euskaraespañol

Europak eredugarritzat jo du Donostiako Eskola Politeknikoa

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/19

Irudia

Europar Batasunak UPV/EHUren Donostiako Eskola Politeknikoa nabarmendu du URBACT programan, eta Donostiako Surf City klusterra ere aipatu du. Urbact programaren helburua da jardunbide egokiak trukatzea Europako hirien artean, ekonomia, gizartea eta hiri ingurumena integratzeko tokiko politikak sortzeko. Programa honetan parte hartzen duten hirietako bat da Donostia, eta adibide ontzat jo dute orain dela gutxi, Rigan (Letonia) egindako nazioarteko topaketan. Zehazki, UPV/EHUren Donostiako Eskola Politeknikoa eta Donostiako Surf City klusterra aipatu zituzten (azken hori Donostiako Sustapena Sailak bultzatu du), unibertsitateak, hiriak eta negozioek enplegu eta garapen aukera berriak sortzeko duten lankidetzaren helize hirukoitza ilustratzeko adibide gisa. Surf oholen berrikuntzako lehiaketa ere aipatu zuten: Donostiako Surf City klusterrak egin zuen eta UPV/EHUren Donostiako eskola politeknikoak lehenengo bi sariak irabazi zituen.

 

 

2014/2015erako URBACT programak Europako hiriei aurkezten dizkie egiten diren jardunbide onak, oinarrian lau ardatz hartuta:
• Hiri ekonomia berriak.
• Gazteentzako lanpostuak hirietan.
• Gizarte berrikuntza hirietan.
• Eraberritze iraunkorra hiri eremuetan.

URBACTeko lau taldek aztertu dituzte esparru horiek. Diziplina anitzeko profesionalek osatzen dituzte, hala nola esparru horietan lanean diharduten Europako unibertsitateetako eta Europako zein nazioarteko programetako ordezkariek.

Azterlanaren emaitzak 'URBACT II capitalisation, april 2015: New urban economies. How can cities foster economic development and develop new urban economies' argitalpenean kaleratu dira. Hor, kapitulu bat eman diete UPV/EHUren Donostiako Eskola Politeknikoari eta Donostiako Surf City klusterrari.