euskaraespañol

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak 50. urteurrena ospatu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/18

Irudia
Ezkerretik eskumara, Joseba Pineda, Juan Mari Aburto, Nekane Balluerka, Jon Darpón eta José Félix Martí Massó. (Mitxi. UPV/EHU)

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak 50. urteurrena ospatu du gaur arratsaldean Euskalduna Jauregian. Han agintari, irakasle, administrazio eta zerbitzuetako langile eta ikasle eta ikasle ohien ordezkariak izan dira, azken horien artean, lehen promozioko hainbat izan dira.

Besteak beste, bertan izan dira Nekane Balluerka, UPV/EHUko errektorea; Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Jon Darpón, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua; eta Joseba Pineda, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoa.

Ospakizunean eginkizun garrantzitsua izan dute Isabel Izarzugazak eta Joseba Ibarmiak, ‘Basurtuko promozioa’ izenarekin ezagutu zen lehen promozio hartako 250 ikasleetako bik. Halaber, Juan José Goiriena Gandarias eta Carmen Camarero irakasleek eta ikerlariek ere parte hartu dute; eta haiekin batera izan dira Administrazio eta Zerbitzuetako langileak diren Begoña Arechaga, Txaro Dañobeitia, Igone Luis eta Andrés Villanueva. Aurreko horiek guztiak egon ziren fakultatearen hastapenetan. Beren lekukotzarekin osatutako bideoa proiektatu eta gero, José Félix Martí Massok, UPV/EHUko Neurozientziak saileko irakasleak eta 2014ko Euskadi Ikerketa Sariak, hitz egin du. 50 urte hauetan zehar Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak ikerketa lana errepasatu du Martík.

Ekitaldian, UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak ondokoa adierazi du: “UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen ardura izan da gure osasun sistema publiko eta pribatua osatzen duten gizon-emakumeen prestakuntza. Trebatu ditugun profesionalek dute erantzukizun nagusia euskal gizarteak erdietsi duen ongizatean, munduko bizi-itxaropen handienetakoa eta osasun baldintza bikainak dituena”.

Bere aldetik, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekano Joseba Pinedak ikastegiaren historia birpasatu eta zentroaren eta bere pertsonalaren konpromisoa gizartearekin azken bost hamarkadetan aztertu du. Eta etorkizunari begiratuz, Joseba Pinedak erronkatzat jo ditu zahartzea, kronifikatzea eta prebentzioa, besteak beste. “Eskaera horien aurrean, fakultateak iragazkor izan behar du, gizarteak eskatzen dituen osasuneko profesionalik onenak prestatzen jarraitu nahi badu. Gainera, irakaskuntza praktikoak lehen mailako atentziora zabaldu behar du, eta teknologia berriek eskaintzen dizkiguten baliabideez baliatu behar du. Halabar, gure gizarte eta osasun ingurumenarekin errotzea zabaldu behar da arlo profesionalera, XXI. medikuntza fakultate batek ospitaletik gertu egon behar duelako. Oinarrizkoa eta klinikoa hurbiltzea  herrialde baten estrategiarik onena da irakaskuntza praktikoaren eta ikerketa biomedikoaren arteko sinergiak bilatzeko, ez bakarrik fakultatearentzat, baizik eta garatzen den ingurumen klinikoarentzat ere”.