euskaraespañol

Maggy Barrère Unzueta

Martxoaren 8an, diziplina guztien berrikuspen feministaren alde

Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna eta Justizia Sozialaren aldeko Klinika Juridikoaren zuzendarikidea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/09

Maggy Barrère Unzueta, Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna
Maggy Barrère Unzueta, Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna | Argazkia: UPV/EHU.

Data esanguratsuak -hala nola martxoaren 8a- erabil daitezke gauza askotarako, baina zernahitarako erabiltzen diren ere, balantzea egitea eskatzen dute beti. Itemak aukeratzea edo estatistikak kalkulatzea eta haztatzea zeregin korapilatsuak izan ohi dira, ez bakarrik posizionatzera behartzen dutelako nolabait, ezpada gainera anbibalentziak ere sortzen dituztelako. Ezin da pesimismoan erori, baina ezta optimismoan ere; ezin da kritika amorruz egin, baina ezin dira ere gauzak aintzat hartu gabe utzi. Horrenbestez, ulergarria izan daiteke martxoaren 8az -Nazioarteko Emakumeen Eguna- idazteak mesfidantzak sortzea, eta, nire kasuan -aitortzen dut-, nolabaiteko nagia. Nolanahi ere den, berdintasun gai batean nagikerian erortzeak kontzientzia arazoak sor ditzake eta, beraz, nire aletxoa jartzen ahaleginduko naiz, iskin eginez kalkuluei eta anbibalentziei.

Gure unibertsitatearen Berdintasun Zuzendaritzari esker, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III Plana (2019-2022) ezartzeko ardura duena, haren urteko memoriei eta berdintasuna zenbakitan aletzen duten haren txostenei esker aukera dugu jakiteko zer helburu dituen unibertsitateak berdintasunaren alorrean eta zer ekintza jartzen dituen abian helburu horiek betetzeko, bai eta emaitzen bilakaera ere. Dokumentuak eta datuak hor daude, edonoren esku. Egia bada ere dokumentu eta datu horien irakurketak eraman gaitzakeela berdintasunak gure unibertsitatean duen orainaren eta etorkizunaren irudi gutxi-asko itxaropentsu bat izatera, zalantzarik ez dago horrek agerian uzten duela emaitzak hobetzen saiatu diren pertsonek eginiko eginahala. Aitortza hori eginda, eta egin den ahalegina are gehiago nabarmentzeko borondate bakarraz, nire proposamena litzateke genero indarkeriaren salaketen zifra sartzea berdintasuna zenbakitan aletzen duen dokumentuan, edo salaketa horiek unibertsitatearen Gardentasun Atarian jasotzea, Berdintasun Planaren 4.1.3 atalean aurreikusita dagoen bezala, salaketen aipamenik egiten ez delako euskarri horietan, gaizki irakurri ez badut behintzat. Baina, tira, ez gaitezen txikikerietan gelditu.

Kontuan izanik gai zehatzei buruzko datuak eta zifrak aukeratzeak ez dakarrela berekin unibertsitate politika osoari buruzko inolako baloraziorik egitea (testu honen helburutik eta luze-laburretik oso urrun dagoen xedea), uste dut, integrazio numerikoari dagokionez, merezi duela nabarmentzea zeharkako motibazioaren teknika erabiltzen duten neurrien eraginkortasun hautemangarria. Horrela uler daiteke azken 5 urteetan izan den % 10 inguruko hazkundea Ikertzaile Nagusi emakumezkoen kopuruan, ikerketa proiektu eta -uste dut- taldeetan. Gogoeta merezi du ere nesken matrikulazioak ingeniaritzan: etengabe gora egin arren, igoera ez dator bat titulua lortzen duten andrazkoen kopuruarekin (hau da, abandonu tasa handia dago). Txostenetan aipatzen ez den kontu bat -esperientziagatik jakin badakidan arren askotan planteatzen dela- da sexuen presentzia proportzionalaren printzipioaren aplikazioa tesi epaimahaietan (eta ez ditut aipatzen oposizioetako epaimahaiak edo unibertsitateko beste organo batzuen osaera), irits daitekeena eragoztera soil-soilik emakumez osatutako epaimahaiak osatzea. Esango zait gai hau -argudioen bidez kudeatu litekeena- UPV/EHUren gaitasunen esparrutik at dagoela, bai eta Eusko Jaurlaritzaren eskumenetik harago ere, baina aurre egin beharko zaie nola edo hala gertutik bizi izan dudana bezalako egoerei: hots, hiru gizonek osatutako epaimahai batek doktorego aurreko beka ukatzea ikasle emakumezko bati, argudiotzat harturik genero estereotipoa dela zuzenbidez kanpoko kontzeptu bat (argudio okerra, baina, ikusitakoak ikusita, nagusi dena kultura hegemonikoan, aipatu berri diren zorigaiztoko ondorio diskriminatzaileekin). Eta gai hau aipatzeak narama martxoaren 8aren harira jorratu nahiko nukeen alor garrantzitsuenera.

Berdintasuna zenbakitan neurtzeak, nola ez, zorroztasuna eta neutraltasuna adierazten ditu itxura batean. Zenbakiak eta ehunekoak mahai gainean jartzen direnean, jendea makurtu egiten da ebidentziaren aurrean. Dena dela, feminismoak jakin badaki berdintasunerako baldintza ‘sine qua non’ bat dela -baina ez ‘per quam’- emakumeen presentzia areagotzea alor maskulinizatuetan. Aspertu gara botere politikoa eta ekonomikoa duten zenbait emakume buruzagirekin, politika feministarik ez egiteaz gain, haien premia bera ukatu eta haien kontra egiten dutenak. Beraz, ez gaitezen erori esentzialismoetan, besteak beste erabiltzen direnak feminismoan protagonismoa ukatzeko gizonei (eta, jakina, pertsona ez binarioei). Izan ere, begien bistakoa denez, berdintasunaren aldeko borrokak (era guztietako berdintasunak) behar ditu gogoeta intersekzionalak eta aliantza indartsuak, aurrera egiteko ez ezik, baita haren kontrako mehatxuak beste ez daitezen ere. Utz dezadan ordea erretolika eta itzul nadin zenbakien garrantzia erlatiboaren gaira.

Unibertsitatearen Berdintasun Planaren I. ardatzaren (prestakuntza) helburuak eta ekintzak ez dira zuzenean gai numeriko bihurtzen. Adibidez: I. ardatzaren helburua da ‘genero ikuspegia eta teoria feminista irakaskuntzaren arloan barneratzearen alde egitea’, eta helburu horren 6. ekintza, ‘Zientziaren arlo bakoitzeko graduetan irakasgai pilotu bat jartzea, irakaskuntza mistokoa, hau­tazkoa eta diziplina artekoa, euskaraz eta gaztelaniaz, berariaz lantzeko generoaren ikuspegia’. Bada, nik dakidanez –oker egongo ahal naiz-, ekintza hori, nekez jo litekeena estremistatzat (gogora dezagun hautazko irakasgai bat dela), gaurdaino ez da abian jarri. Zergatik? Uste dut unibertsitateko kideek erantzun bat merezi dutela, arrazoi ekonomiko hutsetatik (hau da, eskasiarekin zerikusia dutenak, dakigunez endemikoa dena) harago joango dena.

Ausartuko naiz esatera: berdintasunaren ‘gordiar’ korapiloa datza diziplina guztietako irakasgaiak eta planak berrikustean. Ez alferrik, feminismoak borroka egin du legerian sartzeko unibertsitateak berrikuspen hori egiteko betebeharra (hala nola martxoaren 3ko 1/2022 Legeak aldatutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen 3. artikuluaren 3. paragrafoa). Orduan, zer dela-eta sortzen du horrenbeste mesfidantza berrikuspen horrek? Jakina, galdera erretoriko bat da. Auziaren mamia ez datza programak berrikusteak sor dezakeen deserosotasunean (nola ez, bere pisua duen zerbait), ezpada unibertsitate eredu jakin bat berrikusteko interes faltan, desberdintasunean oinarritutako ‘statu quo’ bat erreproduzitzen duen eredua (alegia, sexista, klasista, arrazista, homofoboa, transfoboa, kapazitista, etab.), jakintzaren neutraltasunaren aitzakiak babesten duena, faltsua baina babeslea, azken batean. Horrenbestez, berdintasunaren alorrean seriotasunez jokatzeak esan nahi du paradigma aldaketa bat sustatzea, unibertsitateak bidegabekerien kontrako borrokan duen zereginari buruzkoa, ikusitakoak ikusita zehazteke eta, batez ere, onartzeke dagoen zeregina. Inork aurpegiratu ez diezadan nire idatzia amaitu dudala proposamen arranditsuekin, iradokizun xume bat egitera ausartuko naiz: fakultate eta ikastegi guztietan ikasturtea hastea ikasleak eta irakasleak (bai eta, jakina, AZPko langileak ere) bilduko dituen ekitaldi batekin, non bi gauza egingo diren: a) errepaso bat egitea genero desberdintasunari buruz, gainerako gizarte desberdintasunekin lotuta eta haien botere sistemen testuinguruan (haien lotura-indarkeriekin); eta b) irakasleak interpelatzea beren irakasgaien bidez desberdintasuna desagerraraztean duten inplikazioari buruz.

Azken batean, ospa dezagun martxoaren 8a, unibertsitate diziplina guztietan berrikuspen feminista integratzearen alde, eta aldarrika dezagun legea bete egin behar dela, ez gehiago ez gutxiago.