Mary Shelley: munstroaren heriotza
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2018/11/02
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak eta Euskal herriko Unibertsitateak Mary Shelley: La muerte del monstruo erakusketa aurkezten dute, Raquel Lagartos eta Julio César Iglesiasena. UPV/EHUko Carlos Santamaría Zentroaren Andrestegi aretoan egongo da ikusgai datorren azaroaren 15era arte. Aurkezpenean parte hartu dute: aipatutako bi artistak, Antonio Casado da Rocha, UPV/EHUko Gipuzkoako Campusako Unibertsitate Hedakuntzako zuzendaria, eta Josemi Beltrán, Donostia Kulturako zinema programazioaren arduraduna.
Erakusketa honetan titulu bera duen liburuko marrazkien bilduma bat aurkezten da. Liburua Diábolo Ediciones-ek argitaratu zuen Espainian, 2016ko azaroan, eta aurten Edizioni Piemme-k Italian.
2016. urtean berrehun urte bete ziren garai guztietako bilera literario famatuena egin zenetik. Villa Diodati-n, errautsez estalitako zeru baten pean, munstroen aurpegia betiko aldatuko zuen istorio bat idazten hasi zen Mary Shelley.
Mary Shelley: La muerte del monstruo sortzailearen eta bere izakiaren bizitzari eta heriotzari buruzko kontakizun bat da. Heriotzak eragindako liluramendu victoriarretik eta gorpuak berpiztu ahal izateko zientziaz baliatzeko aukerak piztu zuen gogo bizi eta ilun hartatik abiatuta, komikiak Mary Shelleyren psikologia konplexuari heltzen dio, zoritxarreko bizitza batek markatutakoari. Medikuek edozein gorpu lurpetik ateratzeko eskubidea zuten garai haietan, hildakoen familiek hilerrietan guardia egiten zuten garai haietan, Mary Shelleyk behartu egiten gaitu gure buruari galdetzera Frankensteinen izakiaren benetako identitateari buruz. Non hasten da sortzailearen adimena eta non amaitzen da munstroarena? Nork gainditzen du heriotza?
Julio César Iglesias historialaria eta gidoilaria da. Raquel Lagartos marrazkilaria eta ilustratzailea. Elkarrekin batera bi nobela grafiko argitaratu dituzte: Mary Shelley: La muerte del monstruo (Diábolo Ediciones Espainian, Edizioni Piemme Italian) eta La hierba del estío (Diábolo Ediciones), eta Frankenstein resuturado (Ediciones Alrevés) lan kolektiboan parte hartu dute. Orain, beren hirugarren lana prestatzen ari dira.
“Mary gajoa, hainbeste hutsegite eta, aldi berean, handitasuna hainbestekoa. Berarekin elkar hartu dut berriro, neuk ikusten dudan bezalaxe, Julio César Iglesiasen eta Raquel Lagartosen istorio eder honetan, eta nire besoen artean estutzen dut denboran zehar, lagun on baten antzera, eta ahopeka esaten diot: ‘Ez niri kasurik egin zure hutsegiteei eta zure aldrebeskeria literarioari buruz hitz egiten dudanean, Mary maitea. Izan beti gogoan lortu egin zenuela: azken batean, hilezkorra da zure izakia’”.
(Ángeles Caso-ren hitzaurretik)