euskaraespañol

Ikerketa biomolekularreko aitzindaria

Margarita Salas: «Kalitateko ikerketa dugu, baina urria da kantitatez»

Gaur hil den zientzialariari Campusan 2015eko apirilaren 1ean egin genion elkarrizketa berreskuratu dugu

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/07

Irudia
Margarita Salas. Argazkia: Fernando Casabella. UPV/EHU

Margarita Salas (Canero, Asturias, 1938) zientzialariak arrakastaz betetako ibilbide luzea egin du, zati batean phi29 birus bakterianoa aztertzen emana. Itxurazko hauskortasuna segurtasun eta zorroztasun zientifiko bihurtzen da bera eta bere lantaldea phi29 polimerasaren patentea erregistratzera eraman zituzten ikerketak azaltzen hasten denean. Izan ere, patente horrek 6,6 milioi euro eman dizkio Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiari (CSIC), hots, royaltyen ondoriozko sarreren % 50. Baina Margarita Salasek eta bere taldeak erronka bila jarraitu zuten. "Polimerasa hobetzeko gai izango ote ginen galdetu genion geure buruari, baita lortu ere. Phi29 fagoaren DNA polimerasaren kimera sortu genuen, DNA molekula mailan anplifikatzea ahalbidetzen duena, eta arrakasta errepikatzea espero dugu", esan zuen ikertzaileak, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen ohorezko domina jaso ondoren, eskaini zuen hitzaldian. Margarita Salasekin hizketan aritu ginen, besteak beste, ikerketari buruz ("Kalitatekoa da, baina urria da kantitatez eta, aurrekontuari dagokionez, Europar Batasuneko azkenetakoak gara"), emakumeari eta zientziari buruz ("Etorkizun ez oso urrunean dagokion lekua beteko du"), eta bere ibilbideaz ere mintzatu ginen.

 

Margarita Salas ibilbide zientifiko luzea egin duen jarduneko ikertzailea da. Nolakoa izan da bide hori? Eta nolakoa da?

Bide luzea izan da eta ez da erraza izan hasieran. 1961. urtean hasi nuen doktorego tesia eta garai hartan ez zuten uste emakumeok ikertzeko balio genuenik; zaila izan zen hasieran. Gero, zorionez, Severo Ochoa ezagutu nuen eta berarekin lan egitera joan nintzen New Yorkera. Severo Ochoak pertsona gisa tratatu ninduen, emakume izatea alde batera utzita, hau da, ez nuen inolako diskriminaziorik sumatu emakume izateagatik.

Nola ikusten duzu emakumeen egoera ikerketan?

Emakumeek oraindik ez dute erdietsi dagokien lekua eta egia da orain gizon baino emakume gehiago daudela gure laborategietan doktorego tesia egiten. Uste dut, orain hasten diren emakume horiek guztiek aurrera jarraitzen badute, etorkizun ez oso urrunean bere gaitasunaren eta lanaren arabera dagokion lekua beteko duela emakumeak mundu zientifikoan. Hori uste eta espero dut.

Zer gomendio emango lizkieke Margarita Salasek ikertzen hasten diren emakume eta gizonei?

Beno, onartzen dut garai zailak direla eta gazteak aski gogogabetuta daudela, egoera ez baita erraza, etorkizuna ez dago batere garbi haientzat. Dena den, esango nieke ikerketa benetan interesatzen bazaie benetan ahalegintzeko eta gogo handiz lan egiteko, zeren egiaz hori bada nahi dutena, aurrera aterako baitira zailtasunak zailtasun.

Zein izango lirateke ikertzen lan egin nahi duen pertsona baten nolakotasunak?

Lan egiteko gaitasun handia, ardura eta ikertzeko gogo bizia izateaz gain, zorroztasun esperimental handia izan beharko luke. Nire maisu Severo Ochoak erakutsi zidan hori, oso zorrotz izan behar dela zientifikoki, esperimentalki. Gero, nolabaiteko irudimena izan behar da esperimentuak planifikatzeko, eta lortzen diren emaitzetatik ondorio egokiak atera behar dira. Hots, irudimena eta zorroztasuna uztartu beharra dago. Ezin da irudimena zorroztasun esperimentalik izan gabe askatu.

«Ezin da irudimena zorroztasun esperimentalik izan gabe askatu»

Eta zorroztasuna eta dibulgazioa bat datoz?

Bai, ez dute zertan bat etorri ez. Uste dut, halaber, oso garrantzitsua dela zientzialariok gure denboraren zati bat dibulgazio ulergarri, erraz eta eskuragarria baina zorrotza egiteari eskaintzea.

Bakarkako lana talde lanarekin konbinatzea eskatzen du ikerketak, ezta?

Bai, batez ere gaur egun. Oso zaila da bakarrik aurrera ateratzea. Normalena da talde bat izatea eta zenbait taldekidek gai baten inguruko hainbat jarduera egitea eta hainbat emaitza lortzeko bidea ematea. Ramón y Cajalen garaian ez bezala, bakarrik ikertzen baitzuen, gaur egun ezinbestekoa da taldean ikertzea.

Nola moldatu da Margarita Salas ikertzen eta taldeak zuzentzen?

Zortea izan dudala uste dut. New Yorken Severo Ochoarekin hiru urte eman ondoren itzuli nintzenean, basamortu zientifikoa zen Espainia. Izan ere, ikertzeko dirurik ere ez zegoen. Zorionez, laguntza bat ekarri ahal izan nuen Ameriketako Estatu Batuetatik eta laguntza horrek Espainian ikertzen hasteko aukera eman zidan. Gero, urte batzuen buruan, lehenengo laguntzak hasi ziren eta ikertzaileak prestatzeko lehenengo bekak sortu ziren. Handik aurrera gauzak hobera egin zuen. Dena den, Ameriketako laguntza bat izan nuen 24 urtez eta horrek ere lagundu zidan, oso malgua baitzen diru hori. Espainiako dirua oso bideratuta dago, gauza baterako baldin baduzu ezin duzu beste baterako hartu. Ameriketako Estatu Batuetako laguntza horrekin diru kopuru bat eslei nezakeen langile bat kontratatzeko, Espainiako diruarekin egin ezin zenituen gauza horiek egiteko.

Nola ikusten duzu ikerketa une honetan Espainian? Zer-nolako etorkizuna du?

Espainian, beti esaten dut, ikerketak kalitate handia dauka, gure inguruko herrialdeen parekoa da, Ameriketako Estatu Batuekin ere konpara daitekeela esango nuke, baina urria da kantitatez, ikertzaile kopurua falta zaio, ikertzaile gutxi gara oraindik ere. Egia esan, ikerketarako aurrekontu gutxi dago. Oso garrantzi handiko gabezia da benetan, Europar Batasunaren atzealdean baikaude ikerketarako aurrekontuari dagokionez. Azkeneko estatistikaren arabera, Espainiak BPGren % 1'2 gastatzen du ikerketan eta Europar Batasuneko batez bestekoa, aldiz, % 2 da.

Ba al dago ikertzaileak kanpora joan baina ez itzultzeko arriskurik?

Kanpora joatea ez da txarra. Asko joan gara kanpora. Ni joan nintzenean behar-beharrezkoa zen, hemen ez baitzegoen ezertxo ere. Gaur egun ez da ezinbestekoa prestakuntza eskuratzeko kanpora joatea. Arazoa da, gaur egun, kanpora baldin bazoaz, gero oso-oso zaila dela itzultzea.

 

 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa