euskaraespañol

Musikene, UPV/EHU eta Eresbilek argitalpen elkarlan lerro berria jarri dute abian

Patricio Goialde da Los orígenes de la música de jazz en San Sebastián (1919-1936) liburuaren egilea, Donostiako Udala laguntzaile duela

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/09/25

Irudia

Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko irakasle askoren profil ikertzaileak bide eman du Musikene, UPV/EHU eta Eresbilek irakasle horien lanak lehentasunez ardatz dituen argitalpen elkarlan lerro bat sortzea erabakitzeko. Serie honetako lehenengo liburukiak Donostiako jazza du protagonista, Filologia Hispanikoan doktore, jazz musikari eta 2002. urtetik Musikenen irakasle den Patricio Goialderen ikerketatik abiatuta. Los orígenes de la música de jazz en San Sebastián (1919-1936) da liburuaren izenburua eta helburu nagusi du, egilearen hitzetan, “Donostian jazz musikaren jatorria ikertzea eta Gerra Zibilaren aurreko garaiaren panoramika orokorra aurkeztea, ibilbidea 1919an hasiz, urte horretan programatu baitzen hirian lehenengo aldiz jazz band baten emanaldia, eta 1936an amaituz, altxamendu militarrarekin eta gudaroste frankistek hiria laster hartzearekin”.

Argitalpenak Musikene, UPV/EHU eta Eresbilen arteko harremana sakontzen du eta hiru erakundeek sustatutako ekimen honetara bildu du Donostiako Udala, edukiak hiriarekin lotura estua izanik proiektuari lagundu nahi izan baitio. “Urte horietan jazza garrantzizko osagai izan zen Donostiako bizitza kulturalean musika genero honek askotariko ikuskizun programazioa baitzuen, zabalagoa uda garaian baina urte osoa zehar iraunkorra, beraz jazzaren presentzia etengabeko aldaketan zegoen munduaren beste irudikapen bat izan zen, musika programazioan ez ezik hiriko bizitza kultural eta intelektualean ere eragina izan zuena”.

Patricio Goialde Palacios

UNEDen Filologia Hispanikoan Doktore (Doktoretza Sari Berezia), musika ikasketak Bartzelonako Aula de Música Moderna y Jazz eta Taller de Musics eskoletan egin zituen. Funtsezkoak diren ikerketa lanak argitaratu ditu jazz musikaren alorrean (Historia de la música de jazz I, II eta III), literaturan (La interpretación, el texto y sus fronteras), eta bien arteko harremanen inguruan (zenbait artikulu 27ko Belaunaldiaren inguruan edo Julio Cortázar eta Alejo Carpentier bezalako idazleen inguruan). Aldi berean jarduera bizia garatu du gitarra elektriko eta zenbait materia teorikoko irakasle gisa, hala nola harmonia edo musikaren historia 2002. urtetik Musikene - Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian. Bertan gestio karguak ere izan ditu, zuzendaritza akademikoa, besteak beste. Jazz-hitz jazz musikaren inguruko ikerketa aldizkariaren zuzendari da.