euskaraespañol

‘MUSIVERSIKA’, Unibertsitate Musikaren II. Lehiaketa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/11

Irudia

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak abian jarriko du ‘MUSIVERSIKA’ unibertsitate musikaren lehiaketaren bigarren edizioa, EHUkulturak eta Arabako campuseko errektoreordetzak antolaturik, UPV/EHUko konpositore eta interprete gazteak aurkitu eta sustatzea helburu hartuta. Aldi berean, azpimarratu eta biztu nahi ditu unibertsitateko musika jardunak, estiloa edozein delarik, duen garrantzia eta kultur erakargarritasuna eta, zeharka, unibertsitateko kideen kultur ekimenak bideratu.

Lehiaketa bi fasetan jokatuko da, eta banakako musika proiektuak edo taldekakoak aurkeztu ahal izango dira, betiere gutxienez taldekideetako bat Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko komunitatearen parte bada (ikasle, AZPkoa edo IRI). Ziurtagiriak aurkeztu beharko dira hori egiaztatzeko.

Edozein musika estilo edo joeratako proiektuak onartuko dira, inolako mugarik gabe, eta, parte hartzeko, talde edo bakarlariaren lanaren bereizgarri den grabazioren bat aurkeztuko da. Edozein formatu onartuko da: mp3 edo beste soinu formatu batzuk, YouTubeko kanalerako esteka, Bandcampekoa, Soundcloudekoa, etab.

Kantak musika proiektuaren edo taldekideetakoren baten konposizioak izango dira, eta kanten eskubideak ez dira egongo ezein disko etxeren esku edo abestiak zabaltzeko, grabatzeko eta editatzeko eragozpenak edo betebehar ekonomikoak ezartzen dituen beste edozein erakunderen esku. Jaialdian parte hartzeko, gutxienez lau abesti propioz osatutako errepertorioa izan behar dute musika proiektuek.

Abestiak musiversika@gmail.com helbide elektronikora bidali behar dira 2019ko martxoaren 25era bitartean, eta gaian musika proiektuaren izena adierazi behar da (artista edo taldea), baita mezuaren zenbakia ere (bidali diren hurrenkeran), baldin eta bat baino gehiago bidaltzen badira.

Lau musika proiektu hautatuko dira bigarren fasera igarotzeko, eta proiektu horiek lehiaketa/kontzertu batean parte hartuko dute abestiak zuzenean joz, 2019ko apirilaren 11an, Gasteizko Unibertsitate Pabiloian.

Informazio gehiago:

https://www.ehu.eus/eu/web/ehukultura-araba/musiversika