euskaraespañol

UPV/EHUko Arkitektura Teknikoan titulatua eta MITeko ikertzailea

Maitane Iruretagoyena: «MIT Media Lab-ek ez du munduan parerik»

Bizitzeko eta lan egiteko eremuei lotutako proiektuetan eta bien arteko mugikortasun sistemetan jarduten da lanean

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/10

Irudia
Ezkerretik eskuinera: Maitane Iruretagoyena, Guadalupe Babio (City Sciece), Nicholas Negroponte, Elena Foster, Norman Foster, Kent Larson eta Luis Alonso (City Science).

Maitane Iruretagoyena Cascok arkitektura teknikoa ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, egungo Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, Donostian. Eraikuntza Jasangarria eta Eraginkortasun Energetikoa masterra eta eraikuntza enpresa batean etapa profesional bat egin ondoren, beka bat lortu zuen bere prestakuntzarekin Bostongo MIT Media Lab-en (Massachusetts) jarraitzeko. Orain ikertzaile kontratua egin diote ospe handiko zentro horretan.

 

Nola lortzen du UPV/EHUko ikasle ohi batek MITen lan egitea?

Nire ikasketak amaitu ondoren, obraburu lanak egin nituen eraikuntza enpresa batean.  Horren ondoren, “Connecting Talent Donostia Sustapena” beketako bat erdietsi nuen sei hilabeteko egonaldi bat egiteko MIT Media Lab-en, City Science taldean, hain zuzen ere. Orain ikertzaile gisa kontratatu naute proiektuekin jarraitzeko.

Zer ikertzen da City Science taldean?

Taldearen proposamena da estrategia eta teknologia berriak aurkitzea pertsonek bizi eta lan egiten duten tokiak eta konektatzen dituzten sistemak sortzeko, etorkizuneko erronka sakonei aurre egite aldera. Hiru ikerketa ildo ditugu: City Scope, plataforma bat non datuak simulatu eta bisualizatzen ditugun hiri plangintzan arazo eta erronken gainean erabakiak hartzea ahalbidetzeko; Changing Places, estrategia eskalagarriak diseinatzen dituena arkitektura robotikaren bidez gune hiperefizienteak sortzeko; eta, azkenik, Mobility on-demand-en helburua da hiriko mugikortasun erronkei aurre egitea, ibilgailuen ordez alternatiba osasuntsu eta iraunkor bat sustatuz. Andorra, Taipei, Shanghai, Toronto, Helsinki, Hanburgo edo Guadalajarako erakundeekin sortutako elkarlanei esker, hiriak hobeto ulertzen lagundu digu.

Zer lan mota egiten duzu City Science taldean?

Une honetantxe, hiru proiektutan dihardut buru-belarri. Horietako bat dugu ‘The Power of Without’ deritzona, zeinetan Kent Larson (City Science-ko zuzendaria), Nicholas Negroponte (MIT Media Lab-eko kofundatzailea), Norman Foster arkitekto eta taldeko beste bi kiderekin batera, mundu inguruko kokaleku ez-formalak ulertzen saiatzen gara haien garapenean eta autonomian laguntzen duten azpiegitura arinak diseinatze aldera. Hemen, MITen, gai horretaz masterreko ikasleei emango zaien eskolan ere esku hartuko dut, ikerketan lagunduko diguna. Eta, azkenik, sukaldearen erabilera etxe barruan ikertzen ari naiz, gure behar eta erabileretara egokitu eta eraldatu daitekeen “mikro” eskalako sukalde bat diseinatzeko.

Gure artean al dugu, jada, ideia horietakoren bat eguneroko bizitzan?

Duela urte batzuk star-up Ori Living-a sortu zen, altzari robotikoak diseinatzen lan egiten duena. Badugu, baita ere, PEV (Persuasive Electric Vehicle) izeneko bizikleta autonomo bat, Denso enpresarekin elkarlanean Taipei-n erabiltzen ari direna. Bestalde, Andorrarekin dugun lankidetzari esker, orain, Google Maps bidez, herrialdeko trafikoa zertan den kontsulta dezakezu.

Kolaboratu duzun beste proiekturik?

FEDA (Andorrako Indar Elektrikoak) eta OBSArekin (Andorrako Jasangarritasunaren Behatokia) kolaboratu dut, eraikinetako errendimendu energetikoa hobeto ulertu nahian, eta eredu teoriko bat sortzeko Escaldes  (Andorra) “zelula bizigarri”, efiziente eta iraunkorra izan dadin energiari dagokionez. Mexikora ere joan naiz Guadalajarako Unibertsitatearekin lan egiteko, eta hiri arazoak (segurtasuna eta informaltasuna), ulertu eta analizatzeko.

Mew Yorken aurkeztutako proiektu batean ere egon zara…

Bai, CityScope Cooper-Hewitt proiektuan lan egin nuen. Plataforma New Yorkeko Cooper-Hewitt Museoan erakusteko diseinatu zen, The road ahead: reimagine mobility’ erakusketan. Plataforman muturreko bi etorkizun erakusten dira. Batean mugikortasuna autonomoa eta partekatua da, eta, bestean, autonomoa eta pribatua. Hiri bateko egoera desberdinak elkarlanean esploratzea ahalbidetzen du, eta hiri horretan pertsonek eztabaidatu egin dezakete hiri ingurune batean inpaktua duten era askotariko emaitza, inplikazio eta erabaki potentzialen gainean.

Noiz ikusiko ditugu errealitate bihurtuta zientzia-fikzioa diruditen proposamen hauek?

Lanean ari garen proiektuetako asko ikerketa fasean daudenez, denbora luzeago behar dute. Proposamenetako asko edonoren esku daude, eta horiek izan lezaketen inpaktua ikusten eta analizatzen saiatzen ari gara. Esaterako, kotxe autonomoa funtzionamenduan da jadanik, baina jendea kontzientziatu nahi dugu autoa modu pribatuan edo partekatuan erabiltzeko aldeaz eta inpaktuaz.

Benetan interesgarri izan behar da “gizateriaren” etorkizuna “diseinatzen” den tokian lan egitea.

Guztiz ados. MIT Media Lab-ek ez du munduan parerik. Mundu osoko ikertzaileekin lan egitea, profil eta ezagutza desberdinak daudelarik, oso inspiratzaile eta motibatzailea da.