euskaraespañol

Miguel Delibesi Aitorpen Akademikoa egin zaio Ekonomia eta Enpresa Fakultatean

Idazle ezagunak 1942an lortu zuen Merkataritzako Intendente titulua eman die Miguel Delibesen senideei UPV/EHUk

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/11

Irudia
Miguel Delibes Fundazioaren presidente den Elena Delibes de Castro. Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU

UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Elkanoko Atalaren Gradu Aretoan Miguel Delibesi Aitorpen Akademikoa egiteko ekitaldia burutuko da. Idazle ezagun eta Espainiako Erret Akademiako urgazleak 1942an merkataritzako intendente titulua eskuratu zuen, orduan Goi Merkataritza Ikasketen eskola bezala ezagutzen zen zentroan.

“Miguel Delibes literatura munduko idazle apartenetakoa izan da, eta gurekin harreman bat izan zuela jakiteak (Elkanoko Merkataritza Eskolan titulu zen)  zur eta lur utzi gaitu. Egundaino jaso gabe egon den intendente titulu bat agertu izanak, Delibesen iraganeko pasarte ezezagun bat erakutsi  digu eta asko pozten gaitu”, zoriondu da Jon Barrutia, Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoa.

Valladolideko Escuela Profesional de Comercio zentroan ikasi zuen lehenago Miguel Delibes Setienek, eta Merkataritzako Irakasle titulua eskuratu zuen.1941ean Bilbora etorri zen ikasketak osatu eta Merkataritzako intendente titulua eskuratzera. Titulu horrek egungo doktoretzaren eskuduntza profesionalak eta abantailak ematen zituen.

Hala, ziurtagiri ofizialen arabera, titulua 1942ko irailaren 30ean eskuratu zuen, baina inoiz ez zen etorri titulua hartzera. Ordutik hona titulu hori UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko artxiboetan egon da.

Ekitaldian aipatutako titulua eman zaio idazlearen alaba eta Miguel Delibes Fundazioaren presidente den Elena Delibes de Castrori, zeinak familia ordezkatu duen. Ekitaldi hau Fundazioak idazlearen mendeurrena ospatzeko 2020an egingo dituen ekimenen barruan  kokatu behar da.

Elisa Delibes de Castrok bihotzez eskertu du orain dela 78 urte lortutako titulua: “Bilbora etortzen zenean Amistad kaleko pentsio batean bizi zen; hala, orduko hiriarekin harreman estua izan zuen. Familiarentzat eta Miguel Delibes Fundazioarentzat titulu hau altxor bat da. Asko eskertzen dugu titulua eta baita omenaldi hau jaso ahal izatea ere. Niretzat zirraragarria ari da izaten”.