Mario Larrinaga Mochalesek, UPV/EHUko Publizitateko eta Harreman Publikoetako Graduko ikaslea

«Txiki-txikitatik, erronka berriak marrazteko desafioa egiten zidaten lagunek»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/22

Mario Larrinaga Mochales. Argazkia: Teresa Ormazabal. UPV/EHU
Mario Larrinaga Mochales. Argazkia: Teresa Ormazabal. UPV/EHU

Mario Larrinaga Mochalesek, UPV/EHUko Publizitateko eta Harreman Publikoetako Graduko ikasleak, Bilboko Aste Nagusiko kartel lehiaketa irabazi du 'Gure mundua' lanarekin, botoen % 40,7 lortuta. Jaien eta suen aitatzat hartzen den Kiko Mochales da bere aitona.

Nondik datorkizu marrazteko zaletasuna?

Ez dakit.  Ondare genetikoa dela uste dut, anaiak ere marrazten du, eta gure aitak Artearen Historia ikasi zuen. Gauza batzuk jaiotzen garenetik ditugu, marrazteko irrika, kasurako; baina garatu egin behar dira, denborarekin gal ez daitezen.

Estreinakoz lehiaketara aurkeztu, eta irabazi egin duzu. Espero al zenuen?

Egia esan, ez; ez nuen espero. Normalean, itxaropena izaten saiatzen naiz edozein egoeratan, baina kasu honetan ilusio faltsurik ez izaten ahalegindu nintzen, desilusiorik ez hartzeko. Azkenean hobe izan zen horrela, ustekabe atsegina hartu bainuen.

Zer irudikatu nahi izan duzu kartelean?

Bilbo bere osotasunean irudikatu nahi nuen, xehetasunekin, trebea izan bainaiz beti halakoekin. Izugarri gustatzen zait irudi edo argazki bakoitzaren xehetasun guztiak islatzea; nire lagunek hori nabarmendu dute beti nitaz.  Eta kartel honetan hori bera adierazten saiatu naiz.

Nondik hartu zenuen inspirazioa?

Txiki-txikitatik, erronka berriak marrazteko desafioa egiten zidaten lagunek, klaseko artista gisa ikusten nindutelako, hoberen marrazten zuen ikaslea bainintzen. Bilbo osoa marrazteko erronka bota zidaten behin, eta, gutxi gorabehera, lortu nuen. Mutiko bat besterik ez nintzela izan zen hori. 

Pasadizo horretatik sortu zen kartel hau, eta oraingoan gure aitak proposatu eta, hein batean, bota zidan erronka Aste Nagusiko kartel lehiaketan izena emateko. Bere konfiantza edukita, animatu egin nintzen, eta Bilbo berriro margotzeko aukera bikaina zela pentsatu nuen, baina ñabardurekin, hiria asko aldatu baita.

Nola egin duzu?

Sakelako telefonorako diseinu aplikazio batekin, ‘Boceto’ izenekoa. Eskura nituen baliabideekin, kartelean ikus daitekeena lortu nuen.  Aitari bururatu zitzaion, Bilbo irudikatzeaz gain, hegazkin bat gehitzea, eta niri, elementu gehiago sartzea: Marijaia, Guggenheim museoa, San Mames... Bilboko elementu enblematiko guztiak, azken finean, baita inguruetako auzoak ere. 

Unibertsitatean egonda, lan eta azterketa artean, nondik atera duzu kartela egiteko denbora?

Libre nituen tarte bakanetatik: unibertsitaterako joan-etorriak erabiltzen nituen kartela egiteko. Aplikazioarekin eta ukipen boligrafo batekin egin nuen. Aitaren presiopean, berandu genbiltzala esaten baitzidan, eta egia da oso justu ibili nintzela. Baina, azkenean, epea bukatu baino astebete lehenago, azterketa garrantzitsuenak gainetik kendu nituela, arratsalde oso bat eman nuen kartela bukatzen, eta entregatzeko garaiz ibili nintzen.

Gogorra izan zen, gure amonaren heriotzarekin batera suertatu zelako, eta, egoera zaila izan arren, bukatzea lortu nuen azkenean, eta amari eta familiari ekarri diedan poz bat izan da.

Gainera, kartel hau gure amonari eskainia da, beraren omenez; badakit berak hartuko zuela pozik handiena nik sari hau irabazita. Horregatik, berari eskainia da erabat.

130 proposamenen baino gehiagoren artean gailendu zara, eta botoen % 40,7 jaso duzu finalean. Hori jakinda, zer datorkizu burura?

Adorea eta marrazten jarraitzeko gogoa ematen dit horrek. Izan ere, jendeari egin dudana gustatu zaiola esan nahi du. Kartela ez dela polemikoa esan nahi du, ez duela alde txikiarekin irabazi, abantailarekin baizik, epaimahaiaren arreta bereganatu duen eta jendeari benetan gustatu zaion seinale.

Kartela arriskatua zen; aurreko urteetakoekin alderatuta, oso ezberdina, eta, horregatik, ezberdina zelako, aukeratuko ez zuten beldur nintzen. Baina kasu horretan, salbuespen gisa, arriskatu, eta irabazi egin nuen, eta horretaz harro nago.

Beste lehiaketaren bat irabazi duzu lehenago?

Bai, 17 urte nituela irabazi nuen bat, eskolan. Marrazketa klaseko gelakide guztiok aurkeztu ginen «Ja! Bilboko barrea» lehiaketara, eta irabazi nuen. Saloun astebete pasatzea izan zen saria. 

Zuen aitona, Kiko Mochales, Bilboko jaietako aitatzat jotzen denez gero, zentzu berezia du sariak?

Bai. Hasieran ez nuen uste bere biloba izateak horrenbesteko oihartzunik izango zuenik. Kartel lehiaketa antolatzea proposatu zuen berak, eta oso ideia polita da. Gainera, oso ederra da familiako zenbait belaunaldik nolabait parte hartu izana Bilboko jaietako historian.

Zer egingo duzu irabazitako diruarekin?

Aurrezteko asmoa daukat. Datorren urtean Bartzelonara joango naiz, SICUE programaren barruan, eta beharko dudala uste dut. Murgilduko naizen etapa berrirako inbertsio modura balioko dit nolabait.

Lehiaketa hau irabazita, zein da hurrengo pausoa?

Datorren urtean sanferminetako edo Donostiako kartel lehiaketara aurkeztuko naiz, beharbada; hau irabazi dudanez, harantzago joan nahi dut.