euskaraespañol

UPV/EHUko ikertzaileek WOP Funding proiektuetako bat lortu dute

Ikerketaren helburua da aurrera egitea gaixotasun neurodegeneratiboetarako terapia berrien aurkikuntzan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/03/31

Irudia
Carlos Matute UPV/EHUko katedraduna eta Mikel Renteria WOP Fundazioko presidentea

UPV/EHUko ikertzaile Susana Matok eta Carlos Matutek (Achucarro Basque Center for Neuroscienceko kideak) gaixotasun desmielinizatzaileentzako terapiei buruz zuzentzen duten proiektuak lehenengo lekua lortu du WOP Funding 2015 nazioarteko deialdian. Proiektuaren izenburua Evaluating the Therapeutic Potential of Endocannabioid Hydrolysis in Myelin Diseases da eta helburua da bi proteinaren (MAGL eta ABHD6) inhibizioaren ahalmen terapeutikoa neurtzea, gaixotasun desmielinizatzaileen (esate baterako, esklerosi anizkoitza, leukodistrofiak, Alzheimerra edo Parkinsona) tratamenduan.

WOP Funding proiektuak ahalbidetu egingo du ikertzaile esperientziadun bat urtebetez kontratatzea, ikerketa honetan modu esklusiboan jarduteko.

Proiektuaren hasiera bateko hipotesia da organismoko osagai kanabioide ugarienetako bat (2-AG deitutakoa) degradatzea eragozten duten farmakoek areagotu egingo dutela osagai horrek burmuineko sistema endokanabioidea aktibatzeko ahalmena. Hori onuragarri izan liteke gaixotasun desmielinizatzaileak dituzten gaixoentzat.

"Helburua da bi proteina horiek blokeatzen dituzten osagaien jarduera ebaluatzea. Hain zuzen ere, proteina horiek dira burmuinean 2-AG degradatzen duten entzima nagusiak" azaldu dute Susana Matok eta Carlos Matutek.

Horretarako, aztertu egingo da proteina horietako bakoitza inhibitzen duten famakoetako mielinaren eraginkortasuna, babesle eta konpontzaile gisa, mielinak kaltetutako animalia ereduetan.

The Walk On Project

WOP Fundazioak Bilbon du egoitza eta zenbait jardunbide ditu. Jardunbide horietan aritzean sortutako funtsekin finantzatzen dira, besteak beste, gaixotasun neurodegeneratiboetarako terapiak bilatzeko ikerketa proiektuak, WOP Funding izeneko deialdi publikoaren bidez. Abiarazi zenetik, programa horrek 260.000 euro bideratu ditu ikerketara.

WOP Funding 2015 deialdia 2014aren erdialdean argitaratu zen, eta hainbat herrialdetako proiektuak aurkeztu ziren; besteak beste, Espainiakoak, Erresuma Batukoak, Esloveniakoak eta Italiakoak. Carlos III Osasun Institutuko adituen panel independente batek eta Osasun Ministerioaren mendeko ikerketa erakunde batek ebaluatu dituzte proposamenak, eta UPV/EHUko eta Achucarro zentroko ikertzaileek zuzendutakoak lortu du panelaren balorazio onena, WOP Fundazioaren baloreetara ondoen egokitzen dena delako.

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa