euskaraespañol

Tuberkulosiaren inguruko erakusketa Medikuntzaren Historiaren Museoan

Ikertzaile talde zabal batek prestatu du 'Tuberkulosia, Ledo anbulatorioak 100 urte bete ditu' esposizioa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/18

Irudia
Mundu guztian, oraindik ere, 9 milioi pertsona gaixotzen dira urtean

1915eko maiatzaren 17an ireki zen Ledo anbulatorioa, zeinak bere sortzailearen izena daraman, Francisco Ledo medikua (Santiago de Cuba, 1858- Bilbao, 1926), hain zuzen. Bilbon, eta Santa Marina ospitalearekin batera, tuberkulosiaren aurkako borrokaren euskarrietako bat izan zen anbulatorioa. Tuberkulosia zen, hain zuzen ere, XX. mendearen hasierako gaixotasun larrienetako bat, heriotza gehien eragiten zituena.

Zehazki 100 urte igaro direnean, 2015eko maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko eguna dela aprobetxatuz gaur, UPV/EHUko Medikuntzaren Historiaren Museoak erakusketa berezi bat ireki du tuberkulosiaren inguruan, Tuberkulosia, Ledo anbulatorioak 100 urte bete ditu. Ikertzaile talde zabal batek prestatu du.

Anton Erkorekak, Medikuntza Historiaren Museoko zuzendariak eta erakusketako komisarioak, berriz agertzen diren gaixotasunen artean kokatu du patologia hori, eta adierazi du mundu guztian 9 milioi pertsona gaixotzen direla urtean. "Horietatik 1,5 milioi hiltzen dira", azpimarratu du Erkoreka. OMEren arabera, erresistentzia anitzeko tuberkulosiek milioi erdi gaixo eragiten dituzte urtean. Horien % 10 ultra erresistenteak dira, eta zailtasun izugarriak dituzte terapia emateko.

Kasuak Erdi Aroan

Jatorrian, gaixotasun hori zoonosia da, behiei eragiten zien patologia eta, Neolitikoan, gizakietara igaro zena. Orduz geroztik eragiten digu. Francisco Etxebarriak, UPV/EHUko irakasleak eta auzitegiko medikuak, eta Lourdes Errastik, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak, egin dute Arabako nekropoliseko (Erdi Aroa) lehenengo kasuen paleopatologia eta identifikazioa.

José Ramón Gurpeguik, Medikuntza eta Odontología Fakultateko irakasleak, eta Begoña Madarietak, Medikuntza Historiaren Museoko administratzaileak, gaixotasunaren berrikuste historikoa egin dute, "tisis"-a Corpus Hipocraticumean lehenengoz deskribatu zenetik Robert Kochek 1882an mikroorganismo eragilea aurkitu zuen arte. Diagnostiko eta tratamendu lanetan erabilitako medikuntza tresna guztiak (X izpiak, bronkoskopioak, pneumotoraxa, etab.) museoaren funtsekoak dira, eta batzuk jendaurrean ikusgai daude.

Beste ikerlari batek, Juan Gondrak, Bilboko Udaleko medikuak, XIX. eta XX. mendeetako Bizkaiko tuberkulosia ikertzen du, baita hartu ziren neurriak, medikuak eta agertu ziren erakundeak ere. Halaber, Ricardo Francok, medikuak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kideak, eta ikertzaile talde zabal batek gaixotasunaren eragina eta XX. mendeko azken hamarkadetako eta mende honetako bilakabidea aztertu dituzte. Gaur egun, Bizkaian 200 kasu diagnostikatzen dira urtean, eta % 30etik gora immigranteak dira.

Kepa Lizarragak, Bizkaiko Foru Aldundiko medikuak eta erakusketako beste komisarioak, ikertu du tuberkulosiaren aurkako Ledo anbulatorioaren hasiera, orain dela mende bat sortu, 1943an handitu eta 2008an desagertu zena. Ikertzailea anbulatorioaren sortzaile Francisco Ledoren bizitza eta pandemia horren aurkako ekarpena ere aztertzen ari da.