null

Obesitatea duten emakumeen obuluek omega-3 gantz-azido gutxiago dituzte

Ugalketa lagundua baliatu duten 205 emakumeren 922 obozito analizatu ditu UPV/EHUko zenbait ikertzaile partaide izan dituen ikerketa batek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2020/05/14

Roberto Matorras

UPV/EHUko, Gurutzetako Ospitaleko, IVI Bilbao klinikako eta Biocruces Bizkaiako ikertzaileek egindako azterketa batean, agerian utzi dute emakume obesoen edo gainpisua dutenen obozitoek besteek ez bezalako gantz-azido konposizioa daukatela. Litekeena da maila-diferentzia hori lotuta egotea in vitro ugalketako emaitza txarrekin, eta iradoki lezake gainpisua duten emakumeen seme-alabek ingurune kaltegarria dutela baita ernaldu aurretik ere.

Euskal Herriko Unibertsitateko, Gurutzetako Ospitaleko, IVI Bilbao klinikako eta Biocruces Bizkaiako ikertzailez osatutako talde batek aurkitu du emakume obesoen eta gainpisua duten emakumeen obozitoek —obulu heldugabeek— omega-3 gantz-azidoen kontzentrazio txikiagoak dituztela. Gorpuzkera arrunta, gainpisua eta obesitatea duten 205 emakumeren in vitro ugalketako 922 obuluren lipido-konposizioa aztertu duten ikerketa batean —zeinaren gidari izan baita UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintzako Fakultateko katedradun Roberto Matorras Weinig—, aurkitu dute emakume obesoen eta gainpisua duten emakumeen obozitoek oso lipido-konposizio desberdina dutela. Ikerketaren emaitzak Fertility and Sterility aldizkarian argitaratu dituzte.

Omega-3 gantz-azidoak funtsezkoak dira giza dietan; hartu egin behar dira, organismoak ez baititu sintetizatzen.  Oro har, oso gutxi hartzen dira mendebaldeko dietan. Bestalde, UPV/EHUko Medikuntza eta Kirurgia Espezialitateak saileko Matorras doktoreak azaldu duenez, “omega-3 gantz-azidoek lehia metabolikoa izaten dute omega-6ekin, eta, hain zuzen ere, omega-6 gantz-azido gehiegi hartzen dira mendebaldeko dietan. Beraz, omega-6 asko hartzeak eragiten du omega-3en mailak baxuak izatea. Litekeena da hori izatea obuluetako maila baxuen mekanismoa”.

 

Baliteke haur-obesitatea ernalketaren aurretik abiaraztea

Obesitatea osasun-publikoko arazo ezaguna da, eta ondorio ugari ditu hainbat organotan. “Haurdunaldian eragiten dituen arazoetako bat da haur makrosomikoak jaiotzea (pisu handikoak), eta horrek, gero, haurtzaroan eta helduaroan obesitatea izateko arriskua eragin dezake. Orain arte, amaren haurdunaldiko obesitateari eta haurtzaroko dieta desegokiei egozten zitzaien hori. Baina egin ditugun aurkikuntzekin, pentsa dezakegu agian haur horien arazoak ernaldu aurretik ere has daitezkeela, haurra sortu duen obuluak lipido-konposizio okerragoa duelako”, adierazi du Matorrasek.

Bestalde, ikertzaileak erantsi duenez, “paziente obesoek emaitza okerragoak dituzte in vitro ugalketan, eta emaitza horiek azaltzeko arrazoi asko eman izan dira. Aurkikuntza honekin, mahai gainean jarri da ugalketako emaitza okerragoen beste arrazoi posible bat”.

 

Informazio osagarria

Ikerketaren gidaria Roberto Matorras doktorea izan da, UPV/EHUko Medikuntza eta Kirurgia Espezialitateak saileko eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Obstetrizia eta Ginekologia saileko irakaslea. Bestalde, erakunde hauetako ikertzaileek ere parte hartu dute ikerketan: Bilboko Instituto Valenciano de Infertilidad (IVI), Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutuko zenbait talde, UPV/EHUko Matematika Saila eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saila.

Erreferentzia bibliografikoa