euskaraespañol

Historia Garaikideko doktorea eta Gironako Unibertsitateko irakaslea

Maximiliano Fuentes: «Dena faxismoa bada, ezer ez da, eta hor dago hutsaltzea»

  • Elkarrizketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/03/15

Irudia
Maximiliano Fuentes Albin (Frantzia) | Argazkia: Sandrine Victor

Maximiliano Fuentes Codera (Buenos Aires, 1976) Historia Garaikideko doktorea eta Gironako Unibertsitateko irakaslea da. Bertan, Walter Benjamin, Memòria i Exili katedra zuzentzen du. Egun, 'La patria hispana, la raza latina. Intelectuales, identidades colectivas y proyectos políticos entre España, Italia y Argentina (1880-1945)' proiektuaren ikertzaile nagusia da. Bere azken liburua 'Ellos, los fascistas. La banalización del fascismo y la crisis de la democracia' da. Liburu horretan, Javier Rodrigo historialariarekin batera, aztertzen du ea fenomeno politiko nazionalista eta xenofoboen biziberritzea benetan bat datorren 'faxista' terminoa erabiltzeak zentzua zuen jatorrizko testuinguruarekin. Gaur egungo eztabaida politikoaren narratiba berri horien inguruan jardungo du martxoaren 17an (ostirala) Gizarte Zientzien eta Komunikazioaren Fakultatean emango duen hitzaldian (F mintegia, 10:00etan): 'Fascismos, ultraderechas y derechas radicales. Un debate entre el presente y el pasado'.

Liburua eta hitzaldia geure buruari egiten genizkion galderetatik sortu dira: faxismoa itzuli da? Haren etorreraren atarian gaude? Egungo egoera politikoa aurreko mendeko 20ko eta 30eko hamarkadetakoaren antzekoa da?

Eta zergatik galdera horiek?

Besteak beste, Madrilgo 2021eko hauteskundeen ondorioz sortu dira; izan ere, Ayusok «komunismoa edo askatasuna» lelo famatua sortu zuenean, PSOE eta Unidas Podemos alderdiek honakoa erantzun zioten: «Faxismoaren aurrean, antifaxismoa!». AEBetan Trump agintera iristeagatik ere sortu dira. Gu (Fuentes eta Rodrigo joan den mendeko gerretan eta diktaduretan adituak dira) iraganari buruz dakiguna aztertzen eta gertatzen ari diren zenbait prozesu ikertzen ahalegintzen ari gara, hala nola populismoa, eskuin erradikalak eta postfaxismoa, bai eta egungo demokraziaren krisia ulertzen saiatzen ere.

«Demokrazia etengabe berrikusten ari den erregimen inperfektu bat da»

Beraz, gaur egungo demokrazia benetakoa da krisian egon arren?

Hori da. Benetakoa da, demokrazia etengabe berrikusten ari den erregimen inperfektu bat baita definizioz. Beti kritikak jasotzen ditu, tentsioak jasaten ditu, negoziazio prozesuak izaten ditu... Horrek esan nahi du inor ez dagoela gustura harekin. Aldi berean, politologiaren eremutik, esaten ari dira demokrazia bi zentzutan dagoela krisian: batetik, demokraziaren eta berdintasunaren arteko erlazioan; eta, bestetik, alderdi politikoetakoa eta horiek proiektatzen dutenaren aldekoa izatearen sentimendu falta.

Nola jartzen da agerian krisi hori?

Sozialki desberdina den demokrazia batean bizita, bigarren gerraostetik jasotako alderdi biko sistema askoren inplosioarekin eta sistema parlamentario askoren egonkortasunik ezarekin. Politikaren 'marketizazio' krisi horren ondorioz, alderdi guztiek berdina diotela pentsatzen da.

Beraz, ez da eskuindarrei edo ezkertiarrei soilik eragiten dien krisi bat.

Azkenean, krisi horrek guztioi eragiten digu. Ez da eskuindarren edo ezkertiarren arazo bat. Dena dela, azalpenak bakoitzaren politika ulertzeko moduarekin eta ideiekin lotuta daude, noski.

Zure ustez, 'faxista' izendapena estereotipo bihurtu da eta kontzeptuari zentzu berria eman zaio?

Bai. Norbaiti faxista edo fatxa deitzearen atzean hainbat arazo daude, baina nagusiena da ezin dela jakin eskuin erradikal populistaren zenbait planteamendu zergatik izan duten eta duten halako arrakasta.

Faxista kontzeptua hutsaldu egin da, eta posible da hori gertatu izana ez dakigulako ondo faxismoa zer den.

Hori da. Horregatik, konferentziak tarte txiki bat eskainiko dio gauza horiek azaltzeari (zer den, zer izan zen eta izan zen hartatik zer gera daitekeen), eta egungo egoerari buruz jarduteari eskainiko dio denbora gehien.

Ba al da faxismorik gaur egungo gizartean?

Ultraeskuina bi sektoretan bereizi behar da. Alde batetik, eskuin erradikal populista dago, Vox kasu, zeinak, memoria historikoarekin edo frankismoarekin zenbait elementu partekatzen baditu ere, planteamendu desberdinak dituen. Hau da, ez du sistema demokratiko liberala zalantzan jartzen. Ez du haustura ireki bat planteatzen; aldiz, sistema orrazten du, Hungarian gertatu den kasuetara eraman dezaketen politiken bidez. Kasu horretan, fenomeno bortitz edo hauskorrik egon gabe, sistema demokratiko liberala sistema iliberal bihurtu dute. Eta, beste alde batetik, eskuin faxista edo neonazia dago, hala nola Greziako Urrezko Egunsentia alderdia.

Bai, bi gauza desberdin dira.

Hori da. Multzo berean sar ditzakegu, baina beharrezkoa da bereiztea. Voxek, esate baterako, ez du ekintza bortitz nabaririk egin, eta ez ditu halakotzat aldarrikatu. Desberdina da Trumpen kasua (Kapitolioari egindako erasoa) edo Bolsonarorena. Desberdintasunak daude kontinente edo herrialde batetik bestera.

Noiz edo noiz faxismoa zuritzen ari direla esan duzu.

Bai. Horrekin esan nahi dudana zera da, dena faxista bada, benetan faxista den horri balioa kentzen zaiola. Izan ere, dena faxismoa bada, ezer ez da, eta hor dago hutsaltzea. Hau da, ez da gauza bera sei milioi sarraskitzea edo parlamentuan zenbait astakeria planteatzea, Voxek egiten duen moduan. Desberdintasun bat dago. Faxismoa nahi gabe zergatik hutsaltzen den planteatzea da ideia.

«Agintean alderdi faxista bat izateko aukera aztertuko bagenu, arriskua Europatik kanpo dago, barruan baino gehiago»

Zergatik uste duzu ari dela ultraeskuina gazteen artean ere bidea egiten?

Sare sozialek rol garrantzitsua izan dute. Trumpen eta Bolsonaroren kasuarekin aztertu da. Dena den, etapa desberdinetako prozesu batek eragina du: mende aldaketarekin hasi zen, Berlingo Harresia erori zen..., eta inflexio puntu bat du krisiari, 2008ko Atzeraldi Handiari, aplikatutako politikekin: herstura politikak, perspektibarik eza, demokraziaren krisia, alderdien ordezkagarritasun krisia, krisi ekonomikoari emandako erantzunak, Europar Batasunaren planteamendu askoren porrota, etab. Identitate bereziki nazionalen, krisi ekonomikoaren eta demokraziaren krisiaren edo ordezkagarritasunaren krisiaren esparru horretan, aukera populistak jaiotzen dira, eta gazteentzako proposamen erakargarri bilakatu dira. Faktore horien konbinazioak Vox, Chega! (Portugalen) eta antzeko proposamenak sorraraztea ekarri du.

Faxismoak XX. mendean eragindako gertaera batzuk institutuetan eta unibertsitateetan irakasten dira. Haren ondorioak eta hark eragindako kalteak ikusita, nola da posible oraindik ere jarraitzaileak izatea?

Ikuspegi humanoago batetik zaila da erantzutea, baina analitikoki esan genezake nukleotan iraun dutela bizirik. Beti egongo diren miresleak dira. Estalinismoa edo guztiz beldurgarriak diren erregimenak aldarrikatzen dituen jendea dagoen moduan, faxismoa defendatzen duen jendea dago. Nolanahi ere, talde minoritarioak dira.

Faxismoaren herentziaren aldarrikapena krudelkeriatik edo ezjakintasunetik soilik egin daitekeela idatzi duzu.

Bai, hori da. Zer gertatu zen ez jakiteagatik izan daiteke, nahiz eta harrigarria den garai hauetan ez jakitea, gauza aski jakina delako; edo, bestela, ankerkeriagatik. Izan ere, milioika pertsonaren bizitzarekin amaitu zuela zalantzan jartzea, errepresioak ez zuela bereizketarik egiten esatea, holokaustoa ukatzea... mingarria da, ukaezinak baitira.

Diozu Italiak edo Espainiak ez dutela zertan faxismorantz egin, eta, egun bizi dugun egoera politiko asaldatua gorabehera, ez dela aurreko hamarkadetakoekin alderatzeko modukoa. Hala ere, etorkizunean antzeko egoerak bizi ditzakegula uste al duzu?

Posible da, baina ez da une honetan gertatuko den zerbait. Ildo horretan, garrantzitsua da mendebaldeko eta ekialdeko Europaren arteko bereizketa egitea. Italiako eta Hungariako egoerak ez dira berdinak. Azken horretan, jarrera antiliberalak dituen eskuin erradikal batek urteak daramatza boterean, eta Italian, nahiz eta Fratelli d’Italia bera alderdi postfaxisten jarraipen moduko bat den eta bere lerroetan faxismoa aldarrikatzen duten pertsonak dituen arren, Meloni eraikitzen ari den gobernua postulatu horietatik urrundu egiten da. Ekialdeko kasua oso desberdina da. Gainera, Europan ez da Bolsonaroren edo Lularen antzeko fenomenorik jazo, ez eta gobernuaren aurkako erasorik edo 2021. urtearen hasieran Kapitolioari egindako erasorik ere. Beraz, agintean alderdi faxista bat izateko aukera aztertuko bagenu, arriskua Europatik kanpo dago, barruan baino gehiago.