euskaraespañol

Enpresak kudeatuz ikasten

UPV/EHU aitzindaria da negozioak kudeatzen ikasteko enpresa simulatuen ezarpenean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/04

Enpresa simulatua
Enpresa simulatuaren kideak

UPV/EHUko Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolak UAES (unibertsitateari aplikatutako enpresa simulatua) proiektua abiarazi du. Ekimen aitzindaria da gure herrialdean eta enpresa zientziak-eremuan, ahalbidetu egiten duena ikasleek enpresa bat sortzea eta kudeatzea, eguneroko arazo errealei aurre egiteko eta konpontzeko, eta horrek dakartzan arriskuari aurre egiteko. Kasu honetan, Negozioen Kudeaketako Graduko ikasleek Elkano Global Security, SLS sortu dute. Enpresa simulatua da, "Europen-Pen International" sarean kokatutakoa (42 herrialdetan beste 7.500 enpresa ditu).

Asier Altunak, Iñigo Fernándezek, Sergio Garcíak David Laitak, Jonathan Medinak, Iker Muñozek, Elena Riañok eta Leire Vicok sortu dute Elkano Global Security, SLS, eta segurtasun zerbitzu integralak eskaintzen dituzte, "Europen-Pen International" sarearen esparruan. Halaber, loturak dituzte Alemaniako, Hego Koreako eta AEBko beste enpresa simulatu batzuekin.  Elkano Global Security, SLS  enpresa osoa kudeatzen dute eta hor egiten dituzte graduko praktikak.

UAES proiektua Hezkuntza Berrikuntzako (Pie) proiektua da, Enpresa Ikasketen UEko zuzendari Pedro Gómezek koordinatzen duena. "Metodo berritzailea da hau, ahalbidetu egiten duena errealitatetik eta lehenengo pertsonan ikastea. Horrela, enpresa osatzen duten pertsonek aurre egin behar diete erronka eta egoerei, ikasgelan jasotako ezagutzekin" azaldu du Gómezek.

Hezkuntza esperientzia horrek konbinatu egiten ditu ikaskuntza eta erabaki errealak hartu beharra, eta oinarri ditu ikaskuntza kooperatiboa eta proiektuetan oinarritutako ikasketa. Filosofia horrek, halaber, Euskal Herriko Unibertsitatearen IKD Ikaskuntza Kooperatiboari eta Dinamikoari erantzuten dio. "UAES ikaskuntzako metodologiak ohiko ikasgelatik enpresa simulatura lekualdatzen ditu ikasleak. Enpresaren kudeatzaile bihurtzen da, helburuak planteatzen ditu eta negozio ideiak proiektatzen ditu. Horrela, lankidetzan aritzen dira sormenarekin, ilusioarekin eta egin nahiarekin" adierazi du Néstor Lázarok, enpresa simulatuaren koordinatzaileak. Hain zuzen ere, bere Gradu Amaierako Lana (karrera amaierako 2013/2014ko aparteko saria) izan da unibertsitatean enpresa simulatua bultzatzeko motorra.

Praktiketarik harago

Enpresa simulatuak ikaslea ahalduntzen du enpresa bat osorik kudeatzeko; halaber, tresnak eta ezagutzak ematen dizkio bere negozioa abiarazi nahi duenari. "Simulazioa gai da ohiko praktiken berezko mugak gainditzeko; izan ere, proiektuan parte hartzen dutenek orain enpresako sailetan lan egiten dute eta errotazioan dabiltza. Bestalde, Negozioen Kudeaketako Graduan eskuratutako gaitasunak praktikan jartzen dituzte eta antolakuntzaren eta bere funtzionamenduaren ikuspegi orokorra lortzen dute", Eskolako irakasle Ana Bilbao-Goyoagak baieztatu duenez. Beste alde batetik, Irene Barainca irakasleak (berak ere proiektuan esku hartzen du) hau nabarmendu du: "hasieratik antzematen da benetako lan giroa; pertsona bakoitza egokituta dago bere lanpostura, eta talde osoak lankidetzan dihardu, egunez egun areagotzen den motibazioak bultzatuta".

Ekiteko/lan egiteko modu horrekin, enpresa simulatua garatzen dutenek autonomiaz erabakitzen dute, eta irtenbideak bilatzen dizkiete edozein negozioren edo erakunde baten kudeaketaren arazoei. Lan inguruan eta arrisku kontrolatuarekin hartutako erabakiak eta irtenbideak dira. Gainera, Graduan irakasten den partzelazioa eta zatitzea gainditzen da, eta diziplinartekotasunerantz aurrera egiten da. Esperientzia aitzindari horren helburua da prestakuntza ematea egungo munduko errealitate konplexuak ulertzeko eta horietara egokitzeko eta, beraz, lan munduan sartzeko.

 

 

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa