euskaraespañol

Marcos Ubiriak irabazi du G9ko Unibertsitateen arteko IV. Hitzaldi Lehiaketa

'Suspentsoen' inguruko hitzaldirik onena eman du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/22

Irudia

Marcos Ubiriak, UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko bosgarren mailako ikasleak, G9ko Unibertsitateen arteko  IV. Hitzaldi Lehiaketa irabazi du. Iruñean izan da ekitaldia, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolaturik, eta «suspentsoen» inguruko hitzaldirik onena saritu da bertan. Bederatzi kidek osatutako epaimahaiak erabaki du Ubiriaren hitzaldia izan dela onena bederatzi unibertsitateetako ordezkariek emandakoen artetik. Bigarrena Errioxako unibertsitateko hizlaria izan da, eta hirugarrena, berriz, Nafarroako Unibertsitate Publikokoa. Hizlariek 48 ordu izan dituzte aipatutako gaiari buruzko bost minutuko hitzaldi bana idatzi eta buruz ikasteko, eta gero bakoitzak ikusleria kritiko baten aurrean aurkeztu behar izan du bere hitzaldia, kasu honetan Iruñeko Zentral kafetegiko ekitaldi aretoan.  

Hitzaldi lehiaketaren helburua da ikasleen artean hizlaritza bultzatzea eta informazioa bilatu, analizatu eta kasuan kasuko gaia buruz antolatzeko eta ahoz adierazteko trebetasunak sustatzea.

Gehienen ustez, aurtengo lehiaketaren maila orain arteko handienetakoa izan da.

Irabazi duen hizlariaren prestatzaileak izan dira José Ángel Tamayoren irakaslea, UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatekoa, eta Daniel de la Rosa ikaslea, Politika Zientzietakoa.

Bestalde, gaur, martxoak 22, osteguna, Unibertsitate arteko X. Eztabaida Ligako kanporaketa saioak egingo dira G9ko unibertsitateetako taldeen artean, eta bihar, martxoak 23, ostirala, finala jokatuko da Nafarroako Legebiltzarrean. Hau izango da gaia: erreformatu behar al da Espainiako Konstituzioa Estatuaren lurralde antolaketari dagokionez?

Aldeko eta kontrako jarrerak zozketaz erabakitzen dira saio bakoitzaren hasieran, eta, hortaz, talde biek bi jarrerak prestatu beharko dituzte. Talde bakoitzak lau hizlari ditu, eta kideok txandaka aritzen dira beren argudioak aletuz eta aurkariarenak deseginez. EpaimahaiakEpaimahaiak honako hauek baloratuko ditu: argudioen kalitatea, frogen zorroztasuna, ideien ordena, argitasuna, hizlariaren naturaltasuna, egiatasuna, hitzen eta keinuen adierazkortasuna, bizitasuna, begi kontaktua, hizkeraren egokitasuna, doinua, tinbrea, ahotsaren bolumenaren doiketa, eta, hitz batean, entzulea limurtzeko eta konbentzitzeko gaitasuna. Zigorrak ezarriko dira denborak ez errespetatzeagatik edo modu desegokian jokatzeagatik.

G9ko unibertsitate bakoitzak bere baitako liga edo txapelketaren bidez aukeratu du bera ordezkatuko duen taldea.