euskaraespañol

Matxismorik al dago bideo-jokoetan?

Isabel Ceballos Truebaren Gradu Amaierako Lanak emakumezkoen bat-bateko sartzea aztertu du orain arte sexista izan den entretenimendu honetan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/03

Irudia
Isabel Ceballos Trueba

Bideo-jokoak gizonezkoek gizonezkoentzat eginiko denbora-pasatzat hartuak izan ohi dira, baina bere hobbyen artean entretenimendu hori sartu duten emakumeak gora doaz. Izan ere, Entertainment Software Association elkartearen ikerketa berri baten arabera, bideo-jokoen erabiltzaileen % 48a emakumeak dira Estatu Batuetan.

Emakumeak indar handiz sartu dira bideo-jokoena bezalako industria batean, non emakumezko pertsonaiek trataera hipersexualizatua jaso duten edo gizonarekiko mendekotasun handia agertu duten. Ia % 50era iristen diren emakume horiek hipersexualizatutako pertsonaiekin jolastu behar izaten dute eta, halaber, aurreiritzi eta portaera matxistei aurre egin behar izaten diete jolasten duten bitartean.

UPV/EHUko Kazetaritza ikasle den Isabel Ceballos Truebaren ‘Análisis del World of Warcraft desde una perspectiva de género’ izeneko Gradu Amaierako lanak World of Warcraft (WoW) bideo-jokoko lau emakumezko jokalarien eta egilearen beraren esperientziak aurkezten ditu, gizonak nagusi dituen alor batean emakume gisa bizitzen duten egoera azalduz.

“Egunetik egunera emakumeen presentzia bideo-jokoen arloan normalagoa bada ere, estigma bat da oraindik, bideo-jokoak gogoko dituen emakumea arrarotzat edo mari-mutiltzat hartzen duen gure gizartearen baitan", kexatu da GALaren egile Isabel Ceballos Trueba.

World of Warcraft bideo-jokoak ia zortzi milioi harpidedun ditu; erabiltzaile gehien dituen harpidetza bidezko online jokoa da, eta alde handiz gainera. World of Warcrafta (WoW) ez da salbuespen bat; nagusiki soziala den jokoa den heinean (besteekin erlazionatu beharra dago jolastu eta bere alderdi guztiak probatu ahal izateko), gizartean aurki daitezkeen portaera-eredu matxistak garatzen dira.

UPV/EHUko Kazetaritza ikasle den Isabel Ceballos Truebaren Gradu Amaierako Lanean beraien guztien esperientziak aurkezten dira, gizonak nagusi dituen ingurugiro batean emakume gisa bizitzen duten egoera azalduz.

“Bideo-joko ezberdinen edukiak aztertuz emakumeek bideo-jokoetan duten presentzia eta matxismoaren eragina ikertu duten ikerketa ezberdinak daude. Nik, ordea, World of Warcrafta bezalako elkarrekintza soziala sustatzen duen ingurugiro batean emakumezko jokalariek bizi duten egoera aztertu nahi nuen. Hau da, bideo-jokora jolasten denbora nahikoa daramaten eta, ondorioz, jokoak proposatzen duen online ingurugiroan pertsona asko -gizonak gehienak- ezagutu dituzten emakumeen esperientzia”, azaldu du Isabel Ceballos Truebak.

Eta UPV/EHUko ikaslearen ikerketaren arabera, matxismoa dago, “bai”, World of Warcraft jokoan, “gizartean gertatzen den antzera”. Nahiz eta, anonimatuak babestuta, “beren egunerokotasunean egingo zutenaz baino zertxobait haraindi joatera ausartzen diren”.

Gizonekin izandako esperientzia txarrak txikiagotzen dituzte

Bideo-jokoen emakumezko erabiltzaileek, gainera, “defentsa mekanismoak garatzen dituzte”: beren sexua isilpean mantentzea edo "portaera zakarra izatea beste sexuarekin, gutxiagotasun sentsazio horretatik babesteko”.

Lanaren egileak aurkitu duen arazo nabarmenetako bat, ordea, anaitasunen barruan (jokalarien artean sortutako gizarte taldeak) posizio on bat lortzeko xedearekin emakumeek beraien artean agertzen duten lehia bizia da.

Honela, Ceballosen arabera, emakumezko jokalariak "erosoago sentitzen dira gizonezkoekin jolasten” zeren, matxismo portaerak badaude ere, “jokalari horri ez ikusiarena egiteko aukera izango dute beti eta, honela, arazoa bukatu egiten da". Bizitako matxismo portaerak, ondorioz, ez ziren erabakigarriak izan aztertutako jokalarien joko esperientzia hondatzeko. Egokia ez den portaera agertu zuten emakumezkoekiko, ordea, "arbuio sentimendua” garatu zuten. Aztertutako jokalarien hitzetan, desegokientzat jotzen duten portaeretako bat da emakumezko batzuek jokoaren barruan agertzen duten "atentzioa deitzeko irrika".

 “Nahiz eta esperientzia desatseginenak gizonezkoekin bizi, emakumezko jokalariek esperientzia txar horiek txikiagotzeko joera agertzen dute; arruntagoak badira ere, hain kaltegarriak suertatzen ez zaizkielako”, hausnartu du.