euskaraespañol

Bizkaia Aretoak hartu ditu 2014an Bizkaian ospatu ziren kongresu eta bilera guztien %11

478 ekitaldirekin, UPV/EHUk Abandoibarran duen egoitza aktibitate gehien izan zuen guneetako bat izan zen lurralde osoan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/03/09

Bizkaia Aretoa

Bizkaia Aretoak, Euskal Herriko Unibertsitateak Abandoibarran (Bilbo) duen jakintza guneak, joan zen 2014. urtean Bizkaian ospatu ziren kongresu eta bilera guztien %11 hartu zituen, lurraldean mota honetako jarduerak hartzen dituzten egoitzen artean postu garrantzitsuenetan kokatuz.

Zenbaki totaletan, 2014an Bizkaia Aretoan 478 ekitaldi ospatu ziren, aurreko urtean baino ehun bat gehiago. Beraz, %23 hazi da kopurua. Guzti horien artean, 31 kongresu (14 nazioartekoak), 263 jardunaldi eta konferentzia, 28 ikuskizun eta 30 erakusketa. Guztira, 44.000 lagun inguruk parte hartu dute ekitaldi horietan. Erabiltzaile hauek gogobetetasun-inkestak bete zituzten, instalakuntzen kalitatea eta eskaini zaien zerbitzuari puntuazioa emanaz, eta Bizkaia Aretoak lortu zuen batez besteko nota 9,32koa izan da. Bikain!

2014an Bizkaia Aretoak dituen eremu desberdinen 1.328 erreserba egin ziren, eta horrek %96ko okupazio-indizea eta egunean batez beste 4,7 aretoren erabilera suposatu zuen. UPV/EHUk antolatu zituen ekitaldi guztien %81.

Goranzko ibilbidea

Hector Hernando Bizkaia Aretoko zuzendariaren ustez, "erabiltzaileei lehen mailako prestazioak eta kalitate handiko zerbitzuak eskaintzen die Bizkaia Aretoak. Eta hori islatzen da bai urterik urtera gorantza doan ekitaldien kopuruan zein horien aniztasunean ere. Gainera, UPV/EHUren egoitza hau izaten ari den estrategia-inpaktua oso positiboa da, 2011an inauguratu zenetik %300 inguru igo baita Unibertsitateak berak arlo honetan Bizkaian burutu duen jarduera".

Bere aldetik, Carmelo Garitaonandia, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordeak adierazi duenez, "abian daramatzan lau urteetan, Bizkaia Aretoak goranzko ibilbidea eraman du eta unibertsitateko zein unibertsitateaz kanpoko Bilboko eta Bizkaiko kultur eskaintzaren eta biltzar eta bileren antolaketaren erreferente nagusietako bat bezala finkatu da". "Jarduera zientifiko eta kulturalez osatutako egitarauarekin", jarraitzen du Garitaonandiak, "Bizkaia Aretoak zuzenean lagundu du Unibertsitatearen helburu nagusietako bat gauzatzen, hala nola, ezagutzaren zabalkuntza eta zientziaren garapena eta difusioa".

Bizkaia Aretoa Alvaro Siza, 1992an Pritzker saria irabazitako arkitekto portugaldarrak, diseinatutako eraikina da. BBKk laga dio eraikina Euskal Herriko Unibertsitateari. Bilboko gune enblematiko batean kokatuta, Abandoibarran, Guggenheim Museoa eta Euskalduna Jauregiaren artean, Iberdrola dorrearen itzalean, Bizkaia Aretoak lau entzunareto ditu (Mitxelena, 440 tokirekin, Baroja, 160rekin, Oteiza, 90ekin, eta Arriaga, 65ekin), lau erakusketa gela (Chillida, Axular, Etxepare eta Laboa, guztien artean 500 metro karratu baino gehiago dituztenak), hainbat bilera gela, 400 metro koadro dituen hall bat eta Abandoibarra pasealekura begira dagoen lorategidun terraza bat, Mentxu Gali eskainia.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa