euskaraespañol

Minbiziaren aurkako bi tratamendu berritzaile konbinatzeko proiektu bat saritu dute

Bi terapiak aparte ari dira garatzen eta orain arte ez dira inoiz batera aplikatu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/22

Irudia
Emma Welbourne, Daniela Valdés, Irati Rodrigo eta Michael Stanton. Argazkia: Laura López. UPV/EHU.

Irati Rodrigo Arrizabalagak, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko MIMASPEC ikerketa taldeko doktoregaiak, nazioarteko sari bat irabazi du, magnetismoko nazioarteko elkarte handienak ‒IEEE Magnetic Society‒ antolatutako uda ikastaroan.

Kolon eta ondesteko minbiziaren aurkako bi tratamendu berritzaile konbinatzea da proiektuaren helburua. Batetik, hipertermia magnetikoa eta, bestetik, suntsipen magnetomekanikoa.

Bi terapiak aparte ari dira garatzen eta orain arte ez dira inoiz batera aplikatu. “Hipertermia magnetikoa minbiziaren aurkako terapia berritzaile bat da: nanopartikula magnetikoek, tumore-ehunetan estrategikoki kokatuta, energia xurgatzen dute kanpoko irratifrekuentzia-eremu magnetiko batetik, eta bero-iturri gisa funtzionatu eta tenperatura handiagoaren eraginez zelula kantzerigenoak suntsitzen dituzte”, azaldu du UPV/EHUko ikertzaile Irati Rodrigok.

Suntsipen magnetomekanikoa ere minbiziaren aurkako tratamendu sortu berria bat da, eta disko-formako partikula magnetikoak tumorean ezartzean eta frekuentzia baxuko txandakako eremu magnetiko bat aplikatzean datza. “Horrek diskoen oszilazio higidura sorrarazten duenez indar mekanikoa transmititzen diote zelulari, bere mintza hausteko eta ondorioz bere heriotza eragiteko bide emanez”, azaldu du Rodrigok.

Beraz, lehenengo terapian, zonaren tenperatura handitzearen eraginez suntsitzen dira zelula kantzerigenoak, eta bigarrenean, partikulen higidura mekanikoaren eraginez. “Biek, terapia onkologiko konbentzionalek ez bezala, ehun kantzerigenoak erasotzeko gaitasuna dute, osasuntsuak kaltetu gabe, eta kirurgia beharrik gabe”, nabarmendu du.

“Orain, bi tratamendu horiek garapen fasean daude eta ez dira % 100 eraginkorrak. Beraz, biak konbinatzean, banan-banan aplikatzen direnean baino zelula kantzerigeno gehiago suntsitzea espero dugu”, azpimarratu du Rodrigok.

Unibertsitate arteko proiektua

“IEEE Magnetic Society” elkarteak emandako saria 5.000 dolarreko (4.350€) finantzaketa bat da kolon eta ondesteko minbizia tratatzeko proiektu hau praktikan gauzatzea xedetzat hartuta. Irati Rodrigok proposatu zuen proiektua, beste hiru ikertzaile gazterekin batera: Emma Welbourne eta Michael Stanton, Cambridgeko Unibertsitatekoak (Ingalaterra), eta Daniela Valdés, Bariloche-ko Balseiro Institutukoa (Argentina).

Irailean Cambridgera joan zen taldea kolon minbiziko zelulen eta bi tratamenduetan erabilitako partikulen arteko interakzioa aztertzeko (terapia bakoitzean partikula desberdinak erabiltzen dira, nanopartikulak hipertermian eta mikrodiskoak suntsipen magnetomekanikoan).

“Partikula mota desberdinen arteko interakzioa ulertzea garrantzizkoa da bi tratamenduak batera aplikatu ondoren nola jardungo duten ikusteko. Gainera, ezinbestekoa da aztertzea non dauden partikulak tumore-zonan lokalizatuak izan ondoren, zona hori nola kaltetu dezaketen (edo ez) ulertzeko. Horretarako, mikroskopiako teknika desberdinak erabili ditugu eta haien lokalizazioa eta konfigurazioa behatu ditugu”.

Irati Rodrigo eta beste hiru ikertzaile gazteak UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean daude orain, UPV/EHUko MIMASPEC ikerketa taldeak aldez aurretik garatutako ekipoetan tratamendua aplikatzeko, horietan ari baita garatzen bere tesia Rodrigo.

“Hemen, Leioan, nire ikerketa taldeak garatutako ekipoan aplikatuko dugu hipertermia magnetikoa. Zelula-kultiboak erabiliko ditugu eta horiei bi tratamenduetan erabilitako eta nire proiektu kideek sintetizatutako partikulak gehitu zaizkie. Bestalde, suntsipen magnetomekanikoa aplikatuko dugu Cambridgeko Unibertsitateak diseinatu eta ekarritako ekipo batekin. Azkenik, bi tratamenduak batera aplikatuko dira zelula-kultibo berean, gerta daitekeen hobekuntza ebaluatzeko.

Proiektu hau garapen fasean dago orain eta 2019ko urtarrilean aurkeztuko dira emaitzak “2019 Joint MMM-Intermag” konferentzian: munduko magnetismoko konferentzia garrantzitsuena da eta Washingtonen (AEB) egingo da. “Espero dugu tratamenduetako batek suntsitu ez dituen zeluletako batzuk besteak suntsitzea”.

Irati Rodrigo Arrizabalaga

Irati Rodrigo Arrizabalaga (Bilbo, 1989) UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko MIMASPEC ikerketa taldeko doktoregaia da eta BCMaterials - Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures zentroko ikertzailea. Orain, ‘Hipertermia magnetikorako teknika esperimental berrien garapena’ izenburua duen tesia egiten ari da. Saritutako proiektua “IEEE Magnetic Summer School” nazioarteko ikastarotik sortua da. Iratik joan den uztailean egin zuen ikastaroa Quiton, eta bertaratu zirenek buru izan eta aurrera eraman nahi lituzketen proiektu desberdinak aurkeztu zituzten.