euskaraespañol

Jatorri ekuadortarreko herritarren erdiek baino gehiagok naziotasun bikoitza dute

UPV/EHUko Ikuspegik estatuko ikerlaneko lehen emaitzak aurkeztu dizkio Ekuadorko Kanpo Harremanen ministroari

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/05

Ikuspegik, UPV/EHUko Immigrazioaren Euskal Behatokiak, "Características de la Población de Origen Ecuatoriano residente en España" azterlanaren aurrerapena aurkeztu du; Ekuadorko Gobernuak eskatu du ikerlan hori egiteko. Azterlanetik ateratako lehen emaitzen artean, nabarmentzekoa da kolektibo horrek administrazio eta lege egonkortasun handia duela Espainian; horren ondorioz, herritarren erdiek baino gehiagok naziotasun bikoitza dute. Bestalde, azpimarratzekoa da krisiak ekuadortarren kolektiboan duen eragina ere.

Ikuspegi UPV/EHUko Immigrazioaren Euskal Behatokiak eta Comillas Eliz Unibertsitateko Migrazio Ikerketen Unibertsitate Institutuak egin dute azterlana, Ekuadorrek Espainian duen enbaxadaren babespean. Ikuspegiko zuzendari Gorka Morenok eta Comillas Eliz Unibertsitateko Migrazio Ikerketen Unibertsitate Institutuko ikertzaile Juan Iglesiasek lehen ondorioak aurkeztu dizkiete, Madrilen, Ricardo Patiño Kanpo Harremanen eta Giza Mugikortasunaren ministroari, María Landazuri Giza Mugikortasunaren ministrordeari eta Miguel Calahorrano Ekuadorrek Espainian duen enbaxadoreari.

Emaitzen artean, hauxe nabarmendu du Gorka Morenok: "ekuadortarren kolektiboaren lege egonkortasuna azpimarratu behar da, krisiaren eraginarekin batera. Horri dagokionez, ikusi dugu asko handitu dela langabezia tasa eta gutxitu egin direla diru sarrerak; horrez gain, murriztu egin dira aurrezteko gaitasuna eta Ekuadorrera egindako bidalketak. Halaber, egoera ekonomikoek etxebizitzan duten eragina islatzen da azterlanean. Hala, jatorri ekuadortarreko herritarren artean, ugaritu egin dira alokatzeko etxebizitzak; jabetzak, berriz, urritu egin dira. Aldi berean, etxegabetzeek eragin nabarmena izan dute, eta etxebizitza ordaintzeko zailtasunak areagotu egin dira".

 

 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa