euskaraespañol

Luis Badosa Conillen oroimenez

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2015/05/28

Irudia
"Luis", David Garcíak margotu du (Liho gaineko olio-pintura, 100x100 cm, 2010)

Lagun batek esaten zuen UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko katedradun eta margolari Luis Badosa Conill dela eta, gaztelaniaz mintzo zela, katalanez kontatzen zuela eta euskaldun erara pentsatzen zuela. Joan den maiatzaren 18an hil zen Luis Badosa, eta haren errautsak haren jaioterrian (San Joan Les Fontsen -Girona-) eta euskal lurraldeko lekuren batean (oraindik ez dute zehaztu) utziko dira.

Herri horretan, Olotetik hurbil, jaio zen Luis Badosa, 1944an. Magisteritza ikasi zuen Gironan eta, ondoren, Arte Ederrak Bartzelonan. 1970ean Euskal Herrira etorri zen eta Arte Ederren Goi Eskolaren sorreran parte hartu zuen. Gerora, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultate bihurtu zen. Bere jarrera ona, antolatzaile lana eta zentzu komuna baliatu zituen, denborarekin, maitasunarekin eta ahaleginarekin batera, ikastegi berri hori sortzeko.

Esan ohi zuen Bilbon instalatu zenean (inoiz utzi ez zuen San Francisco auzoko etxe batean) fabrika baten barrenean bizitzen hasia zela sentitu zuela. Fabrika paisaia horrek eragina izan zuen haren pinturan (70eko hamarkadan, industria egiturak eta makroegiturak garrantzitsu izan ziren haren lanetan, non kolore bizi eta adierazgarriak erabili baitzituen), bai eta haren doktorego tesian ere: industria formek XX. mendearen hasierako artean izandako eragina aztertu zuen.

1982an Iruñeko Zezen Feriako afixa prestatu zuen, eta orduan sartu zuen animalia mitikoa "zezenen seriea" delakoa osatzen duten obretan. Serie horretan azpimultzoak garatu zituen errituen, mitoen, Erosen eta Thanatosen inguruan. Halaber, erlijioaren ikonografiari heldu zion: egitura zaurgarriak dituzten zezenak, begirada sarkorrak dituzten buruak, margolariak harrapatutako pertsonaien psikologiak islatzen dituzten toreroen erretratuak. "Arteak, maila guztietan, subkontzientera jotzen du. Nire ustez, artea bihotzera heltzea da" azaldu zuen 2000. urtean, Campusa aldizkarian emandako elkarrizketa batean.

Bestalde, lantzen zituen materien inguruko artikuluak argitaratu zituen: egungo artearen industria ikonografia, artearen garrantzia etorkizuneko industria museoetan, kolorearen psikologia eta sinbologia, zezenen sinbologia, artea eta ingeniaritza, artea eta teknologia, etab. Gai horiei buruzko hitzaldiak eman zituen Espainian, Portugalen eta Frantzian. Halaber, parte hartu zuen nazioarteko biltzarretan, industria ondarea baloratzeari buruzko foroetan, Parisko Sorbona Unibertsitatean eta Menendez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatean, besteak beste.

Haren obra museoetan, erakundeetan eta bilduma partikularretan barreiatu da: Museo de Arte Contemporáneo museoan (Reina Sofía), Bilboko Arte Ederren Museoan, Gasteizko Arte Ederren Museoan, Villafamésko Arte Garaikidearen Museoan (Castello), Institut d'Estudis Catalans institutuan, Garrotxa Eskualdeko Museoan (Olot, Girona), Museo del Trabalho museoan, Giacometti Museoan, Setúbalen, Água da EPAL museoan (Lisboa), Euskal Herriko Unibertsitatean, Valentziako Unibertsitate Politeknikoan, finantza erakundeetan, hoteletan, etab.

UPVH/EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa eta Pintura Saileko zuzendaria izan zen. Halaber, Fabrikart aldizkariaren alma mater izan zen: argitalpen horrek lotu egiten ditu artea, teknologia eta industria, eta bereziki harro zegoen aldizkari hori dela eta. Azken zenbakia, 11.a, iaz argitaratu zen El enigma de lo nuevo izenburuarekin.

Hainbat doktorego tesi zuzendu eta epaimahaietan parte hartu zuen, hala tesikoetan nola katedretakoetan. Nolanahi ere den, Arte Ederren Fakultateko irakasle gisa egindako ibilbide luzearen ezaugarri nagusia Pintura I irakasgaia irakatsi izana da; etenik gabe eman zuen, 1970etik 2014an 70 urterekin erretiratu zen arte. "Klaseak emateak ahalbidetu egin dit ekarpenak etengabe egiten dituen gazteriarekin hartu-emanean egotea; hainbat kontzepturen inguruko zalantza eragiten dizute. Irakatsi behar izan ez banu, ez nituzkeen argira ekarriko" esan zuen, inoiz galdu ez zuen azentu katalanarekin. Luis Badosa irakasle karismatikoa, berezia, pasioduna, inteligentea, irekia, azkarra eta malgua izan zen. Irakasle baloratua eta hurrekoa izan zen, eta bere babesarekin eta gidaritzarekin lagundu eta animatu zituen beragana hurbildu zirenak. UPV/EHUren Arte Ederren Fakultatea oso zati garrantzitsua zen haren bizitzan. Haren ikasleek eta unibertsitateko kide guztiek, zalantzarik gabe, haren hutsunea igarriko dute.