euskaraespañol

UPV/EHUko ikasleak, Ukrainarekin

Ikasleen Kontseiluak gerrak desplazatutako familientzat behar handiko materiala biltzeko kanpaina antolatu du hiru campusetan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/30

Irudia
Material solidarioa biltzeko kanpainaren hasiera Gipuzkoako Campusean. Argazkia: Ikasle Kontseilua.

Gaur 36. gerra eguna da Ukrainan, eta bizitza gero eta zailagoa da han jarraitzen dutenentzat. Horren jakitun, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen kontseiluek material solidarioaren bilketa antolatu dute apirilaren 8ra arte, hiru campusetako hainbat lekutan.

Ideia, ia bere osotasunean, UPV/EHUko Ikasle Kontseiluak antolatutako Ikasle Ordezkarientzako IX. Prestakuntza Jardunaldien ondorioz sortu zen. Bertaratutakoei ikasleen ordezkari izateari buruz hitz egin eta zertan aritzen diren azaldu ondoren, bazirudien jende guztia zegoela ekarpenak egitera motibatuta.  Iradokizun horietako baten ondorioz, gerrak eragindako pertsonentzako ongintza bilketa egiteko lehen ideia sortu zen.  Ekimena moldatzen joan ziren hiru campusetako hainbat ikasle kontseiluren eta boluntarioen lankidetzari esker, eta horri esker, azkenean, bilketarako hainbeste leku jarri ahal izan dituzte, Asier Núñez Domingok, UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko presidenteak, adierazi duenez. 

Kanpainak Ukraina-Euskadi Gizarte eta Kultura eta Garapenerako Lankidetza Elkartearen laguntza dauka dohaintzak kudeatzeko, eta joan den astelehenean, martxoaren 28an, hasi zen, eta bi aste iraungo du. Funtsezko materiala bildu nahi da, eta, material motaren arabera, lau kutxa desberdinetan uzten da: lehen sorospenak eta osasun materiala (bendajeak, gasak, pixoihalak, maskara kirurgikoak, K bitamina edo erreduretarako kremak, adibidez), energia – beste batzuk (kandelak, linternak, metxeroak edo pospoloak, lo zakuak, esterilak, mahai tresnak, koltxoi puzgarriak eta abar), higiene pertsonalerako eta orokorrerako gauzak (eskuila, xaboia, xanpua, umeentzako esnea, jostailuak, emakumezkoen higiene produktuak eta pixoihalak, besteak beste) eta elikagaiak (ura, irina, barratxo energetikoak, fruitu lehorrak, gailetak, janari-latak, janari ez-galkorra, etab.).  

Ikasleen Kontseiluak dioenez, gauza guztiak dira premiazkoak eta dohaintza guztiak dira ongi etorriak eta esker onez hartuak, baina jatekoa da benetan ere eskertzekoa. Kontuan izan behar da, baina, ez duela edozein janarik balio. Ekialdeko Europako dieta eta guk hemen duguna desberdinak dira, eta ez daude ohituta egosia, txorizoa eta horrelakoak jatera: batzuk gaixotu egin dira jaki horiekin, urdailak ez baititu behar bezala asimilatzen. Horrela azaldu digu Ikasleen Kontseiluko presidenteak. Higiene pertsonaleko produktuak ere oso beharrezkoak dira, batez ere emakumeen higienerakoak eta haurrentzakoak.  

Ikasle Kontseiluak eskerrak eman nahi dizkie kanpaina antolatzeko laguntzen ari diren guztiei, eta parte-hartze handia izatea espero dute. Asier Núñezek adierazi duenez, oraingo honetan, gerrak eragindako pertsonentzat lagungarria izango den ongintza bilketa bat aurrera ateratzeko gai izan dira. Unibertsitateko kide guztiei dei egiten die laguntzeko: ziur daude guztiek ahalik eta ondoen erantzungo dutela, UPV/EHU gainerako gizartearentzat eredugarria izan dadin.  

Ukrainarako materiala biltzeko lekuak: 

Kutxak laguntzen ari diren zentroetako sarreretan egongo dira, kutxa bakoitza bere etiketarekin, eta, Asier Núñezek dioen bezala, ekimena unibertsitateko kideentzat pentsatua dagoen arren, lagundu nahi duen edonork ekar ditzake gauzak bilketa guneetara. Materiala biltzeko guneak errazte aldera, honako puntu hauek adierazten dira campus bakoitzaren arabera: 

Arabako Campusean 

  • Koldo Mitxelena Bibliotekan  
  • Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatean 

Bizkaiko Campusean 

  • Arte Ederren Fakultatean  
  • Bilboko Ingeniaritza Eskolan  
  • Bizkaiko Campuseko Bibliotekan  
  • Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Elkano)  
  • Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko)  
  • Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatean  
  • Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean  
  • Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean 
  • Zuzenbide Fakultatean 

Gipuzkoako Campusean 

  • Carlos Santamaria Bibliotekan  
  • Ekonomia eta Enpresa Fakultatean 
  • Informatika Fakultatean  
  • Psikologia Fakultatean 
  • Zuzenbide Fakultatean