euskaraespañol

Apirilean, lehen bisita Punta Begoñako Galerietara

1.320 lagunek ezagutu ahal izango dituzte UPV/EHUko ikerketa taldeak eraikina birgaitzeko egiten ari diren lanak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/03/16

(Beste leiho bat zabalduko du)

Datorren apirilaren 2an hasiko dira bisita gidatuak Punta Begoñako Galerietara, jende guztiak zuzeneko aukera izan dezan Getxoko eraikin historiko hau lehengoratzeko egiten ari diren lanak. UPV/EHUko diziplinarteko talde bateko kideak eta udal teknikariak  egiten ari diren birgaitze-prozesu guztian zehar herritarrek parte hartzeko gauzatuko diren ekintzetako lehena izango da.

Guztira, 66 bisita programatu dira apiril osorako, goiz eta arratsaldez – 12:00 eta 18:30ean astegunetan eta 11:00, 12:00, 17:30 eta 18:30ean asteburuetan- , eta 1.320 lagunentzako lekua izango da (20 lagun bisita bakoitzeko). Eguneko bi bisita egingo dira, baina asteburuan bikoiztu egingo da bisita kopurua. Oro har, herritar guztientzat egongo dira zabalik, baina aldez aurretik izena eman beharko da udal webgunearen bitartez (www.getxo.net), datorren astelehenetik, martxoaren 23tik aurrera. Ikastetxeentzako bisitak ere antolatuko dituzte.

Imanol Landa Getxoko alkateak honako hau adierazi du gaur: "Bisita hauekin, oro har, herritarrak bertaratzea nahi dugu eta egiten ari den ikerketaren lehen emaitzak erakutsi, ondoren galerietan modu egokian eta Unescok ezarritako irizpideak betez esku hartzeko. Berebiziko garrantzia duen proiektua da, izan ere, gure ondare arkitektoniko eta historikoko harribitxi handienetakoa diren galeriak berreskuratzeko eta balioan jartzeko prozesuari ekitea ahalbidetuko baitigu. Turismoarentzat oso erakargarria da, eta ondorioz, udalerriarentzat aberastasun-iturria". Aste Santuko oporraldia aprobetxatuz egingo dira lehen bisita hauek, jende gehiago hurbiltzea bermatuko baitu.


Amaia Maseda Hedakuntzaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak adierazi du: "Punta Begoñako Galeriak balioan jartzeko proiektua Unibertsitatearen ezaguerak gizartearen zerbitzura jartzen direneko adibide on bat da. Kasu honetan, Getxo eta bere instituzioen zerbitzura". "UPV/EHUK hainbat espezialista ipini ditu proiektu honen zerbitzura: Kimika Analitikoa, Hidrogeologia, Arkitekturaren Arkeologia, Arte eta Zaharberritzea eta Ekonomia alorrekoak, asmo handiko proiektu honen alderdi guztiei ekiteko. Hemendik aurrera egingo diren bisitek agerikoagoa egingo dute gure instituzioen baterako lana", erantsi du.

Kanpoaldean egokitutako dorrearen bitartez, bisitariak eraikineko barrualdera sartu ahal izango dira, hango aretora, non gidari espezializatuak arduratuko diren bisita zuzentzeaz: jendeari galerietako barrualdean egiten ari diren lanak erakutsiko dizkiote, proiektuaren planaren nondik norakoak eta orain arte lortutako emaitzak ere azalduko dizkiete. Argibide-panelak egongo dira eta eraikinarekin nolabaiteko harremana duten pertsonen testigantzak jasotzen dituen dokumentala emango dute, tartean jatorrizko jabea zen Horacio Echevarrietaren bi ilobena. Juan Manuel Madariaga UPV/EHUko aditu taldearen koordinatzaileak azaldu duenez, bisitan zehar eraikinaren alderdi harrigarriak aurkitu ahal izango dira, esate baterako, galeriak "XX. mendeko eraikuntzaren goi mailako teknologiaren adibidea direla. Duela 100 urte Getxora ekarri zuten Manhattanen egiten ari zirena".
Datozen hilabeteetan bisiten bigarren zirkuitu bat izango da, galerietako gune berriak ezagutzeko.

Punta Begoñaren proiektu estrategikoa ezinbestekoa da Getxoko, Bizkaiko eta Euskadiko ondare arkitektoniko eta historikoa berreskuratzeko eta balioan jartzeko, eta horregatik Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren babesa dauka. 12 urteko denboraldian egingo da, hirurtekoetan banatuta. Hirurtekoen lehenengoak, bisita hauek barne hartzen dituena, 2,1 milioi euroko aurrekontua du.
 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa