Marta Macho-Stadler

Mary Mallon: mende laurdena berrogeialdian eman zuen sukaldaria

Matematika Saileko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/26

Marta Macho-Stadler. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Sukar tifoidearen epidemiei buruzko ikerketak XIX. mendearen amaieran hasi ziren. 1879an, Karl Joseph Eberth patologoak Salmonella typhi baziloa aurkitu zuen; hesteak eta odola infektatu eta sukar tifoidea sortzen du bazilo horrek. Geroago, beste bakteriologo batzuek egiaztatu zuten bere aurkikuntza.

Laster jakin zen sukar tifoidea eragiten duen bakterioa ur kutsatuaren edo elikagai iturrien bidez zabaldu daitekeela; hau da, digestio aparatuaren bidez transmititzen da. Salmonella typhi gorozkien bidez ezabatzen denez, kutsatutako pertsona batek garbitu gabeko eskuekin janaria prestatzen badu ere transmiti dezake gaixotasuna, esate baterako.

XX. mendearen hasieran bakteriologia azkar egiten ari bazen ere aurrera, ez ziren ezagutzen gaixotasun kutsagarriek hedatzeko zituzten modu guztiak eta, horrenbestez, ez zekiten zehazki nola transmititzen zen sukar tifoidea. Adibidez, oraindik ez zekiten pertsona eramaile osasuntsu edo sintomarik gabeek gaitz hori transmiti zezaketenik.

 

Mary Mallon, sukar tifoidea

Mary Mallon 1869an jaio zen Cookstown udalerrian (Ipar Irlandan). 1884an Estatu Batuetara emigratu zuen izeba-osaba batzuekin bizitza berri bat hasteko. 1900ean, Mamaroneck herriko (Westchester, New York) etxe batean hasi zen lanean, sukaldari: bi astetik beherako denbora tartean, bertako biztanle guztiek sukar tifoidea hartu zuten. 1901ean Manhattanera joan zen bizitzera eta familia aberats batzuentzat lan egiten hasi zen; horiek ere gaitz bera hartu zuten Mary etxera iritsi eta handik gutxira.

1906an Oyster Bay (Long Island) herrira joan zen bizitzera eta sukaldari lanetan hasi zen Charles Warren bankari aberatsaren familiarentzat. Etxe hartan bizi ziren hamaika pertsonetatik sei –Warrenen emaztea, alabetako bi, bi dontzeila eta lorezaina– sukar tifoideaz gaixotu ziren.

Gaixotasun hori auzo txiroekin lotu ohi zen, non osasun arazo larriak egoten baitziren, jende asko metatuta bizi ohi zelako eta higienea normalean ez zelako ona. Horrenbestez, etxeko nagusiak, oporrak bertan pasatzen zituzten bezero aberatsak galdu nahi ez zituenez, George Soper ingeniari sanitarioaren zerbitzuak kontratatu zituen, sukar tifoideko agerraldietan espezialista bera. Agerraldiaren zergatia zehazteko ikuskapena sakona izan zen: edateko ura, komunak eta putzu beltza aztertu zituen, eta infekzio iturri gisa baztertu zituen.

Sukar tifoidea agertu eta hiru astera sukaldaria azalpenik eman gabe joan zela jakitean hasi zen Soper Mary Malloni buruzko susmoak hartzen. Ingeniariak Mallonen lan historia arakatu zuen eta 1900. urteaz geroztik beste zazpi familiarentzat lan egin zuela eta etxe horietan gaixotasun horren hogeita bi kasu deklaratu zirela eta neskato bat ere hil zela jakin zuen.

Zuela gutxi, Robert Koch mikrobiologoak sukar tifoideko agerraldi batzuk ikertu zituen Estrasburgoko okindegi batean. Okindegia garbi zegoen eta bertako ur hornidura, halaber, egoera onean. Kochek jakin zuen, urte batzuk lehenago, okinak sukar tifoidea hartu eta bere onera etorri zela. Alabaina, okina osasuntsu bazegoen ere, bere organismoak germen tifoideak zituen oraindik ere, eta behar adina higiene neurririk hartzen ez zuenez, gaixotasuna kutsatzen jarraitzen zuen. Hori jakinik, Soperrek pentsatu zuen Maryk infekzioa transmititzen zuela, seguruenik, elikagaiak manipulatu aurretik eskuak behar bezala garbitzen ez zituelako.

Ingeniariak sukaldariaren odol eta gorozkien laginak aztertu behar zituen bere susmoak egiaztatzeko. Maryk ez zuenez lagundu nahi, New York hiriko Osasun Sailarekin harremanetan jarri zen Soper. Malloni laginak hartu zizkioten eta ikusi zen Salmonella typhi baziloa bere gorputzean zegoela, sintomarik inoiz izan ez bazuen ere. Mallon atxilotu eta North Brother uhartean (Bronxeko kostaldearen parean, New York hirian) konfinatu zuten segurtasun publikoaren izenean.

Mallonek azterlan bat enkargatu zion laborategi pribatu bati. Emaitzak negatiboak izan ziren, ez zegoen sukar tifoidearen bakteriorik bere organismoan. Maryk askatasuna eskatu zuen, bidegabekeriaz tratatu zuten konbentzimenduarekin: «Ez da egia germen tifoideak hedatzeko arriskua dudala etengabe. Ez dut deliturik egin, baina gaizkilea banintz bezala tratatzen naute. Bidegabea da, amorragarria, gizatxarkeria». New Yorkeko Auzitegi Gorenak ukatu egin zuen Mallonen eskaera, eta Osasun Sailaren erabakia babestea erabaki zuen.

1910ean, beste osasun ikuskari batek Maryri espetxealdia kentzea erabaki zuen, sukaldari lanetan berriz ez hasteko konpromisoa harrarazi ondoren.

Baina Maryk ez zuen emandako hitza bete, gaixotasunaren eramailea ez zela sinetsita eta ikusirik lan duinik ezin zuela aurkitu, sukaldari lanetan hasi zen berriz ere, Mary Brown izenez.

1915ean sukar tifoidea agertu zen Manhattango Sloane Amaetxean. Hogeita bost pertsonari eragin zien eta horietako bi hil egin ziren. Ikerketek sukaldariarengana eraman zuten. Iritzi publikoa bere kontra jarri zen, eta ezizen krudel bat ipini zioten: Typhoid Mary, Miren tifoidea.

1915eko martxoaren 27an, Osasun Publikoko Zerbitzuko agintariek erabateko berrogeialdian jarri zuten Mary (bigarren aldiaz emakumearen bizitzan). 23 urte geroago –1938ko azaroaren 11n– hil zen, erbestean, pneumoniak jota.

 

Mary Mallon, biktima ala kriminala?

Maryk sukar tifoidea eragiten duen bakterioa zeraman arren, inoiz ez zuen gaixotasun haren sintomarik izan: sukarra, buruko mina eta beherakoa. Gaixotasun horri immunitatea zion, eta Estatu Batuetan patogenoaren sintomarik gabeko eramaile gisa identifikatutako lehen pertsona izan zen.

Hala ere, Mary ez zen New York hiriko historian sukar tifoidearen germenaren eramaile hilgarriena izan. 1922an, Tony Labella garraiolariak gaixotasunaren bi agerraldi eragin zituen: ehun pertsona baino gehiago kutsatu eta bost pertsona hiltzea eragin zuen. Ehunka eramaile osasuntsu identifikatu eta aske bizi ziren arren, Maryk iritzi publikoa izan zuen bere kontra, ez baitzioten barkatzen sukaldetik urrun egon ez izana.

Zergatik izan zen Mallon bere jokabide arduragabeagatik auzipetutako pertsona bakarra? Judith Leavitt historialariak –‘Typhoid Mary: Captive To The Public’s Health’ lanaren egileak– uste du bere jarrera oldarkorrak eta emakume etorkina izateagatiko aurreiritziek eragina izan zutela.

Agintariek herritarrak osasun publikoko arazo larri horretatik babestu behar zituzten arren, inori ez zitzaion bururatu Maryk beharbada laguntza behar zuela. Emakume ezkongabea zen, adin ertainekoa, bakarrik zegoen eta sukaldetik kanpo lan egiteko prestakuntzarik ez zuen. Agian, agintarien babesa izan balu, bere bizitzaren azken zatia –ia mende laurden bat– ez zukeen berrogeialdian emango. The Conversation