euskaraespañol

Master Astea 2018

UPV/EHUk graduondoko ikasketen eskaintza aurkezten du ‘Zugandik oso hurbil eta zurekin nahi bezain urrun’ lemaz

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/15

Irudia

Martxoaren 15, 16 eta 17rako, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak Master Astea antolatu du graduondoko ikasle izango direnei 2018/2019 ikasturterako ikasketen eskaintzaren berri emateko. Informazio standez gainera, masterren aurkezteko saioak ere egingo dira eta aukera egongo da litezkeen zalantza guztiak masterreko irakasleekin zuzenean argitzeko. Beka, laguntza eta mugikortasunen inguruko informazioa ere lortu ahal izango da.

‘Zugandik oso hurbil eta zurekin nahi bezain urrun’ lelopean, 2018ko Master Astea martxoaren 15, 16 eta 17an egingo da, Gasteizen, Donostian eta Bilbon, hurrenez hurren, UPV/EHUko graduondoko ikasketen eskaintza zabal eta askotarikoa ezagutarazteko. Aukera ezin hobea da titulazio ezberdinetako arduradunen eta irakasleen eskutik aurrez aurreko informazio zuzena jasotzeko.

UPV/EHUk Euskal Herriko, Estatuko eta Europako kalitatearen agentzia ofizialen babesa duen goi mailako prestakuntza eskaintzen du, prezio publikoetan, eta kalitatezko irakasleen eta profesional espezializatuen bitartez. Graduondoko ikasketen eskaintzan unibertsitate arteko, nazioarteko eta Erasmus Munduseko master ugari aurki daitezke.

Eskaintza horri esker, euskal ikasleak espezializazio maila altua lor dezake etxetik gertu, eta, horrez gain, bere prestakuntzaren zati bat atzerriko unibertsitateetan egiteko aukera izango dute, ikasleen mugikortasuna finantzatzen duten erakunde programen bitartez. Era berean, beste erkidego eta herrialde batzuetako pertsonentzat ere bada graduondo ikasketen emaitza.

Gainera, graduondoetako ikasleek enpresetan praktikak egin ditzakete gure master eta doktorego programetarako I+D+i zentroekin, erakundeekin eta enpresa pribatuekin sinatutako 800etik gora hitzarmenei esker.

Aurreko urteetan bezala, UPV/EHUk 100 master ofizial eta 30 berezko titulu baino gehiago (espezializazio maila altua eta orientazio profesional argia duten titulazioak) aurkeztuko ditu bere hiru campusetan, baita 66 doktorego programa ere. Eskaintza honek jakintza arlo guztiak biltzen ditu (Zientziak, Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak, eta Artea eta Giza Zientziak), eta ikasleak harremanetan jartzen ditu teknologia zentroekin, enpresekin, erakundeekin, eta prestigio handiko nazioarteko ikertaldeekin.

 

Erakusmahaiak eta informazio saioak

Jardunaldiak antzekoak izango dira campus guztietan. Erakusmahaiak egongo dira, eta horietan master, doktorego programa eta berezko tituluen ezaugarriak azalduko zaizkie horietan interesa duten etorkizuneko ikasleei. Informazio saioak graduko azken mailan dauden edo unibertsitateko titulua duten eta master baten edo graduondoko beste modalitate batzuen bitartez espezializazio handiagoa eta prestakuntza jarraitua lortu nahi dutenentzat daude pentsatuta.

Stand-ak irekita egongo dira 15:30etitik 19:30era, Araban eta Gipuzkoan, eta 09:30etik 13:30era, Bizkaian.

Horrekin batera, graduondoko titulu desberdinen aurkezpenak egingo dira, eta interesdunek zuzenean hitz egin eta zalantzak argitu ahalko dituzte titulu bakoitzeko irakasleekin.  Gainera, aitorpena egin nahi zaie joan den ikasturteko masterretan espediente akademiko onena lortu zuten ikasleei, eta, horretarako, diploma eta opari bat emango zaie, Master eta Doktorego Eskolako zuzendaritzak eta Errektoretza Taldearen partez.

 

Programa