientziarekin lotutako aholkularitza ematea eta ikerketaren diziplinartekotasuna ahalbidetzea.

23 atal ditu: biologia molekularra, fisika, matematika, informatika, ingeniaritza, musika, historia, literatura, neurozientzia eta hizkuntzalaritza, besteak beste. 1998tik Cambridge University Press-ek argitaratzen duen aldizkari bat dauka, European Review izenekoa, eta biltzar bat egiten du urtean behin. Hurrengoa 2021eko urrian egitea aurreikusten da, eta bertan hartuko dute beren kargua kide berriek.