euskaraespañol

Bilgarrietarako material erabat birziklagarriak

UPV/EHUko eta Coloradoko Estatu Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek plastiko mota bioberriztagarri eta biodegradagarri bat garatu dute, egungoak baino hobea dena eta ekonomia zirkularra bultzatzen duena

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/10/14

Irudia
Haritz Sardón, Ainara Sangroniz eta Agustin Etxeberria. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Plastikoak ezinbesteko elementu bihurtu dira eguneroko bizitzan. Ekoizpena eta erabilera areagotzen ari direnez, planetako txoko guztiak kutsatzeko zorian daude, batik bat, ozeanoak, ezin konta ahala plastiko tonaren azken helmuga direnak, eta material horrek mendeak behar ditu desagertzeko.  Haritz Sardón, Ainara Sangroniz eta Agustin Etxeberria UPV/EHUko Kimika Fakultateko ikertzaileek eta Eugene Y.-X. Chen, Jian-Bo Zhu eta Xiaoyan Tang Coloradoko Estatu Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek bilgarrietarako material erabat birziklagarriak diseinatu dituzte, plastikozko bilgarrien arloan ekonomia zirkularra sustatuz; izan ere, diseinuan eta ekoizpenean berrerabilera, konponketa eta birziklapeneko behar guztiak betetzen dira. Nature Communications aldizkarian argitaratu berri da aipatu ikerlana, eta plastikoaren arazoa konpontzeko aurrerapauso bat da.

«Bilgarriak beharrezkoak dira elikagaien kalitatea eta segurtasuna bermatzeko –azpimarratu du Haritz Sardón ikertzaileak–. Bilgarriak babesten du produktua kanpo-eragileen aurrean. Oro har, propietate mekaniko onak (harikortasun handia) eta gasekiko eta lurrunekiko iragazkortasun txikia izan behar dituzte; alegia, hesi propietate onak. Bilgarrien sektorean, plastikoak dira material erabiliena, propietate fisiko onak, arintasuna eta kostu txikia direla kausa. Alabaina, egoki birziklatzeko sistemarik ez dagoenez eta ez denez material biodegradagarria, ingurumenean pilatu eta pilatu ari da, arazo neurriz kanpoko bat sortuz».

Arazoa konpontzeko, material biodegradagarriek askoren interesa erakarri dute. Polimero horiek, baldintza egokietan, degradatu egiten dira, eta karbono dioxidoa, ura, biomasa, eta abar sortzen dituzte. «Polimero biodegradagarrien artean, poli(azido laktikoa) da etorkizun oparoa izan dezaketenetako bat. Hala ere, oso zurruna eta hesi ahalmen txikikoa denez, aipatu materiala ez da egokia material komertzialak ordezteko», adierazi du.

Horrenbestez, birziklapen kimikoa gero eta garrantzitsuagoa da. «Material mota hori –dio UPV/EHUko ikertzaileak–, behin balio bizitza amaituta, kimikoki birzikla daiteke, eta jatorrizko monomeroa edo monomero berriak lor daitezke. Monomeroa berrerabili egin daiteke, materiala berriro sintetizatzeko. Hala, ez da hondakin plastikorik sortzen.

Ikerlan honetan, kimikoki birzikla daitezkeen bi homopolimero aztertu dira: poli(gamma-butirolaktona) homopolimeroak propietate mekaniko egokiak ditu, baina oso iragazkorra da gasekiko eta lurrunekiko. Bestalde poli(trans-hexahidroftalida) homopolimeroak kontrako propietateak ditu; oso zurruna da, eta iragazkortasun txikikoa. Horrenbestez, kopolimeroak garatzeko hautua egin da, konposatu/monomero horiek biak konbinatuta. Osaera moldatuta, propietate mekaniko eta hesi ahalmen egokiko materialak sintetizatu ahal izan dira, zeinak polimero biodegradagarriak baino hobeak eta gaur egun bilgarrietan erabiltzen diren materialen parekoak baitira», nabarmendu du.

Egileak

Agustin Etxeberria, UPV/EHUko irakasle titularra; Haritz Sardon, UPV/EHUko irakasle atxikia; eta Ainara Sangroniz, UPV/EHUko Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko doktoregaia.  

Erreferentzia bibliografikoa