euskaraespañol

Mendeurrenean, Esteve Materraren 1617ko liburuaren edizio kritikoa argitaratu dute UPV/EHUk eta Euskaltzaindiak

Ikerketa-lanak erakutsi du uste izan dena baino garrantzitsuagoa izan zela Materra, bai euskal literaturaren esparruan, bai hortik kanpo ere

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/27

Irudia
Ekaitz Santazilia, Dorota Krajewska, Adolfo Arejita eta Jesus Mari Makazaga gaurko aurkezpenean

Badira hiru urte Dorota Krajewskak, UPV/EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika saileko ikasle eta ikerlariak, ordura arte galdutzat jotzen zen Doctrina Christianaren ale bat aurkitu zuela Danimarkako Errege Bibliotekan.

Hain zuzen ere, horren eta Oxforden gordetako bigarren argitalpenaren ale bakarraren (1623) edizio kritikoa eta azterketa prestatu berri dute Krajewskak berak eta Aziti Bihia Hizkuntzalari eta Filologoen elkarteko beste kide zenbaitek. Orain, Euskaltzaindiak eta UPV/EHUk eman dute argitara edizio berria, 'Euskararen Lekukoak' eta 'Monumenta linguae Vasconum: Studia et Instrumenta' bildumen barnean.

Esteve Materraren Doctrina Christianak 1617an ikusi zuen argia, Bordelen. Lan horrek eman zion hasiera euskal obra klasiko garrantzitsuenetan (besteak beste, Axularren Geron) erabiliko zen euskalki literarioari. Halaber, lapurtera klasikoaren opera prima hau euskaraz inprimaturiko lehen liburuetako bat ere bada, gutxi baitira Materrarena baino lehenagoko liburuak euskaraz. Gainera, informazio baliagarria dakar lanak orduko euskal testuen irakurle motaz, azaldu du Dorota Krajewskak: “lehen edizioa haurrek zuzenean erabiltzeko egina da, eta bigarrenak marinelak ditu helburu. Bazen garaiko Lapurdin euskaraz irakurtzen zekien komunitate bat”.

Ikerketak ekarritako ikuspegi berriak

Orain arte 'Materre' abizen frantsestuaz aipatua izan den idazle frantziskotarrari buruz hainbat ondorio erauzi ditu ikerketak. Ikerketa-lanak erakutsi du uste izan dena baino garrantzitsuagoa izan zela Materra, bai euskal literaturaren esparruan, bai hortik kanpo ere. Lapurtera klasikoko egile nagusien (Axular, Etxeberri Ziburukoa…) itzalpean geratu izan da Materra, baina orain ondorioztatutakoek bestelako ikuspegia dakarte egileaz eta haren lanaz. “Materra ez bide zen nolanahiko idazlea, bestela, zertarako eskatu euskalduna ez zen kanpotar bati dotrina euskarara bihurtzea, hemen Axular bezalako autoreak izanda?”, argitu du Krajewskak.

Izan ere, erdaraz argitaratu zituen lanek erakusten dute egileak pisua izan zuela kontrarreforma hedatzeko lanetan. Hain zuzen, horregatik bidali bide zuten garai hartan eta Inkisizioaren txingarren beroan Gaskoniatik Lapurdira, fede katolikoaren oinarriak zabaltzeko eta gotortzeko helburuz. Liburua idazteko, hamar hilabetean ikasi omen zuen euskaraz. Ikerketak gai horren inguruko zalantzak agertu baditu ere, behin baino gehiagotan utzi du agerian Materraren hizkera ez dela bere euskal idazle garaikideek erabilitako berbera; alegia, ondoko lapurtar idazleek zenbait ezaugarritan bederen bestelako hautuak egin zituztela.

“Euskal Herriko Unibertsitateko ASJU bilduma lehendabizikoz argitaratu zenetik, Nicolao Landucciren Dictionarium Linguae Cantabricaeren ediziotik, hizkuntzalaritza sinkronikoaren, dialektologiaren, euskararen historiaren eta haren literaturaren eta filologiaren inguruan, goi-mailako ikerketa-monografiak argitaratu dira. Esteve Materraren 1617ko liburuaren edizio kritikoak goi-mailako ikerketa-monografien zerrenda bereziki aberasten digu, batez ere, lau mende egin dituen lapurtera klasikoko lehenengo liburua delako, eta bildumaren ale honetan azaltzen den ikerketa lanak erakusten duelako uste baino garrantzitsuagoa izan zela Materra, bai euskal literaturaren esparruan, bai hortik kanpo ere. Arrazoi hauekin guztiekin batera, balio erantsia dauka gure argitalpen honek Euskaltzaindiarekin elkarlanean egindakoa delako”, nabarmendu du Jesus Mari Makazaga UPV/EHUko Euskararen arloko zuzendariak. 

“Lehen edizio honen alerik ez zen ezagutzen oraintsu arte”, gogoratu du Adolfo Arejita Euskaltzaindiko Iker sailburuak, “harik eta Danimarkako Errege Bibliotekan aurkitu zen arte haren ale bat, katalogatua zena. Materra izenaz agertzen da egilea”. “Arrakasta handia izan zuen Kontrarreforma garaian Iparraldeko partean: bost argitaraldi ezagutu zituen 1617 eta 1704 urte bitartean. Lehen argitalpenaren aurkikundea arrazoi paregabea bihurtu da, euskarazko testuaren azterketa zehatza eta garaiko giroaren hurbiltze-azterketa burutzeko”, azpimarratu du Arejitak agerraldi publikoan.

Argitalpena

Aurretik aipatutakoak eta beste biltzen dituen lana Euskaltzaindiak eta UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak eman dute argitara Euskararen Lekukoak eta Monumenta linguae Vasconum: Studia et Instrumenta bildumen barnean. Edizioaren paratzaileak Dorota Krajewska (UPV/EHU), Eneko Zuloaga (UPV/EHU), Ekaitz Santazilia (Nafarroako Uunibertsitate Publikoa), Borja Ariztimuño (UPV/EHU), Oxel Uribe-Etxebarria (Budapesteko Unibertsitatea) eta Urtzi Reguero (UPV/EHU) filologoak dira, eta Monumenta Linguae Vasconum eta Euskararen historia eta hizkuntzalaritza historiko-konparatua Ministerioko ikerketa-proiektuaren eta Eusko Jaurlaritzako Ikerketa Talde egonkorraren laguntza izan dute lana gauzatzeko.