euskaraespañol

UPV/EHUn doktore Laura Menattik paisaiari buruzko tesi onenaren saria lortu du

Landscape Research Group-ek saritutako lanak espazio eta lekuaren kontzeptuak aztertu ditu mundu global batean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/02/12

Laura Menatti
Laura Menatti

Britainia Handiko Landscape Research Group erakundeak paisaiari buruzko doktorego tesi onenaren saria eman dio UPV/EHUko doktore Laura Menattiren 'A New Geophilosophy. The analysis of the concepts of space and place in a global world' (Geofilosofia berri bat: mundu global bateko espazioaren eta lekuaren kontzeptuen analisia) tesiari.

Landscape Research Groupek aurrera egin nahi du pertsonen eta paisaiaren arteko harreman parekideari eta iraunkorrari bide emango dion ikerkuntzan. Erakunde horrek Landscape Research Journal eta Landscape Research Extra aldizkariak kaleratzen ditu, eta, urtero, paisaiari buruzko doktorego tesi, master amaierako lan eta gradu amaierako lan onenak saritzen ditu. Hala, Laura Menattiri, Artea eta Diseinua alorrean jaso duen tesi onenaren sariarekin, 500 libra eta erakundearen bi aldizkarietan artikulu bat idazteko aukera eman dizkio.

Laura Menattik 2014ko urrian irakurri zuen tesia, José Ignacio Galparsoro irakasleak zuzendua, UPV/EHUko Filosofia Sailean. Lanaren helburua da paisaiari eta paisaiaren eta ingurumenaren gaineko ikuspegiari buruzko teoria oso bat azaltzea, kulturaren, naturaren eta etikaren alderdiak aintzat hartuta. Gainera, hiru ikerketa maila nagusi uztartzen ditu: lehenengo mailan, paisaiak leku eta espazio gisa duen balioa aztertzen da kulturaren aldetik, filosofian, giza geografian, soziologian eta artearen teorian oinarrituta, eta paisaia kulturaren produktutzat jotzen da. Bigarren ikerketa mailan, paisaia eta paisaiaren teoria psikologiaren, ekologiaren eta affordance (objektu edo giro batek gizabanakoari zerbait egitea ahalbidetzeko daukan gaitasuna) direlakoen teoriaren bidez naturalizatu nahi dira. Tesiak gainditu egin nahi ditu paisaiaren teoriak oraindik dauzkan muga teorikoak, eta paisaia aztertu nahi du, gaur egun ingurumenaren eta ekologiaren inguruan dauden teoriak erabilita. Azkenik, hirugarren mailan kolektiboaren kontzeptua aztertzen da etikaren aldetik. Menattik sakonago landu du paisaiarako eskubidearen ideia; zehazki, paisaia osasuntsu eta kulturalki aberats batean bizitzeko eskubidearena.

Egileari buruz

Laura Menatti (Sondrio, Italia, 1979) Filosofian lizentziatu zen bere jaioterrian, eta Estetikako Doktoretza lortu zuen Pavían, Italian. Bigarren doktoregoa Euskal Herriko Unibertsitatean egin zuen, "Mundu Globalerako Filosofia" master eta doktorego programaren barruan (nazioarteko tesi bat idatzi zuen ingelesez, eta bikain Cum Laude kalifikazioa lortu). Gaur egun Santiagon bizi da, Txilen. Ikerketa eta didaktika lanak egiten ditu han, eta elkarlanean aritzen da Txileko Unibertsitatearekin (Zientzia Fakultatea), Garapenerako Unibertsitatearekin (UDD, Medikuntza Fakultatea, Santiago) eta IFICCrekin (Filosofiaren eta Konplexutasunaren Zientzien Institutua, Santiago). Horrez gain, UPV/EHUko Filosofiako irakasleekin ere lan egiten du, paisaiari eta osasunari buruzko zientzia artikuluak idazten.