euskaraespañol

'Emakume bizkor eta eraginkorrak Bilbon (1800-1936), unibertsitate argitalpeneko sari nazionala

Epaimahaiak nabarmendu du UPV/EHUk kaleratutako liburua “emakumeek, itzalpetik aterata, gizartean duten papera aldarrikatzeagatik”

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/07/08

Irudia
Ezkerretik eskumara, Joseba Agirreazkuenaga, Mikel Urquijo eta María José Villa. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Joseba Agirreazkuenaga, Mikel Urquijo eta María José Villa Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek zuzendu eta editatutako 'Emakume bizkor eta eraginkorrak Bilbon (1800-1936)' liburua, UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu duena, Unibertsitate Argitalpeneko XXIV. Sari Nazionalen irabazleetako bat da. Hain zuzen ere, Gizarte eta Lege Zientzien arloko monografiarik onena bezala nabarmendu dute, "emakumeek gizartean duten papera, kasu honetan Bilbo hiriaren eremuan, itzalpetik aterata, denboran zehar aldarrikatzeagatik", azpimarratu du epaimahaiak. Espainiako sektore kultural eta zientifikoan ospe handia duten pertsona independenteak izan dira epaimahaikideak. Espainiako unibertsitate eta ikerketa-zentroek 2020an argitaratutako 200 lan baino gehiago lehiatu dira ezarritako hamabi kategorietan.

'Emakume bizkor eta eraginkorrak Bilbon (1800-1936)’ 'Biography & Parliament ikertaldeak egindako ikerketaren emaitza da. Liburuak euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak ditu, eta hiru ataletan egituratzen da. Lehenengoan, sarreran, proiektuaren garrantzia eta esparru teorikoa azaltzen dira. Bigarren atalak hiru kapitulu monografiko ditu, Bilbon 1800etik 1936ra bitartean emakumeek bizi zuten egoera hiru ikuspegitatik aztertzen dutenak: politika, lana eta hezkuntza. Hain zuzen ere, Maria Jose Villak 'Emakumea eta politika Bilbon (1900-1936)' gaia aztertu du; Arantza Parejak 'Emakumeak eta lana Bilbo garaikidean (1800-1936)' kapitulua idatzi du, eta Karmele Perezek, Begoña Bilbaok eta Gurutze Ezkurdiak 'Emakumeen goi-mailako prestakuntza: Bilboko Eskola Normala'.

Azken atalak Bilbon abangoardian dauden hamar emakumeren biografiak eta bizitza ibilbideak biltzen ditu: Bizenta Mogel Elgezabal (Azkoitia, 1782-Bilbo, 1854), euskarazko lehen idazlea; Casilda Iturrizar Urquijo enpresaria eta filantropoa (Bilbo, 1818-1900); Juana Whitney Dove maistra eta ekintzailea (Niza, 1857-Lizarra, 1945); Benita Asas Manterola (Donostia, 1873-Bilbo, 1968), mugimendu feministaren aitzindaria Espainian; Adelina Méndez de la Torre (Castropol (Asturias), 1871-Bilbo, 1960), maistra, pedagogoa eta Bilboko Maisu-maistren Eskola Normaleko zuzendaria; Virginia González Polo (Valladolid, 1873-Madril, 1923), sindikalista, politikaria eta emakumeak PSOEn parte hartzearen bide-urratzailea; Ticiana Iturri Landajo (Portugalete, 1904-Bilbo, 1969), Medikuntzan doktorea eta Bizkaiko Medikuen Elkargoan kolegiatutako lehen emakumea; Marcelina Elesgaray Arrospide (Busturia, 1877-Bilbo, 1962), zerbitzaria, sukaldaria eta ekintzailea; Sorne Unzueta Landeta ‘Utarsus' (Bilbo, 1900-Urduliz, 1998), idazlea, olerkigilea, Emakume Abertzale Batza; eta Haydée Agirre Doradel (Santurtzi, 1906-Bilbo, 1998), Emakume Abertzale Batza, EAJ-PNVko propagandista nabarmena.

Liburua UPV/EHUren eta Bilboko Udalaren arteko ‘Emakumeak Bilbo Garaikidearen Historian' lankidetza- eta ezagutza-transferentzia- proiektutik sortu zen, eta hedatzeko, saritutako liburuaz gain, erakusketa ibiltari bat ere antolatu zen. Erakusketa horri buruzko material didaktikoak prestatu ziren, bisitatzen duten ikastetxeek ikasgelan berdintasuna, feminismoa eta antzeko gaiak landu ditzaten. Erakusketa Bilbo, Portugalete eta Bakion ikusi ahal izan da orain arte. "Proiektuaren helburua emakumeak Bilboko historian ikusgai jartzea da. Hari nagusia XIX. eta XX. mendean zehar hiribilduaren barruan eta hiritik kanpo protagonismoa hartu zuten emakumeen biografiak dira. Horrela, bere biografien bidez, Bilboko historia bat egiten da, emakumeen eragin eta presentzia aktiboa duten elkarte eta erakundeena. Gizarte-maila desberdinetakoak eta kontrakoak ziren emakumeen bizitza-istorioak hautatu ditugu, bai eta emakumeen hezkuntzarekin eta lanarekin eta lan-munduan, pribatuan (etxeko zerbitzuan) eta publikoan (lantegietan, meatzeetan, bulegoetan) duten presentziarekin lotutako guztia ere", azaldu du Joseba Agirreazkuenaga Historia Garaikideko katedradunak eta egileetako batek.

Proiektuan, Joseba Agirreazkuenaga, Mikel Urquijo eta María José Villarekin batera UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile hauek hartu dute parte: Eduardo Alonso Olea, Begoña Bilbao Bilbao, Karmele Pérez Urraza, Gurutze Ezkurdia Arteaga, Sara Hidalgo García de Orellán, Juan Gondra Rezola, Jon Kortazar eta Arantza Pareja Alonso.

Unibertsitate Argitalpeneko XXIV. Sari Nazionalak datorren azaroaren 18an banatuko dira, Valentziako Unibertsitatean egingo den UNEren (Unión de Editoriales Universitarias Españolas) Batzar Nagusian.