euskaraespañol

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko 600 ikaslek graduazioa ospatu dute, 50. urteurrenean

Aurten, 448 emakumek eta 124 gizonek amaitu dituzte Medikuntza, Erizaintza, Odontologia eta Fisioterapiako ikasketak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/06/08

Irudia
Graduazio Ekitaldian, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko 572 ikaslek eta haien senideek hartu dute parte. (Argazkia: Mitxi. UPV/EHU)

Gaur, ekainak 8, Bilboko Euskalduna Jauregian, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak 2017/2018 ikasturteko graduazio ekitaldia ospatu du, eta era berean, ikastegiko 50. urteurreneko ospakizunei eman die hasiera. Ekitaldian 572 ikaslek eta haien senideek hartu dute parte. Horiekin batera, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreorde Patxi Juaristi, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde Iñaki Berraondo, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekano Joseba Pineda eta promozioaren aitabitxi eta Gasteizko Irakasguneko dekanorde koordinatzaile Miguel Gutierrez ere izan dira zeremonian.

Orain dela 50 urte, 1968ko ekainaren 6ko Lege Dekretuan (Decreto-ley 5/1968, de 6 de junio, sobre medidas urgentes de reestructuración universitaria) Bilboko Unibertsitatea sortu zen, dagoeneko existitzen zen Merkataritza, Ekonomia eta Politika Zientzien Fakultatearekin (Ekonomia arloa) eta Medikuntza Fakultate berriarekin. Gaur egungo Bizkaiko Campusean Medikuntza eta Erizaintza Fakultateak lau gradu eskaintzen ditu: Medikuntza, Erizaintza, Odontologia eta Fisioterapia. Hain zuen ere, ikasturte honetan, Medikuntza graduak 45. promozioa bete du, Erizaintzak 39.a, Odontologiak, 28.a eta Fisioterapiak laugarrena.

Gaurko graduazio ekitaldian, promozioaren aitabitxia Miguel Gutierrezek, Espainiako  Psikiatria Elkartearen presidente ohia izan da, eta 572 ikaslek (448 emakume eta 124 gizon) diplomak jaso dituzte. Medikuntza graduko 301 ikaslek (219 emakume eta 82 gizon); Erizaintzako 167k (156 emakume eta 11 gizon) eta Fisioterapiako 59 ikaslek (35 emakume eta 24 gizon) eta Odontologiako 45 ikaslek (38 emakume eta 7 gizon) parte hartu dute ekitaldian.

Bizkaiko Campuseko errektoreordeak, Patxi Juaristik, hitza hartu du zeremonian eta, gogoratu du aurten 50 urte betetzen direla Medikuntza Fakultatea sortu zela. “Urtean zehar urteurren hau ospatzeko ekitaldiak egingo dira, baina gaurkoan ezin nuen urteurrena aipatu gabe utzi. Izan ere, zuek, era batera edo bestera, orain dela 50 urte Bilboko Unibertsitatearen alde borrokatu zuten horien emaitza zarete. 50 urte hauetan, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleek zein administrazio eta zerbitzuetako langileek euren onena eman dute ikasleek formazio on bat izan dezazuen. Eta egia esan, pozik gaude lortzen ditugun emaitzen. Pozik gaude gure ikasleek lortzen duten mailarekin”, adierazi du errektoreordeak.

Bere aldetik, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoak, Joseba Pinedak, nabarmendu du ikasleen prestakuntza maila eta konpromisoa eta haiek osasun arloetan hasiko duten karrera profesionalari, segurtasun osoz, aurre emango diote. Halaber, Pinedak adierazi du familiek garrantzi handia izan dutela gaurko gradudunek ikasketak amaitu zitzaten; eta, aldi berean familiak seme-alaben lanaz harro izan daitezkeela.

Dekanoak ziurtatu du fakultateak prestakuntza eta ikerkuntza hobetzen jarraituko duela, bikaintasunaren bidean, eta betebeharreko baloreak sakontzen osasun-ogibideetan aritzeko. Euskara indartzea ere da Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko lerro nagusietariko bat, horregatik euskaraz irakaskuntza bultzatzen jarraituko dute. Hain zuzen zere, promozio honetan, 209 ikaslek euskarazko prestakuntza jaso dute.