null

Keinu txiki asko, aldaketa handia lortzeko

“BerrAktibatu+ Unibertsitateak” ingurumen ekimena sendotzen da UPV/EHUn harrera ezin hobea hartuz hiru campusetan

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2020/06/04

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingurumen lan-taldearen bilera bat

Txorrota bat gaizki itxita, beste ur botilatxo bat, paper gehiago edukiontzi urdinetik kanpo... Eguneroko keinuak dira, baina, batuz gero edo unibertsitateko kide bakoitzarekin biderkatuz gero, ingurumen inpaktu handia sortzen dute. Eragin hori murriztu egin daiteke ‘BerrAktibatu+ Unibertsitateak’ ekimenak proposatzen dituen aldaketa txikien bidez. UPV/EHUko 1.500 kidek programarekin bat egin dute dagoeneko.

Asmo horrekin jaio zen Aktibatu+ duela hiru urte. Ekimen hori Ekintza Plan Orokorraren zati da (ingelesez, GAP), eta Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta beste erakunde batzuek parte hartzen dute. Horren helburua da gizartea konpromiso pertsonal sinple batekin bat egitera bultzatzea da (konpromiso hori sinplea bada ere, funtsezkoa da gure ingurumenerako).

Proposamena ondo hartu zen UPV/EHUn; martxan daramatzan hiru urteetan, 1.500 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte ekimenean, eta horrek erakunde bultzatzaileak 2018-2019 ikasturtean goi mailako hezkuntza erakundeentzako berariazko modalitate bat martxan jartzera animatu zituen: “BerrAktibatu+ Unibertsitateak”.

 

Ura, mugikortasuna, energia, erosketa, hondakinak eta elikadura

BerrAktibatu+ Unibertsitateak programan unibertsitate campusetako jasangarritasunean laguntzen duten eguneroko lau ingurune jorratzen dira: kontsumoa murriztea, bai urari, bai energiari, bai hondakinei dagokienez; eta erosketa ohiturak aldatzea, halaber, elikadura ohitura osasungarriagoei bide emateko moduan.

Programak berak zera dio: “Parte hartzaileen lanak funtsezko rola izango du Unibertsitatearen Garapen Jasangarrirako Helburuen inguruko jokabideak positiboagoak izan daitezen lortzen”.

Azken bi ikasturteetan, zenbait ikastegik eta zerbitzuk ekimenarekin bat egin dute, eta Iraunkortasunaren arloko Zuzendaritzaren bidez parte hartzeko eskatu dute.

Horietako bat Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola da. “Gure ikastegian urteak daramatzagu Ekoscan programan parte hartzen, paperaren kontsumoa murrizteko eta paper birziklatua erabiltzeko. Programa hori amaitzen ari zela jakinarazi ziguten, eta ekimen berri honetan sartzea erabaki genuen”, azaldu du Mercedes Urgoiti Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Administrazioko buruak.

BerrAktibatu+ Unibertsitateak programan parte hartzen duten ikastegi eta zerbitzu guztiek ekintza plan bat diseinatu eta abian jartzen dute, lau elementu horietako bat landuz.

“Gure kasuan, ur kontsumoa eta hondakinen murrizketa lantzea eta birziklatzea sustatzea erabaki genuen, batez ere”, azaldu du Jorge Sánchezek, Farmazia Fakultateko, hots, beste ikastegi parte hartzaile bateko, Administrazioko buruak. Ingurumena hobetzeko bere taldea AZP, IRI eta ikasleek osatzen dute, borondatez.   “Hor ikasturterako proposamenak aztertzen ditugu, eta ikastetxeko zuzendariari iradokitzen dizkiogu”, zehaztu du Sánchezek.

Nabarmentzekoa da AZPek programako lantaldeetan duten presentzia eta inplikazioa. 

“Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan asko eztabaidatzen dugu, adibidez, energia murrizteari eta igogailuen erabilerari buruz, eta, batez ere, hau guztia ezagutzera emateko moduari buruz”, azaldu du Urgoitik. Adibidez, eskaileretan seinaleak daude, eskailerak erabiltzera animatzeko.

 

Liburutegi «berdea»

Gipuzkoako Campuseko Liburutegia ere aitzindaria da ingurumen esperientzia horietan. Duela urte batzuk hasi ziren Ekoscan programarekin, eta ikasturte honetan BerrAktibatu+ Unibertsitateak programan sartu dira. Marian Piñeiro zuzendariondokoak gogorarazten duenez, “orduan oso talde inplikatu bat sortu zen, proiektu horiek landu nahi zituena, argi genuelako «liburutegi berdearen» irudia eman nahi genuela, jendeak, sartzen zenean, jasangarritasunarekiko konpromiso hori sumatzeko”.

Hain zuzen ere, Liburutegien Elkarteen Nazioarteko Federazioak ingurumen arloko ekimenetarako antolatzen dituen IFLA Green Library Awards sarietara aurkeztu ziren. “Ez genuen irabazi, baina… han izan ginen”, Marian Piñeirok gogora ekartzen duenenez.

BerrAktibatu+ Unibertsitateak programan sartu zenean, Gipuzkoako Campuseko Liburutegiko taldea handitu egin zen, eta kide berriak sartu ziren: Carlos Santamaría ikastegiko gainerako Administrazioko eta Zerbitzuetako langileak, alegia.

"Zenbait kanpaina egin ditugu edalontzien, plastikozko botilen eta paperaren kontsumoa murrizteko"

“Zenbait kanpaina egin ditugu edalontzien, plastikozko botilen eta paperaren kontsumoa murrizteko; makinaren ondoan kafea hartzen ari ziren edo irakurtzeko geletan ur botila bat zeukaten ikasleengana hurbildu ginen, eta berriro erabiltzeko moduko edalontzi edo botila bat eman genien”, azaldu du Piñeirok.

“Eskertu egiten zuten —gogoratzen du—, polita izan zen interakzio hori bizitzea eta ikustea nola baloratzen zuten; izan ere, kontua ez da soilik hondakinak murriztea edo birziklatzea, baizik eta, halaber, «liburutegi berde» gisa ematen duzun irudia eta liburutegiko langileen konpromisoa, ikasleak harritzen zituena”, dio liburutegiko arduradunak.

Leioa-Erandioko Liburutegi Nagusiak ere parte hartzen du ikasturte honetan. Rubén Belandia zuzendariondokoak honela azaldu du: «Hemen, hasteko, paperontzietara botatzen zena neurtu genuen, eta, gero, hondakinak bereizteko aukera ematen duten edukiontzi handiekin ordezkatuko ditugu ontziok».

Belandiak aurreratu duenez, bidean dauden beste proiektuen artean daude “fluoreszenteen ordez LED lanparak jartzea, askoz gutxiago kontsumitzen dutelako, eta, epe ertainean, esku lehorgailuak jartzea, paper gutxiago kontsumitzeko”.

Elkarrizketatutako pertsona guztiek azpimarratu dute zeregin horretan ezinbestekoa izan dela garbitzaileen laguntza, birziklatze lan horrek dakarren lan gehigarria beren gain hartu baitute.

 

Bilakaera egokia

Estíbaliz Sáez de Cámara Oleaga, Iraunkortasuneko zuzendaria, baikorra da ekimen hauek hasieratik egin duten ibilbidearekin: “Pixkanaka hazi nahi izan dugu, lantaldeei laguntzeko eta haien bilakaera egokia izan dadin”.

“Horregatik, BerrAktibatu+ Unibertsitateak programan lau ikastegi eta zerbitzurekin hasi ginen, eta, orain, bederatzi gara edizio berri honetan, eta inplikatutako pertsonen kopurua nabarmen handitu da”, esan du Sáez de Cámarak.

Parte hartzeari dagokionez, esanguratsua da ekimenak ikasleen artean sortzen duen arreta, interesez ikusten baitute ikastegietako lantaldeetan parte hartzeko aukera, maila akademikoan eskaintzen dituen pizgarrietatik haratago.

Hala ere, nabarmendu behar da Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen taldea, unibertsitateko kolektiborik txikiena izan arren, antolatzen diren ingurumeneko lantaldeetan parte hartzen duen bigarren taldea dela, eta konpromiso esanguratsua erakutsi duela.

Iraunkortasuneko zuzendariak nabarmendu duenez, “AZPek zuzentzen dituzte proiektu horiek. Hain zuzen ere, zenbait talde ia kolektibo horrek soilik osatzen dituzte”.

Aipatzekoa da, beste behin ere, ingurumenaren aldeko konpromisoak, lankidetzaren esparruan bezala, emakume izena duela, kolektibo hori gizonena baino bi aldiz handiagoa baita.

 

Hurrengo edizioan, parte hartzaile gehiago

“Dena prest genuen ekainean Farmazia Fakultateko hallean emaitzak aurkezteko eta proiektuarekin jarraitzeko, baina koronabirusak eragotzi egin digu —kexatu da Sánchez—; onena da bide luzea egin dugula eta osasun egoera normalizatu bezain laster aurrera egin ahal izango dugula” dio baikor.

Iraunkortasuneko zuzendaria dagoeneko planifikatzen ari da hurrengo edizioan sartu beharreko zerbitzu eta ikastegi berrien proposamenak, irailerako zehaztuko direnak.

Parte hartu nahi duen UPV/EHUko pertsona orok du beti atea irekita. Horretarako, bakarka egin dezake, GAP programaren bidez, BerrAktibatu+ programan, edota bere ikastegi eta zerbitzuetako ingurumen hobekuntzako taldeetan edo BerrAktibatu+ Unibertsitateak programan parte hartuz.

Iraunkortasuneko zuzendari Estíbaliz Sáez de Cámara Oleagak dioenez, “keinu txiki asko batuta, aldaketa handia lor dezakegu, eta zer hobe Unibertsitatetik bertatik hastea baino”.