euskaraespañol

María V. Acebes Gómez (1959-2015) hil da

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/08

Irudia

Gure lagun eta adiskide maitagarri María V. Acebesek 2015eko apirilaren 20an utzi gintuen, gaixotasun luze eta larri baten ondoren. Galerak erabat penaturik utzi gaitu.

María V. Acebes Mikrobiologiako irakasle titularra zen UPV/EHUko Farmazia Fakultatean. Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatu zen Salamancako Unibertsitatean, eta Mikrobiologian eta Parasitologian espezializatu zen. Klinikan denbora tarte laburra egin ondoren, bere prestakuntza osatzeko, master bat egin zuen Montrealeko Unibertsitatean, eta Medikuntzan eta Zirujian doktoratu zen. 1987an, Montrealetik itzuli ondoren, Mikrobiologiako irakasle gisa hasi zen Arabako Unibertsitate Ikastetxeko Medikuntza Lizentziaturan; ondoren, UPV/EHUko Farmazia Fakultatean aritu zen, eta bertan garatu zuen bere ikertzaile eta irakasle ibilbidea, harik eta gaixotasunak nahi baino lehenago baztertu beharra ekarri zion arte.

Urteotan harekin partekatu ditugu Mikrobiologiaren inguruko pasioa eta irakaskuntzaren inguruko maitasuna: gogor jardun zuen horretan, ezagutza ez ezik, bere bizitasuna eta bizitzaren ikuspegia ere transmititzen. Irekia eta hurrekoa zen, ardura eta interes etengabea zuen ikasleen inguruan, eta haiei ematen zien bere denboraren zati handi bat, prestakuntza akademikoa, zientifikoa eta humanoa ere ematen. Bere interesa islatu zen irakaskuntzako batzordeetan eta Farmaziako Graduko ikasketa plan berrietan izandako partaidetza aktiboan. Mikrobiologia bere zaletasun handienetako batekin bateratu zuen: literaturarekin. Horren erakusgarri da azken urteotan Farmaziako lizentziaturan antolatutako eta emandako "Las enfermedades infecciosas en la literatura no especializada" irakasgaia, biziki gozatu zuena eta gozarazi ziena berarekin partekatu zutenei.

Berarekin aritzeko zortea izan dugunok gogoratuko dugu Maria profesional handia zela, zorrotza eta bere lanarekin maitemindua, baina, batez ere, bere eskuzabaltasuna eta tratua gogoratuko ditugu; beti positibo, arretatsu eta kezkati zebilen bere ingurukoekin. Sortzetiko borrokalari izanik, irmotasun eredugarriarekin eta bizitzari jada emandakoa eskertuz egin zion aurre arazoari.

Sasoi latzotan lankideen maitasuna eta estimua helarazi nahi diegu haren senide eta hurrekoei. Maria, gure eskerrak eta errespetua. Beti gogoratuko zaitugu.

 

Ester Suñén
Farmazia fakultatea