euskaraespañol

María Inés Dunisek eta María Vaquerok “Antonio Beristain” Ikerketa Biktimologikoaren IX. Saria ex aequo jaso dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/21

Irudia
Mª Inés Dunis Aldave eta María Vaquero Gil. Argazkia: UPV/EHU

Kriminologiaren Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak deitutako “Antonio Beristain” Ikerketa Biktimologikoaren IX. Saria banatu da, Antonio Beristain IX. Topaketaren esparruan. Edizio honetako saria ex aequo izan da María Inés Dunis Aldave (UPV/EHU) eta María Vaquero Gil (Miguel Hernández Unibertsitatea) graduondoko ikasleentzat. “Terrorismoaren biktimen ahotsak entzuten” lana egin du lehenak eta “Genero indarkeriaren ondorioz hildako emakumeen ondorengo adingabeen garrantzi biktimologikoaren alderdi juridikoak” bigarrenak.

Virginia Mayordomo Rodrigo 'Antonio Beristain' katedrako zuzendariak, Ignacio Subijana Zunzunegui, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko presidente eta Kriminologiaren Euskal Institutuaren ohorezko kideak eta MIren Artaraz Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak banatu dute saria.

María Inés Dunis Aldavek bere lanari buruz esan duenez: “Azken 50 urteetan hainbat erakundek erabili dute indarkeria terrorista Espainian eta, zehazki, Euskadin. Baina ETAk egin zituen atentatu gehien eta eragin zituen biktima gehien. 50 urte horietan, mehatxua etengabea zen: edozein momentutan egon zitekeen beste atentatu bat. Hori dela eta, orain dela urte batzuk ETAk hiltzeari utzi zionean, Euskadik beste errealitate bat ezagutu zuen, aurreko 50 urteetan bizi izan zuenaren oso bestelakoa. Gizartea lasai arnasten hasi da: jada ez dago denbora luzez eta pertsona askorentzako hain presente egon zen beldurra. Dena dela, basakeria horren zuzeneko eta zeharkako biktima ugari daude oraindik. Itxaropen handiko etorkizuna dute, baina baita zalantzatia ere. Nola eragingo die egoera berriak? Nolakoa izango da elkarbizitza hemendik aurrera? Zein izango da agertoki berria eta nork izango du hor tokia eta nola? Biktimek galderak, planak eta proposamenak egiteko ahotsa dute. Lan honetan, haien ahotsetako batzuk laburbildu dira, haien egoera eta itxaropenak ulertzeko”.

María Vaquero Gilek, bere aldetik, azpimarratu duenez, “lan hau genero indarkeriaren ondorioz hildakoen ondorengo adingabeen figurari buruzko ikerketa bat da. Helburu nagusia da umezurtzei eman dakiekeen kontsiderazio juridikoa zehazteko oinarriak ezartzea, haien amek jasandako indarkeriaren zuzeneko biktimak direnez gero. Horretarako, ondorengo adingabeen errealitate biktimologikoari buruzko erreferentzia esparru bat ezarriko da, bai eta oinarri arautzailea eta krimenaren ondoren dagozkien ondorio juridiko nagusiak ere. Jarraian, ondorengo adingabeak dituzten eta genero indarkeriaren ondorioz hil diren emakumeen kasuen lagin baten azterketa enpirikoa egingo da, Fiscal Soledad Cazorla Prieto Beka Funtsaren kalte erreparaziorako laguntzen onuradun diren familiak oinarri hartuta. Hartara, garrantzi biktimologikoko ezaugarri, faktore eta alderdi juridikoak azaldutako esparru teoriko eta arautzailearekin alderatu ahalko dira. Ondoren, oinarri teorikoa eta aztertutako laginetik lortutako emaitzak erabiliko dira adingabeek bizi duten biktimizazio prozesua eraiki eta analizatzeko. Azkenik, zenbait proposamen egingo dira, identifikatutako disfuntzio eta gabezia posibleak arintzen saiatzeko”.