euskaraespañol

Hemendik edozein jakintzatara, UPV/EHUren masterrekin batera

Unibertsitateak berezko tituluak eskaintzen ditu, sektore lehiakorrenetan espezializatzeko aukera bat, hala ikasleentzat nola ezagutzak berritu nahi dituzten profesionalentzat.

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2021/06/22

Irudia

Ekainean gaude jada. Udako oporrak begi bistan ditugula, irailean egingo dugunaren inguruan gogoeta egiteko unea ere bada. Bereziki, gradua amaitu dutenentzat, ikusten baitute, bertigo apur batez, nola ikasketa urteak amaitzera doazen eta etapa berri bat hastera doan: lanekoa.

Edo agian ez, gero eta gehiago baitira prestatzen jarraitzea hautatzen dutenak. Ikasle horientzat eta dagoeneko lanean dauden baina gehiago espezializatzearen alde egiten duten pertsona guztientzat Euskal Herriko Unibertsitateak askotariko graduondokoen eskaintza bat du, bere ikasleen beharretara egokitzen dena, edukien, irtenbide profesionalen eta denbora eskuragarritasunaren arabera.

Zerrenda luzea da: 172 aukeren katalogo bat, berezko tituluak eta titulu ofizialak aintzat hartuta, jakintza arlo guztiak eta espezializazio maila ugari barne hartzen dituena.

Berezko graduondokoak: enpresen beharrarekin konektatuta.

Unibertsitateak berezko masterretan konpromisorik gabe izena emateko aurre-matrikula ireki du. Graduondoko horiek prestakuntza berritzailea eskaintzen duten tituluak dira, eta lan merkatuaren premia berriei erantzuteko diseinatuta daude. Horregatik, hain zuzen, prestakuntza horren ezaugarria da lan munduaren errealitatera egokitzen dela; hala, ikasleei aukera paregabeak eskaintzen zaizkie; adibidez, beren sektorean esanguratsuak diren enpresetan praktikak egiteko edo prestakuntzarako bekak eskuratzeko, eta irakasleen artean lan ingurune horietan eskarmentu handia duten profesionalen eskolak jasotzeko.

Horrez gain, haien egitura modularrari esker, berezko graduondoko ikasketek ikasleei beren prestakuntza osatzeko aukera ematen diete moduluen bidez, eta horrela, maila handiagoko tituluak lor ditzakete, titulu berri bat zerotik hasi beharrean edo denbora faltagatik hura egiteari uko egin ordez. 

Berezko tituluen eskaintza 64 titulukoa da; tartean, proposamen batzuk aspaldikoak dira; esate baterako, Marketineko Masterra, hogeita hamar urteko ibilbide batez bermatuta, eta beste batzuk, berriz, duela gutxi sortu dira, hala nola Hidrogenoaren Teknologien Masterra. Graduondoko hauek egiten ari diren ikasle batzuekin hitz egin dugu, beren esperientziaren berri eman diezaguten.

Iratxe Belaustegi: “Niretzako master hau opari bat izan da”

Arreta Osoa Zainketa Aringarrietan Masterra.

“Estatistika bat dago: segurua da pertsonen % 100 hilko garela —adierazi du Iratxe Belaustegik—; horregatik, zainketa aringarrietako prestakuntza erabat beharrezkoa da osasunaren arloan dihardugun guztiontzat”.

Iratxe Belaustegi

Iratxe masterra egiten hasi zen, hainbat urtetan eta ingurunetan erizain modura aritu ondoren. Pandemiaren aurretik, erresidentzian eszedentzia bat hartzea erabaki zuen, masterra egiteko. “Sentsibilitate berezia izan dut beti zainketa aringarrien aurrean. Pentsatu nuen nire prestakuntza eskasa zela eta zerbait gehiago behar nuela nire lanean aplikatzeko” adierazi du.

Niretzako, masterra opari bat izan da; ez bakarrik ikasi dudanagatik, eman didan guztiagatik baizik, bai gogoetarako, bai erresidentzian izan ditugun kasuekin hobeto konektatzeko, bai nire zalantzak gainerakoekin partekatzeko… Bai, opari bat izan da”.

Yosbel Fonseca: “Koska bat gorago egotea”

Blockchain Teknologia eta Kriptoekonomia Masterra

Yosbel Fonseca

Yosbel-ek Ingeniaritza eta Sistemen ikasketa baliokideak egin zituen Kuban. Joan den ikasturtean, 30 urterekin, arlo horretan espezializatzea erabaki zuen, eta graduondoko honen lehen edizioan eman zuen izena. Haren iritziz, “oso interesgarria da, ez delako mugatzen garapenen atalera; haatik, ikuspegi orokorra eta beste alderdi batzuk lantzen ditu, hala nola legezkotasuna, kriptografia, diru zorro elektronikoak… Hori guztia, unibertsitateko irakasleek ez ezik, askotariko teknologiak lantzen dituzten bankako eta enpresetako adituek ere erakusten digute».

Badaki master honetatik pasatzean eskuratuko dituen ezagutzei esker “lehiakorragoa izango dela eta koska bat gorago egongo dela lan merkatura itzultzean”.

Brayan Medina: “Industria Ingeniaritzako Masterraren osagarri ideala da”

Aeronautikako Teknologiak eta Makina Erreminta Masterra.

Brayan-ek Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua amaitu zuen, 2019an, eta Industria Ingeniaritzako gaitasun masterrari ekin zion. Haren ikaskide askok bezalaxe, ikasketak Aeronautikako Teknologiak eta Makina Erreminta masterrarekin osatzea erabaki zuen; izan ere, haren iritziz “gaitasun masterraren osagarri ideala da”.

Brayan Medina

Guztia eramangarriago izateko, Brayan-ek 60 kredituko graduondoko hori «bi ikasturtetan banatu zuen, erdia eta erdia egiteko 120 kredituko Industria Ingeniaritzako masterraren urte bakoitzean» azaldu du.  

“Ingeniaritza eta teknologia nire bide naturalak dira, horretan egin nahiko nuke lan; graduondoko honek makina erremintaren eta aeronautikako sektorearen fabrikazioan espezializatzen lagundu dit”.

“Masterrak nire itxaropenak bete ditu, sektoreko enpresak ezagutzeko aurreikusitako bisita guztiak egin ezin izan baditugu ere, bereziki interesgarria baita bisita horiengatik; halere, bideokonferentzien bidez konpentsatu dugu”; bisitak hurrengo edizioetan berreskuratuko dira, zalantzarik gabe.

Orain, Brayan praktikak egiten ari da Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroan (FAAZ), eta «pandemiak ekarri duen krisia amaitzen denean, aeronautikako sektorean lan egitea» espero du.

Alicia Posada Alcón: “Bakarra unibertsitate publikoan”

Ilustrazio Zientifikoa Masterra

Aliciak ilustratzaile modura egiten du lan hezkuntza sektorearen argitaletxeetan. 26 urterekin eta Diseinu Integraleko eta Irudiaren Kudeaketako gradua Juan Karlos I.a Erregea Unibertsitatean amaitu ondoren, UPV/EHUra etortzea erabaki zuen, ilustrazio zientifikoan espezializatzeko.

“Nik hezkuntza argitaletxeetarako egiten dut lan —azaldu du— ilustratzaile modura, baina gehiago nahi dut ikasi sektore horretan tarte bat egiteko”. Madrildik etorri zen “master hau ikastera, unibertsitate publiko batean espezializazio maila horrekin dagoen bakarra dela ikusi nuelako”.

Alicia Posada

“Gehien gustatzen zaidana da ilustrazio zientifikoaren adar guztiak analizatzen dituzula” ziurtatu du. “Gainera, irakasleen lana eta bizimodua horri lotuta dago; tresnak erakusten dizkizute, eta lan metodologia; eta, ilustrazioaren sektorean kokatzea nola lortu zuten azaltzen dizute”.

Aurten bereziki zaila izan da; hori dela eta, Aliciak biziki baloratzen du “koordinatzaileek denbora horretan guztian ikasleekin izan duten tratu bikaina; oso adi egon dira une oro, erraztasun guztiak gure esku jartzeko».

UPV/EHUk aurre-matrikula deialdia ireki du, 64 master eta berezko titulu horietakoren bat egin nahi duten guztientzat, eta ekainaren 28an, titulu ofizialen matrikula irekiko du berriro. Zure etorkizunerako aukera on bat izan daitekeela uste baduzu, sartu zaitez gure webgunera eta bilatu zure interesetara ongien egokitzen den graduondokoa.