euskaraespañol

9.552 ikaslek egingo dute Unibertsitatera sartzeko proba UPV/EHUn

Lanbide Heziketako 650 baino gehiago ere aurkeztuko dira

Lehenengo argitaratze data: 2015/06/08

Asteazkenean, ekainak 10, aurten Euskal Autonomia Erkidegoan Batxilergoa bukatu duten 9.552 ikaslek Unibertsitatera sartzeko probak hasiko dituzte UPV/EHUn, iaz baino % 2,78 gehiagok. Igoerak hiru campusetan gertatu dira: Araban, % 4,78 gehitu da, Bizkaian % 5,01, Gipuzkoan % 0,73 jaitsi den bitartean. Ikasleen % 54,04 emakumeak dira, eta % 45,96 gizonak.

Batxilergoko ikasleez gain, goi mailako heziketa ziklo bat egin duten eta fase espezifikora besterik aurkeztuko ez diren beste 651 ikasle gehitu behar dira. Etsaminak ostiralean bukatuko dira, hilak 12.

Probak bi fase izango ditu: orokorra eta espezifikoa. Fase orokorrak Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egin beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituzten ala ez neurtzea du helburu. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura; Filosofiaren historia edo Historia; Atzerriko hizkuntza eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko ikasgai baten azterketa, ikasleak nahi duena. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (%60 Batxilergoari dagokio eta %40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Fase espezifikoa borondatezkoa da eta haren helburua da neurtzea ikasleen ezagutzak eta arrazonatzeko gaitasuna arlo jakin batzuetan, alegia, unibertsitatean egin nahi dituen ikasketekin zerikusia duten arloetan. Fase honek aukera ematen dio ikasleari fase orokorrean lortutako kalifikazioa hobetzeko. Parte espezifikoan ikasle bakoitzak Batxilergoko bigarren mailako modalitateko edozein gai aukera dezake, fase orokorrerako aukeratu duena izan ezik. Gehienez lau gairen azterketak egin ahal izango dituzte fase espezifiko honetan. Eta, gehienez, 4 puntu eskuratu ahal izango dituzte. Gai bakoitzari 0 puntutik 10 puntura bitartean emango zaio, gutxienez 5 bat lortzen bada hartzen da kontuan, eta azkeneko nota aterako da borondatezko bi nota onenak eta haztatzeko parametroak biderkatuz. Haztatzeko parametroen baloreak 0,1 eta 0,2 dira eta unibertsitateak ezartzen ditu gaiak hautatutako graduarekin duen harremanaren arabera.

Unibertsitatera sartzeko probak ekainaren 10ean, asteazkena, 8:45ean hasiko dira eta 18:45ean bukatu. Bigarren egunean, osteguna, hilak 11, azterketak 9:00etatik 18:45era arte izango dira eta, hirugarren egunean, ostirala, 9:00etatik 15:00etara.

185 ikaslek egokitzapenak izango dituzte

Sarrera probetarako egokitzapenak behar dituzten desgaitasunak dituzten ikasleek beharrezko neurri, laguntza eta baliabideak izango dituzte azterketak egiteko. Premia bereziak dituzten 185 ikaslek egokitzapenak izango dituzte Sarrera Probetan. Neurriak denboraren egokitzapenean, giza baliabide, baliabide tekniko edo materialak izan daitezke eta, era berean, irisgarritasun arkitektoniko eta  komunikaziorako irisgarritasuna bermatua izango dute.

UPV/EHUk Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuaren bitartez protokolo bat garatua du desgaitasunak dituzten ikasleek Sarrera Probetan aukera berdintasuna, diskriminazio eza eta irisgarritasuna bermatua izan dezaten.

Informazio gehiago: https://www.ehu.eus/eu/web/unibertsitaterako-sarbidea/home/sartzeko-bideak

Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko ikasleak

 

  Gaztelania Euskara Guztira
Araba 563 753 1.316
Bizkaia 1.880 2.814 4.694
Gipuzkoa 667 2.875 3.542
GUZTIRA 3.110 6.442 9.552