euskaraespañol

Elena Vecino Cordero eta Arantxa Acera Osa

Malkoek beren eginkizuna egiten ez dutenean: zer da begi lehorra eta nola tratatu liteke?

UPV/EHUko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/12/09

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Begian izpiren bat, erremina, gorritasuna, azkura, ikusmen lausotua edo fotofobia (begiak itxita eduki beharra) duzunaren irudipenarekin bazabiltza, begi lehorra izenaz ezagutzen den nahasmendua edukiko duzu ziurrenik. Eta ez zara bakarra: 50 urtetik gorako pertsonen (batez ere emakumeen) % 30 inguruk pairatzen dute hori; baina gazteak ere ez diren libratzen.

Gainera, sintomek okerrera egiten dute giro lehorretan eta telebista, ordenagailua, telefono mugikorra eta bestelako gailuen pantailei begira jartzen garenean. Hau da, gure bizimoduaren zati handi batean.

Ondoezak arintzea izaten da tratamenduaren helburua, malko artifizialak, antibiotikoak eta hanturaren aurkako agenteak edo immunoezabatzaileak erabiliz. Hala ere, urteak behar izaten dira sendatzeko, batez ere sintomak larriak badira. Izan ere, tratamenduaren gaur egungo ikuspegiak ez dira haren kausan oinarritzen, sintoma horiek arintzean baizik. Eta oso garrantzitsua da gaixotasunen jatorria ulertzea, sendatu ahal izateko.

Gure ikertaldeak ia 30 urte daramatza begi azaleko gorabeheren balizko kausak aztertzen.

Zergatik gertatzen da?

Begi lehorra malko eskasiagatik edo haiek kalitate txarrekoak direlako sortzen da. Malko bakoitzak osagai urtsu bat du, beste bat lipidoa (gantzatsua), eta hirugarren bat muzinak (korneara itsasten malkoari laguntzen dioten substantziak) dituena. Begi kliskak hiru osagai horiek begi azalean jartzen laguntzen du, osagai gantzatsua gainazalean gera dadin, eta hartara osagai urtsua lurrundu ez dadin.

Hainbat alteraziok erakar dezakete malkoaren kalitatea egokia ez izatea:

  1. Betazalaren barruan dauden meibomio guruinek gantzak jariatzearen alterazioa.
  2. Hormona alterazioak, esate baterako, menopausiakoak, andropausiakoak edo beste gaixotasun batzuetakoak.
  3. Nahasmendu neurologikoak, kornearekin edo lakrimalarekin konektatzen diren nerbioak falta direlako edo alteratu egin direlako, begi kliska edo malkoaren jario urtsua gutxiarazi dezaketenak.
  4. Nahasmendu immunologikoak, malko guruinetako zelula batzuek substantzia antiinflamatorioak askatzen baitituzte, korneako nerbio terminalak alteratu ditzaketenak. Horrek atzerarazi egiten du begi kliska, eta bide batez eragina du malkoaren antolamenduan begi azalean eta hura argitzean.

Malko guztiak ez dira berdinak

Kontuan izan behar da, bestalde, malko guztiak ez direla berdinak. Hotzak eragindakoak edo emoziozkoak (galtzen diren azkenak) diluituagoak egon ohi dira eta, beraz, denbora gutxiago irauten dute gure begietan. Hala ere, ikusmen organoa babesten eta ikusmena errazten digutenak konplexuak dira, eta oreka behar dute lehen aipatutako substantzien artean: ura, gantza eta muzinak.

Oso ohikoa da buxadura edo alterazioa meibomio guruinen funtzioan. Horrek esan nahi du begiak kliskatzen direnean, begiaren gainazalaren kanpoaldean dagoen gantz osagairik ez duela malkoak. Ondorioa da osagai urtsua lurrundu egiten dela, eta begi lehor ebaporatiboa deritzona sortzen digula.

Aldiz, ur osagaia jariatzean anomaliaren bat izanez gero, begi lehor akuodefizientea sortuko litzateke. Nolanahi ere, begi lehor guztietan nabarituko da deserosotasuna, kausak desberdinak izan arren.

Gure ikertaldea munduko lehena izan da malko kantitate txiki-txiki –begi lehor batetik lor daitekeena bezalakoak (3 eta 5 mikrolitro artean)– bateko lipidoak ateratzen eta aztertzen. Halaber, aitzindariak izan gara malkoetan dauden proteinak aztertzen, eta horietan gaixotasun neurodegeneratiboen biomarkatzaileak identifikatu ditugu. Malkoen osaera ezagutzeak begi lehorrean gertatzen dena ulertzen laguntzen digu.

Nola arindu edo sendatu daiteke?

Begi lehorra eragiten duen alterazio motaren araberakoa izan behar du tratamenduak. Adibidez, jatorria hanturazkoa balitz, sendagai immunoezabatzaileak agindu daitezke, demagun, ziklosporina edo kortikoideak. Begi lehor moderatuak malko artifizialekin edo begia bustitzeko substantziak askatzen dituzten txertaketa oftalmikoekin tratatu litezke.

Badira malkoen ekoizpena areagotzen laguntzen duten medikamentuak ere; baita malko hodiaren oklusio partziala bezalako prozedurak ere. Ukipen lente bereziak ere badaude, eskleralak esaterako, kornea babesteko eta hezetasuna atxikitzeko.

Hainbat aparaturekin meibomio guruinak berotzea onuragarria izango litzateke guruin horiek buxatuta dauden kasuetan. Eta begi deserosotasuna handia den egoeretan, serum autologoaren hemoderibatuekin egindako tratamenduek ez dute albo ondoriorik, eta begi azalera birsortzen laguntzen dute.

Gure ikertaldeak oso berriki bereizi du serum autologoaren (pazientearen odolarekin egindakoaren) osagai gantzatsua, oso emaitza onak ematen baititu horrek begi lehorraren tratamenduan. Osagai hori ezezaguna zen, eta etorkizunean malko artifizial eraginkorragoak diseinatzen lagun dezake, haiek begian luzaroago irauteko gai izan daitezen.

Medikuntza pertsonalizatua funtsezkoa da begi lehorraren kasuetan: gaixotasunaren kausen azterketa zehatza egin behar da paziente bakoitzari tratamendu egokia proposatzeko. Eta, zalantzarik gabe, begiaren hezetasuna mantentzen eta nahasmendu gogaikarri horri aurre egiten laguntzen duen zerbait da begi kliska.